Itoizko Bernatena etxeko leihoa; aulki baten hanka; herriko telefono kabina, 33-62-62 zenbakiduna. Artozkiko elizako ateko arkua, harriz harri gordea; hilarri bat; herriko elkartean karta sortak gordetzeko erabiltzen zuten kutxa; eskuare bat. Nagoreko zapatariaren ingudea. Orbaitzeko laia bat. Horien inguruan, Jose Luis Zumetaren koadro bat, Juan Gorritiren eskultura bat, Dora Salazarren eta Barbara Stammelen artelan galduen argazkiak, eta orain hogei urte Artozkiko Artezki erakusketan izan ziren beste hainbat obra. Itoizko urtegiaren aurkako borroka luzearen lekukotza ematen duten dozenaka argazki ere badira aretoan. Eta sabaitik zintzilik, 11 giltza, Artozkiko Jurico, Lugia, Zubiarte, Zalba, Micaela eta beste etxe zenbaiten ateak irekitzen zituztenak. Memoriarenak zabaltzen dituzte orain; urtegiaren ondorioz Nafarroako Artzibar eta Longida ibarretako herriek eta biztanleek bizi izandakoaren memoria. Herriok suntsitu zituzteneko 20. urteurrenean, Artozki-Artezki erakusketa ireki dute Agoizko kultur etxean (Nafarroa); artelanak, argazkiak eta askotariko objektuak azaroaren 4ra arte egongo dira ikusgai.
Joan den ostiralean inauguratu zuten bilduma, eta herritar ugari izan zen aurkezpenean —baita larunbatean ere, Agoitzen egin zuten Lurraren defentsaren egunean—. Han ziren 2003ko irailean Artozki Itoizko urtegitik defendatzeko antolatu zuten Artezki kultur egitasmoan parte hartu zuten zenbait artista ere, hala nola Anton Mendizabal, Joseba Lekuona, Ander Ormazuri, Ana Mugeta, Koldo Arnanz eta Javi Bergara. Herria suntsitzea galarazteko, Euskal Herri osoko sortzaileei beren lanak hara eramateko eskatu zieten Itoitzekiko Solidarioak taldeak eta beste zenbait lagunek. Eta artisten elkartasunari esker, azkar bete zuten eliza artez.
Ikusi gehiago:Herritarrek etxeak utzi behar izan zituzteneko bizipenak
«Artezki oso garrantzitsua eta lagungarria izan zen guretzat», adierazi zuen Pello Lusarreta solidarioak erakusketaren inaugurazioan. «Momentu ilun eta latz batean, Artezki-k kolorea eta bizia eman zizkigun. Inposizioaren, atxiloketen, errepresioaren eta izugarrikeriaren aurrean, artistek sormena, edertasuna, elkartasuna eta inplikazioa ekarri zituzten. Beraz, bihotz-bihotzez, milesker; ez zaigu sekula ahaztuko zuen ekarpena». Txalo zaparrada batekin eskertu zieten eskuzabaltasun hura sortzaileei aretoan bildutakoek ere. Eta esker oneko hitzak izan zituen haientzat Maddi Barber zinemagileak ere: «Kontatu diguzuenez, obrak Artozkira ekartzea borrokatzeko modu bat izan zen zuentzat, urtegia oztopatzeko modu bat, ekintza politiko bat. Zuekin ikasi dugun gauzetako bat da aktibismoa eta artea ez daudela hain urrun».
