Memoriaz eta arteaz jabetzea

Gasteizko Artiumek ikusgai jarri ditu Alejandro Cesarcoren 'Beste adibide berri batzuk' erakusketa, eta Mirari Etxabarri eta Irati Gorostidiren 'San Simon 62' ikus-entzunezkoa

Alejandro Cesarco artista uruguaitarra, atzo, Artium museoan. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Gasteizko Artium museoak elkarren artean «oso desberdinak» diren bi erakusketa zabaldu ditu. Ez dute elkarren arteko loturarik oinarrian, baina bat datoz biak museoaren ikerketa eta lan ildo nagusiekin, eta horrek egiten ditu osagarri. Izan ere, memoriaz dihardute biek, biografia bat eraikitzeaz, bilaketa lana egiteaz. Alejandro Cesarcoren Beste adibide berri batzuk erakusketak, esaterako, artearen eta idazteko moduen nahiz pedagogiaren artean sortzen diren elkarguneetan sakontzeko asmoa du. Mirari Etxabarri eta Irati Gorostidiren San Simon 62 ikus-entzunezkoa, berriz, hurbileko den baina, aldi berean, ezezagun den oroimen batera egindako gerturatze bat da. Irailaren 24ra arte izango da ikusgai lehenengoa; ekainaren 18ra bitarte bigarrena.

Askotariko euskarrietan egindako obrak biltzen ditu Alejandro Cesarcoren (Montevideo, Uruguai, 1975) erakusketak: testuetan oinarritutako piezak, argazkiak eta bideoak. Artistak azken hiru urteetan sortutakoak dira guztiak, eta irakaskuntzaren esperientziari buruzko gogoeta bultzatu asmo dute. «Ikasteko modu ezberdinei egiten die erreferentzia, eta horrek lotura du ezagutza sortzetik abiatuta artea ulertzeko moduarekin. Izan ere, arteak ezagutza sortzeko eredu izan behar du», adierazi du Cesarcok. «Erakusketak hori guztia artikulatzen du».

Beste adibide berri batzuk erakusketa ez da artistaren ibilbideari eskainitako atzera begirako bat, baina Cesarcok azken urteen egin duen bidea ezagutzeko «gakoak» diren artelanak ditu abiapuntu, Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariak azaldu duenez. Horietako bat da, hain zuzen ere, erakusketaren zatirik handiena hartzen duen obra: Index (An Educator). Oraindik idatzi ez dituen eta sekula idatziko ez dituen liburuetarako sortutako aurkibideak dira. Dozena bat orrialdetan idatzita, egilearen intereseko gaien, irakurgaien eta kezken bilakaera erakusten dute, eta balio dute artistaren «autorretratu bat» sortzeko.

«Nire lanetan maiz agertzen dira katalogazioa bezalako ideiak, eta kontuan hartzen dena bezainbat azpimarratzen dut kanpoan geratzen dena», adierazi du Cersarcok. Erakusten denaren eta erakusten ez denaren erakusgarri da, halaber, Figuratively ikus-entzunezkoa. Instagram bidez hautatutako gazte batzuk ageri dira kameraren aurrean, mutu, beren etorkizuna imajinatzen ari diren bitartean.

Bi aretotan dago banatuta erakusketa, baina ikusgai dauden lanak ez dira asko. Izan ere, artistak nahiago izan du espazioaren eta artelanen arteko loturetan sakondu. Bada, bigarren aretoan ikus daitezke, besteak beste, The Difference Between Thirty Two and Forty Five serigrafia, zahartzaroari buruz artistak duen beldurraren umorezko adierazpena; eta Learning the Language ikus-entzunezkoa.

Euskal Herrian nahiz Espainian Cesarkoren lanei eskainitako bakarkako aurreneko erakusketa da Artium museoan ikusgai jarri dutena. Lisboako Lumiar Cite/Maumause zentroarekin lankidetzan ekoitzi da, eta, hain zuzen ere, han jarriko dute urrian erakusketa, egokituta bada ere.

Komunitatean barneratzea

Zinemari eta ikus-entzunezkoei eskainitako Z aretoaren barruan ikus daiteke Gorostidiren (Eguesibar, Nafarroa, 1988) eta Etxabarriren (Iruñea, 1988) San Simon 62 film laburra. 1980ko hamarkadan, Lizason (Nafarroa) izan zen Arco Iris komunitateari buruzko kontakizuna da, modu batera edo bestera hara hurbildu ziren beren amen oroimena abiapuntutzat hartuta.

«Gerturatze bat da, bilaketa bat gure amen ibilbidea ulertzeko, eta geure inguruari buruzko gogoeta bat egiteko», esan du Gorostidik. Izan ere, lehen pertsonan eta «modu intimista batean» egindako filma da, egileentzat, erantzun bat bilatzeko ahaleginean oinarritzen dena: zerk eraman zituen bi zinemagileen amak Arco Iris komunitatera?

Egun klausurako mojak bizi diren eraikinean topaketa jendetsuak egin zituzten urte haietan, kontrakulturaren edo new age mugimenduaren testuinguruan.Bi zinemagileek urteak zeramatzaten horren inguruan ikertzen, harik eta Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak proiektuari forma ematen hasteko aukera eman zien arte.

Testigantzak bildu dituzte bi zinemagileek filmean: komunitateko kide izan zirenenak, bertan monitore aritutakoenak, han jaio zirenenak... Eta garai hartako argazkiekin nahiz irudiekin josi dute kontakizuna. Edonola ere, ez dute komunitatearen erretratua egin nahi izan. «Ez dugu komunitatea zer izan zen azaldu nahi izan. Eta garrantzitsua da hori, ze jendeak hori espero du filma ikusterakoan. Kezka handia genuen horrekin, eta hasieratik saiatu ginen aldentzen».

Ohiko dokumental formatutik ihesi, esperimentazioa izan dute ardatz horretarako, eta begirada «erabat subjektiboa»; baita filmaketa bera ezaugarritu zuten Bolex kamera ere. Memoria eta biografia lotuta baitoaz lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.