Ahanztura itsaso batetik memoria tanta bat nola berreskura daitekeen kontatzen dute, funtsean, Paco Roca komikigileak eta Rodrigo Terrasa kazetariak Ahanzturaren leizea komikian. 1940ko irailaren 14an Valentziako Partena herrian hasten dute kontakizuna horretarako.
Soldadu pelotoi bat formazioan dago Artilleria Kuarteleko tiro-eremuan, kamioi bat iristen denean. Kargari begira, «Zenbat dira?», galdetzen du tenienteak. «Hamabost», zehazten diote. «Eta zenbat errekruta ditugu?», berriz tenienteak. Eta beste soldadu batek ematen dio orduan erantzuna, burua biratuta, zigarroa erretzeari utzi gabe: «Bada... Gutxi. Hamabi». Eta isilune zalantzati baten ondoren dator, azkenik, tenientearen azken erabakia. «Bi txandatan egingo dugu. Ekarri zortzi». Paterna herriko 126 zenbakidun hobi komunean bukatu zuten kamioiko guztiek egun hartan, haien aurretik eta haien ondoren beste ehunka eta ehunka bezala. 2.200 inguru, guztira. Jose Celda izeneko nekazaria izan zen fusilatu haietako bat. Eta, hain zuzen ere, haren gorpua berreskuratu, identifikatu eta duintasunez lurperatu ahal izateko haren sendiak egindako zazpi hamarkadako borroka kontatzen du liburuak. Benetako datuekin. Benetako izenekin. Azkenean, Jose Celda fusilatu eta 70 urtera, azkenik, hamaika traba gainditu ostean, Pepica Celda alabak lortu egin baitzuen, 81 urterekin, aitaren hezurrak desobiratu, identifikatu eta lurperatzea. Gazteleraz milaka eta milaka ale saldu ondoren, Bego Montoriok euskaratuta argitaratu du orain 298 orriko lana euskaraz Astiberri argitaletxeak.
Pepica Celdarekin batera, Leoncio Badia da kontakizunaren beste pertsonaia nagusietako bat. Irakasle errepublikanoa izan zen Badia, harik eta frankistek ehorzle lanetara behartu zuten arte. «Bereak» ehortz zitzan, zehazki. Eta, beraz, hark lurperatu zituen fusilatuak Paternako hilobian. Baina giltzarria izan da haren figura, hildako guztiak identifikatzen laguntzeko ere. Arriskuak arrisku, banan-banan dokumentatu zituelako hildakoak Badiak. Haien izen-abizenak zeramatzaten botilatxo batzuekin batera hobiratu zituen, eta haiena izandako objekturen bat ere gorde zuen, ahal izan zuenean. Etorkizunean, gorpuak identifikatzeko giltzarri izango ziren elementu horiek guztiak. Eta lan horri esker gorde ahal izan zuen Pepica Celdaren amak lehenik, eta Pepica Celdak berak ondoren, 70 urtez aitaren ile xerlo bat.
Kasu zehatzari lotutako pertsona horien guztien erretratuez gain, ordea, datu historiko eta gogoeta filosofiko zein pasarte poetikoen joan-etorri zaindu bat eskaintzen du liburuak. Eta ez da Rocak ahanzturaren gaiari eskainitako lan bakarra.
«Historia honek sortu didan egoera animikoa izan da zailena», azaldu du egileak. «Kontakizun hauekin egunero jasotzea bizitza seme-alaben ahotik eta hura marraztea».
Baina badago gehiago ere. Istorioaren benetakotasunak ez ezik, haren irudi faltak ere eragina izan duelako lanean, Rocak dioenez. «Ez dugu pelikularik, ez argazkirik, ez irudikapenik. (…) Eta, aldiz, badago Holokaustoa izan zen gertakari ezin lazgarriago horri buruzko dokumentazio grafikorik, ipar amerikarrek eta errusiarrek hura guztia grabatu egin zutelako. Nolabait ere hobi komun haien eta aberrazio haren irudi bat izan dezakegu. Baina ez errepresio frankistaren horrore honena guztiarena».
Beste memoria ariketak
Izen ezaguna da Rocarena komikigintza garaikidean. Gazteleraz sortzen duen egile nagusietako bat ere bada, egun. Besteak beste, Espainiako Komikiaren Saria eta Eisner saria jaso ditu. Baina, horrez gainera, Ahanzturaren leizea-ren moduko lanei esker, komikizaleen esparrutik nabarmen harago zabaldu dira haren lanak.
1994an argitaratu zituen bere lehen istorioak, baina 2001ean kaleratu zuen bere lehen lan osoa: El juego lúgubre. Frantziako merkatuan murgildu zen orduan, eta, hain zuzen ere, 2007an frantsesez kaleratutako Rides lanak eman zion nazioarteko sona. Alzheimerrak jota zahar etxe batera sartu berri den Emilio izeneko gizonaren nondik norakoak kontatzen ditu lan horrek. Umore eta gertutasun handiz kontatu ere. 2008an kaleratu zuten gazteleraz, Arrugas tituluarekin, eta 58.000 ale saldu zituen. Espainiako Komikiaren Sari Nazionala ere bereganatu zuen, eta egileak BERRIA egunkariari onartu zionez, horri esker bilakatu zen komikigile profesionala. Zimurrak izenarekin argitaratu zuen euskaraz Astiberri argitaletxeak, 2014an.
Haizea alde suertatu zitzaiola ere esan zion komikigileak BERRIAn Lander Muñagorri kazetariari. «Hamar urte lehenago atera izan balitz, ez zen horrela nabarmenduko, oraindik ez zegoelako halako produktu batentzako sarerik. Liburu denda orokorretan ez ziren komikiak saltzen, ez zegoen [Espainiako] sari nazionalik, hedabideetan ez ziren komikiak aipatzen… Beraz, hori dena sortzen ari zen garaian Zimurrak lanak komikien mugak gainditzea eragin zuen».
2011n, animaziozko film ere bilakatu zuen komikia Ignacio Ferreras zuzendariak. Eta gerrarekin zerikusirik ez izan arren, alzheimerra lantzen duen liburu hori jo ohi da Rocak memoriaren gaiari eskainitako lehen lantzat.
Argi printzak, iluntasunean
Los Surcos del Azar komikian (2013, Astiberri), La Nueve izeneko konpainiaren historia berregin zuen Rocak. Miguel Ruiz da protagonista kasu horretan, eta, kasu horretan ere, ahanzturaren mugakide da haren istorioa. Rocaren alter ego-a hura elkarrizketatzera joaten denean, bizilagunak ia barrez hartzen baitu ondoan bizi den aitona hori gerra heroi bat izan daitekeen ustea. Solasaldiz solasaldi berreskuratzen du haren kontakizun osoa komikigileak liburuan, eta, hala, harriz harri pasatzen du ahanzturaren lurretatik memoriarenetara Bigarren Mundu Gerran naizek okupatutako Parisera sartu zen lehen konpainia haren kontakizuna.
1936ko gerran murgildutako Catwoman bat
Rocak aurrez ere marraztua du Batmanen komikirik DC Comics argitaletxe ezagunarentzat, eta Catwomani buruzko istorio batekin dabil orain. Fantasiaren eta abenturen esparruan, eta, halere, baita memoriarenean ere. Aurreratua duenez, 1936ko gerran kokatuta egongo baitira super heroiaren kontakizun horiek. Madrilgo Prado museoko hainbat artelanen lapurretan parte hartuko du Catwomanek, zehazki.
Ezerez immentsotik abiatu zuen Regreso al Eden komikia 2020. urtean. Orri etzanetan, beltz irudikatu zituen osorik lehen orri pareak. Eta testu bat gero. «Kosmosaren handitasunetik erreparatuta, distira labur bat baino ez zen izan Antoniaren bizitza». Eta jarraitzen du gogoetak, pixkanaka bi orriko belztasun hori arrakalatzen duten karratu ñimiño zuri batzuek lagunduta. «Antoniak bezala, existentzia faltaren belztasunaren gainean denok egiten dugu istant labur batez distira, beste hainbat dirdairekin batera. Horregatik jakin behar dugu gure aurretik ere bazirela beste batzuk. Ez gara ezer iraganik gabe. Arbaso edo gizatasun deitzen dugun zerbait zaharrago eta handiagoaren parte sentitzeko behar dugu hori. Gainera, etorkizunean gu bezalako gehiago izango direla espero dugu eta haien memorian iraungo dugula bizirik. Horrela bilakatzen direlako flash isolatu eta labur horiek argi sorta bat. Borroka etengabean gaude iragana ezabarazi nahi duen ahanzturarekin. Baina gure memoria mugatua da, eta ez erabat fidagarria. Horregatik asmatu ditu giza asmamenak istant bati denboran bizirik eusteko hainbat modu».
Eta abiapuntu filosofiko horrekin heltzen da orduan kontakizuna kosmosaren abstrakzio beltz horretatik Antoniaren gaztetako argazki zehatz eta erreal batera. Eta argazki horren eta beste batzuen bidez doa Roca pertsonaiaren bizialdia berreskuratzen. 1946an Valentziako Nazareth hondartzan ateratako foto bat da aitzakia, beraz, gerraostea estualdiz estualdi pasatu zuten familien memoria berreskuratzeko. Kasu horretan, gainera, bere familiaren datu eta pasadizoekin zipriztinduta osatu zuen lana Rocak. Baina hori lortzeko hartzen dituen erabaki formal distiratsuen froga argia dira hasierako orri beltz horiek.
Egilearen denboraren joan-etorriak iradokitzeko gaitasun horren froga da 2015. urtean argitaratutako Etxea komikia ere. Aita hil ostean, haren etxea izandakoarekin zer egin erabakitzeko biltzen dira haren ondorengoak. Eta, hala, etengabe joango dira nahasten orainaldia eta iragana. Komikiaren baliabideak aberats baliatzen ditu Rocak lan horretan, baina hezur-haragizko aktoreekin eraman du lan hori aurten zinemara Alex Montoya zinemagileak.
36ko gerrari buruzko aipamenik gabe doa komikia kasu horretan, baina berriz ere memoria du ardatz. Eta orain arte hori izan da Rocari euskaratu dioten azken lana ere. 2016an kaleratu baitzuen Astiberrik, orduan ere Bego Montorioren itzulpenarekin.
Harrera beroa egin dio euskal kritikak orain arteko euskarazko bi lan horiei. Iraitz Urkulo BERRIAko kritikariak, esaterako, urteko literatura lanik onenen artean nabarmendu zuen Zimurrak 2014an. Eta Mikel Aierbe kritikariak ere Etxea komikia laudatu zuen BERRIAn 2016an. Rocaren lan gehiago euskaraz ere irakurtzeko desioa adierazi zuen Aierbek orduan, eta orain heldu da aukera, azkenik, zortzi urteren buruan.