Artea-Lurraren defentsa-Memoria du azpititulutzat erakusketak, eta, hain zuzen ere, hiru gai horiek ditu ardatzean. Arteari dagokionez, hamaika sortzaileren piezak bildu dituzte Agoitzen. Artozki eraitsi zutenean, 2003. urteko urriaren lehen egunetan, galdu egin zen elizan zeuden artelanen arrastoa. Berriki, ordea, horietako hamalau «modu anonimoan» helarazi dizkiete solidarioei. Galduta daude oraindik ere gainerakoak, baina denei egin diete tokia kultur etxeko aretoan. Hala, Zumetaren eta Gorritiren lanak ez ezik, Mendizabal, Lekuona, Mugeta eta Ormazuriren obrak ere ikusgai daude, baita Jose Ramon Andak, Txiki Agirre Keixeta-k, Iñaki Olazabalek eta Faustino Aranzabalek duela hogei urte elkartasunez emandakoak eta egile ezezaguneko hiru pieza ere. Hurto taldearen txindata bat gehitu diote bildumari.
Oraindik ere agertu ez diren artelanak, berriz, artistei eskatu zieten labur azal zezatela nolakoak ziren, eta haien hitzen aldamenean, argazkien bidez, jarri dituzte obra horiek ere ikusgai. Tartean dira, Salazarrek, Stammelek, Arnanzek, Josetxo Crespok, Iñigo Altolagirrek, Maite Sagarzazuk, Beatriz de la Vegak eta Javier Campo Amorosek sortutakoak. Bergarak, berriz, bere garaian atera zituen argazkiak erakusketako bisitarien esku jarri ditu, nork berea aukeratu eta soka batzuetatik elkarrekin zintzilikatzeko.
Beste hainbat lan hondeamakinek suntsitu zituzten. Horien artean dago Asisko Urmenetak, Patxi Huartek eta beste marrazkilari batzuek pintatu zuten horma-irudi handi eta koloretsua. «Lur-Amak artoski zaintzen du bizia: Artozki herria irudikatu dugu bizilagunez beterik», egileen azalpena, argazkiaren aldamenean. Halaber, beste zenbait lan bidean geratu ziren, artistek bidali bai, baina herria lehenago hustu zutenez, ez zirelako garaiz ailegatu. Horietako bat izan zen Xabier Morrasen artelana, ikusgai dena.
Oroimen kolektiborako
Urtegiaren aurkako borroka irudien bidez aztertzeko eta gogoratzeko aukera ematen du erakusketaren beste zati batek. Ikus-entzunezko lan bat ez ezik, duela hogei urte Jagoba Manterolak, Pablo Sanchez Quizak eta Gari Berasaluzek ateratako dozenaka argazki ere jarri dituzte aretoko hormetan. Eta horietan ageri dira, besteak beste, hondeamakina bat, lorez betetako balkoi bat suntsitzen; Victor Jararen binilo bat, aulki baten kontra jarrita, plazan; solidarioak, Artozkiko teilatuetara igota; foruzain bat, helikoptero batetik argazkiak ateratzen; Xabier Silveira eta Arkaitz Goikoetxea bertsotan; Agoizko txistulariak karriketan barrena; herritar multzo bat lurrean eserita, Poliziaren aurrean protestan; pintaketak; atxiloketak; protesta gehiago... «Desobedientzia zibila, ekintza zuzena, mobilizazioa, errepresioa... Hori guztia azaltzen dugu argazkien eta bideoaren bidez».
Oroitzapen objektuen multzo batek osatzen du erakusketa; jendeak eraitsitako herrietatik bildu eta jasotako hamaika gauzak, denetarikoak. Aretoaren erdian kokatu dute Artozkiko elizako harrizko arkua, bizilagun batek jaso zuena. Eta aretoan zehar beste hamaika objektu sakabanatu dituzte, artelanen eta argazkien artean.
Horiek guztiak luzaro ikusgai egoteko, ibarrean leku baten bila hasiak dira antolatzaileak, «Itoizko urtegiaren aurkako borrokan gertatu zen guzti-guztia eta herritarren kontakizuna memoria kolektiboan manten dadin».
Memoria zabaltzeko 11 giltza
Duela hogei urte suntsitu zuten Artozki. Inguruetako herriek ez dute ahantzirik artistek orduan emandako elkartasuna, eta erakusketa batean jaso dituzte haien obrak, Agoitzen, askotariko oroitzapen objektuekin nahiz argazkiekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu