Historia eta istorioak berreraikitzen dabilenak sarri egiten du topo kontakizuna osatu nahi duten lagunekin. Isiltasuna eta hutsuneak ere izaten dira, ordea, esan nahi eta ezin diren pasarte horiek itzalean ezkutatzeko. Minak, ahanzturak eta transmisio ezak sortzen dituzte memoriaren zuloak. Eta hain justu horietan murgildu da Maixa Zugasti Ahotsak eta itzalak bere bigarren eleberria osatzeko (Tolosa, Gipuzkoa, 1973). 36ko gerran erbestera joan behar izan zuten bi anaiaren eta haien aitaren istorioa kontatzen du idazleak, muga, gerra, memoria... ardatz hartuta. Gaia gaurko ikuspegitik landu du, esaten denak baino isiltzen denak garrantzi handiagoa duen nobela batean.
Eleberriko protagonista nagusia Luis da, 36ko gerra piztu aurretik erbestera doan gazte bat. Aita eta anaiarekin muga pasatu, eta Sarziniako egoitza diplomatiko batean hartzen dute babes. Ama eta arreba txikia, berriz, jatorrizko herrian gelditzen dira gerrak iraun bitartean. Sarziniatik ere egin beharko dute ihes gertakari lazgarri batengatik, etaurteak eman beharko dituzte tokiz aldatzen. «Erbesteko herri hori fikziozkoa da, baina badu esanahi garrantzitsua. Sarzinia zen erromatarrek leku batetik bestera joatean gainean zeramaten zama pisutsu hori», nabarmendu du Zugastik. Alegia, ihesean aritzearen zama islatu nahi izan du idazleak liburuan.
Gerraren saminaz gain, bada etengabe agertzen den beste gai bat ere. Memoria historikoaren berreraikuntzaren argi-ilunak landu ditu autoreak, eta gaur egunetik heldu dio gaiari: «Gizarte guztiarentzat eta bereziki gazteentzat garrantzitsua da gaia mahaigaineratzera». Istorioan, hortaz, bilakaera egin du Zugastik. Luis haurrak, heldua denean, eleberri bat idatzi nahiko du gertatu zaiona kontatzeko. Horretarako, hainbat testigantza bildu, eta «egia» osatzen ahaleginduko da. Baina, memoriaren zuloetan barrena murgilduta, itzal eta isiltasun asko topatuko ditu Luisek, eta ez du lortukoistorio eta historia osoa jostea.
Edonola ere, Zugastiren arabera, helburua ez da izan eleberri historiko bat osatzea: «Fikziozkoak dira lekuak, pertsonaiak eta istorioa bera». Egin du historiaren kontaketaren inguruko gogoeta ere: «Historia nork idazten duen gauza bat da. Baina jende xumeak jasaten ditu egoera latzak. Pertsona horien istorio bat osatu nahi izan dut». Hala ere, 36ko gerran erbestera joandako hainbat lagunen testigantzetan oinarritu da eleberria idazteko.
Idazketa prozesu luzea
Dokumentazio lan handia egin du idazleak, eta, horregatik, patxadaz hartu du eleberria idazteko lana. «Hasierako ideia lantzen orain 18 urte hasi nintzen, eta guztira hamar pasatu ditut istorioari bueltaka», azaldu du. Egindako lanagatik «heldutasuna» nabari zaiola azpimarratu duInazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak. Zugastik ere aitortu du asko irakurri duela nobela osatzeko, eta bereziki aipatu ditu Jose Migel Barandiaranen dokumentu batzuk: «Aita Barandiaranek erbestera joan behar izan zuen gerra garaian, eta lan oso garrantzitsua egin zuen: 136 testigantza jaso zituen guztira».
Zugastik liburua argitaratu duela baliatu du Barandiaranek egindako lanari balioa emateko: «Sekulako altxorra da. Helduen testigantzez gain, haurrenak ere jasotzen ditu». Horregatik, omenaldia egin nahi izan dio antropologoari, eta liburuan protagonista bat ageri da Barandiaranen istorio antzekoa duena: Aita Basarte da hori. Bestela, ez dago erraz identifikatu daitekeen pertsonaia edo lekurik, nahiz eta aitortu duen argia dela Ipar Euskal Herriko herriren batean girotuta dagoela istorioa.
Beraz, kontakizun konkretua bai, baina asmoa auzi unibertsal bat jorratzea dela azpimarratu du Mujikak. Idazleak gaia gazteei transmititzeko beharra nabarmendu du: «Garai lotsagarriak izan ziren, eta garai lotsagarriak dira oraingoak ere. 65 milioi lagun daude ihesean gaur egun».
Ofizioz, irakaslea da Zugasti, eta ahalegintzen da ikasleekin memoriaren inguruko gaiak jorratzen. Joan den irailean, Kutxa Irun saria jaso zuenL.A.A nobelarekin, eta, ordutik, irakasle eta idazle lanak uztartzen ari da.
Memoria hutsez beteta
Maixa Zugastik 36ko gerra eta erbestea oinarri dituen eleberri bat idatzi du, 'Ahotsak eta itzalak'. Memoria historikoaren argi-ilunak landu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu