Memoria eta adiskidetasuna ardatz dituzten lanak, Euskadi saridun

Irati Elorrietak irabazi du Literaturako Euskadi saria 'Neguko argiak' nobelagatik. Laugarrenez saritu dute Patxi Zubizarreta Haur eta Gazte Literaturan. Asisko Urmenetak ilustrazioaren saria jaso du

Ezker-eskuin: Irati Elorrieta, Asisko Urmeneta, Patxi Zubizarreta eta Bingen Zupiria, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko urriaren 3a
00:00
Entzun

Euskadi literatura saridun berrien aurreneko izenak ezagutarazi zituen atzo Eusko Jaurlaritzak Gasteizen, Artium museoan egindako agerraldian. Hiru izen eta hiru lan: Irati Elorrieta eta Neguko argiak eleberria; Patxi Zubizarreta eta Korri, Kuru, korri! liburua; eta Asisko Urmeneta eta AztiHitza: Xahoren Biografikoa lana. 18.000 euro jasoko ditu saridun bakoitzak, eta aukera dute lanak itzultzeko 4.000 euro eskuratzeko ere. Memoriak eta adiskidetasunak elkartzen dituzte hiru lanok.

Memoria eta adiskidetasuna dira, esaterako, Irati Elorrietaren eleberriaren ardatz nagusiak. Euskarazko literaturaren sari nagusia jaso du idazleak Pamiela argitaletxearekin argitaratutako Neguko argiak lanagatik. Bere bigarren lana da, 2008an izan baitzuen estreinakoa, Burbuilak (Alberdania). Epaimahaiaren hitzetan, «merezimendu osoz» jaso du saria idazleak. Bizimodu berri bat aurrera atera nahi duten pertsonaien arteko harremanak dira kontakizunaren oinarrietako bat. Eta kokalekua beste bat: Berlin hiria, besteak beste, hantxe kokatzen baita istorioa nagusiki. Itxaro Bordak, Asier Serranok, Mari Jose Olaziregik, Jon Martinek eta Castillo Suarezek erabaki dute Elorrietaren lana saritzea, eta, elementu guztien artean, «maisutasunez antolatutako mosaikoa» egin izana aitortu diote. «Narratzaileak gogoko du gauetan argia piztuta duten sukaldeetara sartzea, leihoetatik begiratzea, neguko argiak lagun, porrota eta erresistentzia osagai duten istorioak kontatzea».

Ñabardura bat egin dio idazleak epaimahaiari, hala ere: protagonistak ez dira «nomadak»; hark nahiago du mugimendu horri «noraeza» deitu. «Pertsonaiek topatu dute leku bat, eta erabaki dute bertan geratzea, ez daude mugimenduan. Gaia zera da: nola antolatu bizitza eta nola antolatu harremanak hiri berri batera heltzen zarenean? Noraez hori da, besteak beste, nobelaren gaietako bat».

Etiopiatik migratzen ari den Kuru mutikoaren eta istripu txiki baten ondorioz ospitalera doan neskatoaren arteko adiskidetasuna du oinarri Patxi Zubizarretaren Korri, Kuru, korri! liburuak. Haur eta Gazte Literaturako saria jaso du Zubizarretak Ibaizabal argitaletxearekin kaleratutako lan horri esker. Laugarren Euskadi saria du dagoeneko idazleak, aurrez, beste hiru alditan jaso baitu sari bera: 1998an izan zuen aurrenekoa, Gizon izandako mutila (Pamiela) lanarekin; 2006an bigarrena, Pantaleon badoa (Pamiela) liburuarekin; eta 2010ean hirugarrena Xia Tenzinen bidaia miresgarria (Ibaizabal) ipuinarekin.

Migrazioa, giza eskubideak, kultur aniztasuna, bakardadea... sakonak eta gordinak bezain gaurkoak diren gaiak jorratzen ditu idazleak iaz kaleratutako liburuan, ezohikoak haur literaturan. Bada, epaimahaiaren irudikoz, lan «bikaina» da, «ezinbestean nabarmentzekoa». Lore Agirrezabalek, Leire Diaz de Gereñuk, Ziortza Onaindiak, Igor Idoetak eta Xabier Olasok osatu dute epaimahaia kategoria horri dagokionean. Kontakizunari «egitura narratibo aberatsa» eman diola aitortu diote idazleari, baita bertan askotariko erreferentzia kulturalak «maisuki» txertatu izana ere. «Orrietan aurrera egin ahala, erreferentzia kultural aberatsak oharkabean eskaintzen dizkigu idazleak, hasi Etiopiatik eta Parisera bitarte, euskal kulturaren parte direnak ere hari horretara maisuki ekarriz».

«Proposamen arriskutsua»

Hain justu, Asisko Urmeneta izan zen Zubizarreta saridun bilakatu zuen lehen liburu haren marrazkien egilea, Absurde kolektiboko kide baitzen marrazkilaria orduan. Oraingo honetan, hari ere egokitu zaio saria jasotzea, ilustrazioaren atalean izendatu baitute saridun AztiHitza: Xahoren Biografikoa lanagatik (Erroa argitaletxea). Agosti Xaho XIX. mendeko kazetari, idazle, hizkuntzalari eta politikari zuberotarraren bizitza kontatzen du marrazkilariak, aitzindari izandako haren eginkizunak gogorarazi asmoz. Epaimahaiak azpimarratu duenez, «komikiaren lengoaiaren mugekin jolasten duen proposamen arriskutsua izateagatik» hautatu dute lana.

Gai historiko bat eta dibulgazio lan bat marrazteko Urmenetak baliatu duen estilo pertsonala nabarmendu du, besteak beste, Yolanda Mosquerak —Guy de Maupassanten La Pequeña Roque (Yacare) liburuaren ilustrazioengatik Euskadi saria jaso zuen iaz— Higinia Garaik, Jon Mantzisidorrek, Mikel Valverdek eta Ainara Azpiazuk osatutako epaimahaiak: «Proposamen ausarta egiten du».

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren hitzetan, Euskadi literatura sarien helburua da «autoreei eta obrei buruz ahalik eta gehiena eta ahalik eta gehienetan hitz egitea», eta horregatik zatitu ohi dituzte bitan saridunen berri emateko aurkezpen ekitaldiak. Bada, falta diren gainerako kategorietako saridu nen izenak bi aste barru jakinaraziko dituzte. Atal hauetakoak, hain zuzen: Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Euskarazko Literatura Itzulpena. Sari banaketa ekitaldi ofiziala, berriz, azaroaren 18an egingo dute, Donostiako Tabakaleran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.