Kritika-Artea

Memoria intimoaren atlasa

Joxerra Melguizoren erakusketako piezetako bat. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Joxerra Melguizoren erakusketako piezetako bat. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
2024ko azaroaren 19a
05:10
Entzun

'joxerra melguizo. refugios-diarios (lerro galduak)'

Erakusketetara joaten naizen gehienetan, horietara iristeko bideetan jartzen dut fokua. Erakusketan zehar egindako desplazamenduaren parte dira nolabait, eta zenbaitetan kontakizunean oso modu argian integra daitezke. Hori da, hain zuzen, Joxerra Melguizo artista gasteiztarraren erakusketarako bidean piztu zaidan pentsamendua. Mostrara iristeko egin beharreko ibilbidea begirada trebatzeko tresna bihurtzen da.

Refugios-diarios. Lerro galduak da mostraren izenburua, eta Artiumeko biltegian dago kokatua. Museoaren erakusketa-espazioak biltzen dituen solairura iritsi, eta orduan ohartzen naiz egin beharreko ibilbideaz. Hasiera batean, noraezean murgiltzen dut nire gorputza erakusketa iraunkorra biltzen duen espazioan, eta hein batean gozagarri egiten zait jada gertuko sentitzen ditudan zenbait artistaren piezak berriz ikustea, nahiz eta oraindik hainbat eta hainbaten presentzia faltan sumatzen dudan. Baina, tira…

Lehenengo erakusketa atzean utzi eta espazioaren ezkerreko aldean goratzen diren eskailerak igo ostean, gordailuko armairuak identifikatzen ditut. Zaila da iristea, eta ondoriozta dezaket helburu zehaztu gabeko publikoarentzat ere zaila izango dela bertaratzea. Hala ere, ezin dut ukatu espazioak erakartzen nauela; hein batean, Melguizoren ibilbidearekin ere bat egiten duela iruditzen zait, denbora luzez bazterretan kokatu baititu bere adierazpen artistikoak.

Artistak 1990eko hamarkadan eman zion hasiera bere ibilbideari. Horrekin batera, Gasteizerako zein euskal testuingururako mesedegarria izan zen erakusketa-espazio bat jarri zuen martxan bere anaia Emiliorekin eta Carmen Lopez Castillorekin batera: CM2 galeria. Garaiko artista askoren saretzea ahalbidetu zuen horrek. Izan ere, aukera murritzak ziren panorama hartan, eta existitzen ez zena egiteko beharra agerikoa zen, punk leloak dioen bezala: Do it yourself.

Gasteizerako zein euskal testuingururako mesedegarria izan zen erakusketa-espazio bat jarri zuen martxan bere anaia Emiliorekin eta Carmen Lopez Castillorekin batera: CM2 galeria

Horri egiten dio erreferentzia, hain zuzen, mostraren lehenengo atalak, nolabait Melguizoren testuinguru artistikoaren berri ematen digu eta. Bertan, CM2 galeriari lotutako hainbat dokumentu, argazki eta kartel azaleratzen dira. Zentzu horretan, deigarriak iruditzen zaizkit kartelak eta bertan leku hartu zuten artisten erakusketak: Dora Salazar, Dolo Navas, Txaro Arrazola, Koko Rico…

Horrela, espazioan kokatzen du hori guztia, eta artista genealogia zehatz batean ere bai: 80 eta 90eko hamarkadetako eztanda sozial, politiko eta kulturalen testigu eta partaide izan ziren kulturgile eta artisten artean.

Joxerra Melguizoren erakusketa
Joxerra Melguizoren erakusketan ikus daitezkeen lanetako bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Artxiboa atzean utzi eta parean museoak 1995ean erositako piezekin egin dut topo. Leiho bat gogorarazten dit pieza batek: burdinazko hiru marko dira: alboetakoek basoko irudiak aurkezten dituzte, eta erdikoak, berriz, hautsita dauden kristal zorrotzak erakusten ditu. Pieza gordin horrek museoaren hormak aurkezten dizkigu, alboetako irudiek beste nonbaitera garamatzaten bitartean, erdikoak gogorarazten baitigu kubo zurian gaudela.

Eta, hain zuzen, horretara egokitzen naiz lehenengo espazio hura zeharkatu eta erakusketa-gunearen aretorik handienean sartzen naizenean. Ikusmira osoa hartzen dit murru osoa blaitzen duen instalazioak. Erakusketari izena ematen dion pieza da: Refugios-diarios. Lerro galduak. Egurrezko mila xaflak osatzen dute pieza, eta bakoitzak istorio bat kontatzen du, artistaren egunerokotasunean zentratuta. Izan ere, instalazioak emaitza finalari baino gehiago, egiteari jarri nahi dio fokua: lan-prozesuari, alegia, egunerokoari. Bai eta artistaren izaera eraikitzen duten adierazpen estetiko eta kulturalen proiekzioari ere.

Joxerra Melguizoren erakusketa
Refugios-diarios. Lerro galduak obra. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Atlas bat gogorarazten dit, bertan irudiak elkarrekin konektatzen baitira, errelatoak eraikiz. Esaterako, testuen eta argazkien artean tartekatzen diren irudi abstraktuek, aldi berean, artistaren mugimenduen keinuak igortzeko gaitasuna dute. Pieza bakoitzaren indibidualtasunak iruditeria kolektibo bat eraikitzen du, eta bertaratzen den edonoren pertzepzioak harrapatzen ditu. Harrapatze hori, ordea, ez da instalazio horretara mugatzen, haren parean prozesuaren oihartzunak isurtzen dituen pieza baitugu. Nolabait, karratuen mugak gainditzen ditu honek, artistak berak erabilitako zintak baitira.

Melguizoren lanak ikuslearen arreta erakartzen du prozesuaren xehetasunetara eta lanaren zentzura. Egunerokotasunaren arrastoek kontakizun intimo eta emozionala osatzen dute, artistaren lantegian sortutako testuinguru eta bizipenetara hurbilduz. Hala, ikuslea egunerokoaren eta memoriaren babesleku horretan murgiltzera gonbidatzen du, ikuslearen eta bere iruditeria propioaren arteko mekanismo afektiboak abiaraziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.