Memoriaren trobadorearen ondarea, jasota

Txalapartak Fermin Balentziari eskainitako disko-liburu bat argitaratu du. Haren 31 abesti bi diskotan bildu dituzte, lehenbizikoz. Kantautoreak «lotsaz baina pozik» jaso du

Ane Eslava.
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Haren izena ezaguna da, baina are gehiago haren kantuak. Asko hainbat belaunaldi igaro eta herri abesti bihurtu dira; zenbaitetan, ikono. 50 urteko ibilbidea du Fermin Balentzia kantautoreak, eta nafar memoriaren trobadoretzat dute askok. Jotak eta bertsoak sortu ditu, koplak eta doinu zaharrak berreskuratu, eta Euskal Herriko mapan kokatu ditu Nafarroako hainbat eta hainbat txoko: Loiti, Larraga, Otsoportillo, Monteagudo, Ibardin...Baina inoiz ez ditu bere kantuak disko batean bildu; inoiz ez da estudio batean sartu. Hori dela eta, Txalaparta argitaletxeak haren ondarea jaso eta omenaldi bat egitea erabaki du; disko-liburu bat argitaratu du, haren 31 kantu, hainbat testu eta argazkirekin: Fermin Balentzia, Kantuari emana.

Balentzia Getzen (Nafarroa) jaio zen, 1948an, frankismo betean, eta gerraosteko giroak bizi osorako markatu zuen. Iruñean ikasi zuen, potasako meategian aritu zen lanean, eta sindikalismoan sartu zen gaztetatik. Haren belaunaldiko nafar askoren antzera, klase kontzientziatik heldu zen herri kontzientziara. «Bat-batean, konturatu nintzen euskalduna nintzela. Inoiz halakorik pentsatu ez zuen mutiko batentzat ezustekoa izan zen hura; nire herrian euskara galdua zegoen», adierazi du. Abertzaletasuna ezagututa, euskara ikasten eta hura berreskuratzeko lanean hasi zen.

Baliteke aitarengandik jaso izana musikarako grina, hark asko abesten baitzuen. Edonola ere, beti erakarri izan du musikak: ume zela, eskolako koruan parte hartzen zuen bakarlari gisa; eta gitarra maite zuenez, egun batean, ohol bat hartu, zerrarekin gitarra itxura eman, sokak jarri, zulo bat egin eta lepotik zintzilikatu zuen. Benetako gitarra bat eskuratu zuenean, belarriz ikasi zuen jotzen, eta abestiak sortzeko urratsa «naturalki» egin zuen: «Ez dut oroitzapen zehatzik lehenengo kantuaz, edo bigarrenaz». Lanean jarraitu zuen; profesionaltasunerako urratsa egin gabe, baina deitzen zuten guztietan kantatzen.

Kantuak sortzeko hunkitzen duten gertaeretan oinarritzen da. «Batzuek mitinak edo manifestazioak egiten dituzten bezala, nik, mugitzen nauen egoera bat dagoenean, abesti bat egiten dut». Bere abestiek konposizio xumeak dituzte, baina eduki sakonak. Eta horretan datza, haren ustez, horien arrakasta: «Abestiak oso sinpleak dira, baina egiak inoiz ez dira sinpleak, eta kantu horiek egiak esaten dituzte». Hala joan da sortzen herri kantutegira igaro diren hainbat abesti: Navarra tiene cadenas, Txantxangorria, Elogatzaga, El pantano de Lumbier, Alto Loiti, Euskal mutilak, La pastora de Ibardin, Si canta Tafalla... Errepresioaz, elkartasunaz, askatasunaz eta borrokaz mintzo dira abestiak, eta ondorioak izan ditu horrek: zentsura, jazarpena, atxiloketak eta isunak.

Memoria historikoaren berreskurapenari egin dion ekarpenak ere ezaugarritzen du Balentzia. Horregatik, Nafarroako memoriaren aldeko taldeek haren hautagaitza babestu zuten iaz Kulturaren Vianako Printzea saria jaso zezan. Ez zuen jaso, baina Iruñeko peñek Txupin Etxepare saria eman diote aurten.

Inoiz ez dio kantatzeari utzi, baina izan ditu geldialdiak. Trantsizio garaian sortu ziren taldeen tamaina ikusita hasi zen jendaurrean gutxiago agertzen, eta bere letrak pertsonalagoak bihurtzen. 1980ko hamarkadan itzuli zen, eta ez edonola: Maravillas-ekin, gerora klasiko bihurtuko zena 36ko gerran erail zuten Larragako (Nafarroa) neskatilaren istorioa zabaltzeagatik. Azken urteetan, eztarriko minbizi batek erritmoa gelditzera behartu du; baina sendatu da, eta argi du: posible duen bitartean abesten jarraituko du.

Haren kantu batzuk ikono bihurtu diren arren, inoiz ez ditu grabatu. Garrantzia kendu dio horri: «Jendeak ezagutzen ditu, abesten dituzte, gazteek musika jarri diete... Abesti horiek jendearentzat egiten ditut».

Gazteenganaino heldu da

Balentziaren abestiak hiru belaunaldi lotzen dituzte dagoeneko. Garazi Arrula Txalapartako editoreak liburuan adierazi duenez, gazteenek ere «betidanik» ezagutzen dutela sentitzen dute: «Haren berririk ez izatetik itxuraz betidanik ezagutzera igaro nintzen denbora gutxian. Ez ni, gure belaunaldia baizik». Arrulak eskertu egin dio gazteei «geografia bat» ekarri izana, baita hari lotutako «garai, jende, mito eta loturak» ere. Balentzia «harro» sentitzen da gazteengan duen oihartzunarengatik, baina «pena» ere badu: «Nire kantuek bizirik jarraitzen dute arazo horiek ere bizirik jarraitzen dutelako».

Osasun arazoek ez dute disko bat grabatzeko moduan utzi, eta horregatik hainbat une eta tokitan grabatutako abestiekin osatu dute bilduma. Kopia «piratetan» edo kaseteetan artisau eran grabatuta zeuden abestiak berreskuratu, txukundu eta bildu dituzte. Editoreek uste dute merezi izan duela «arkeologia» lan horrek.Jose Mari Esparzaren hitzetan, «disko irregular bat da, baina ezer ez baino gehiago da». Abeslariaren ibilbidea ezaugarritu duten kantuak aukeratu dituzte, eta 1950eko hamarkadan koru erlijioso batek grabatutako binilo batean topatutako kantu batekin zabaldu dute lehen diskoa; Balentziaren ahotsa entzuten da, ume zenean. Liburuan abestien letrak eta haren bizitzako hainbat argazki jaso dituzte. Horrekin batera, baita Balentzia ezagutzen duten zenbait lagunen hitzak ere: Joseba Asiron, Joseba Sarrionandia, Laura Mintegi, Begoña Zabala, Sabino Cuadra, Anje Duhalde...

Balentziak aitortu du liburua egiteko proposamena jaso zuenean «lotsa» sentitu zuela, horrek zekarren esposizioarengatik. Baina pozik dago emaitzarekin: «Patxadaz begiratuta, egia da hobe dela abestiak nonbait jasoak izatea; oso polita geratu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.