Memoria ariketa musikatua

Oskarbi musika taldearen mende erdiko ibilbidea jaso du Joxelu Trekuk argitalpen batean

Joxe Luis Treku Oskarbiko kide eta liburuaren egilea —erdian—, bere taldekideekin, atzo, Donostian. MIKEL LIZARRALDE.
mikel lizarralde
Donostia
2017ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Memoria «selektiboa» delako, datuari, datari, argitaratua geratu denari finean, eman dio garrantzia Joxelu Trekuk (Lezo, Gipuzkoa, 1949) Oskarbi taldearen historia liburu batera eramateko orduan. Musika taldearen parte izan da Treku hasiera-hasieratik, eta ondo ezagutzen ditu bizi izan dituen garai ezberdinak, taldekide aldaketa ugariak, eta baita pasadizo ugari ere. Eta horiek guztiak liburu mardul batean bildu ditu orain: Doinu zaharren haritik, euskal kantu berriaren bidean (Oskarbi taldea 1966-2017).

Oskarbi 1966ko azaroan sortu zuten Don Bosco Eskolaniako hainbat mutil gaztetxok eta Anunciata eskolako neska batzuek, Donostian, eta, horrenbestez, orain dela urtebete bete zuen taldeak mende erdia. Urtemuga horrek eman zion aitzakia edo arrazoia Trekuri historia pertsonal hori idazten hasteko. «Azken urte hauetan pentsatu izan dut Oskarbiri buruz zerbait idatzi behar nuela. Baina 50. urteurrena hurbiltzearekin batera hasi nintzen datak jasotzen eta denboran sailkatzen». Eta batik bat, hemeroteka lan eskerga egiten, hala nola Zeruko Argia-ren eta Anaitasuna-ren ale zaharretan arakatzen. Eresbileko artxiboak, Joxe Mari Iriondok utzitako grabaketa zaharrak, Oihartzunak taldeak utzitako bi grabazio eta beste ere baliatu ditu Trekuk liburua osatzeko.

60ko hamarkada amaiera aldera abiatzen ari zela sortu zen Oskarbi, Euskal Herrian, eta, euskal kulturaren barruan zehatzago, gauzak aldatzen ari zirenean. Orduan finkatu zituen Oskarbik bere ibilbide guztian oinarri izan dituen bideak, «hariak», Trekuk dioen moduan. Hari horietako lehendabizikoa euskal kantutegia litzateke, herri kantua: «Hasieratik jaso izan ditugu herri kantuak, baina, gero, lokalera eraman, ahotsak jarri eta gure estiloan abestu izan ditugu». Bigarren haria sorkuntza propioak osatuko luke, taldeak berak egin dituen piezak: «Normalean Iñakik [Maritxalar] ekarri izan ditu melodiak, eta, gero, denon artean lagundu ditugu. Partiturekin hasi, eta geure erara bukatu ditugu». Eta hirugarren haria: euskara. «Hasiera-hasieratik hartutako erabakia izan zen: Oskarbi euskaraz izango zen».

Binilo eta CD garaiak

Mende erdiko ibilbidean, aldaketa ugari izan ditu Oskarbik, eta 30 bat lagun pasatu dira taldetik denbora horretan guztian —Treku eta Maritxalar dira hasieratik egon direnak—. Bi sasoi bereizten ditu Trekuk; bata «binilozkoa», 1966. eta 1983. urteen artean garatutakoa; eta bestea «CDaren garaikoa», 1990ean hasi eta gaur arte irauten duena. «Lehenengo urte haietan 70 bat kantaldi egiten genituen urtean, eta horrekin batera, ikasi, lan egin, abestu... Deitu egiten ziguten abesteko, eta guk askotan ezetz esan behar... Orain, berriz, guk joan behar izaten dugu kantaldiak eskatzera». Gaur egun, hamar lagunek osatzen dute taldea.

Ez Dok Amairuren parte izan zen Oskarbi, eta haren Baga Biga Higa sentikarian parte hartu zuen. «Gu Laboa, Lete, Iriondo, Lertxundi eta Lekuona baino gazteagoak ginen, baina etorri zitzaizkigun, eta taldean onartu gintuzten». Gainera, Iriondo salbu, Ez Dok Amairuko kide guztiak gizonezkoak zirela gogoratu du Trekuk; «eta gurean baziren hiru neska».

Oskarbi Francoren diktaduraren azken hamarkadan eta euskal kulturaren pizkunde betean bizi izan zen, eta garai haren lekukoeta isla izan zen. Zentsura pasatu behar izaten zuen taldeak, baimenak jaso —«gobernadorearena, sindikatu bertikalarena...», eta Ipar Euskal Herrira abestera joaterik gabe ere gelditu ziren, hainbat taldekide atxilotu eta pasaportea kendu zietenean. Gertaera horrek, baina, amaiera bitxi bat izan zuen. Garaiko Gipuzkoako Gobernadorearen emazteak jaialdia antolatu zuen Donostiako Astoria aretoan, eta Oskarbikoek abestea nahi zuen. «Esan genien pasaportea itzultzeko, eta euskaraz abestuko genuela, zentsurarik gabe. Eta han abestu genuen, frankisten aurrean. Eta galdetzen ziguten: '¿En español cuando? Guk euskaraz segitu genuen, ordea».

Orain, hori guztia liburuan bildu du Trekuk, eta hitzaren osagarri, aurtengo Musikaste jaialdian,Errenterian (Gipuzkoa), egindako kontzertuaren grabazioa gehitu diote argitalpenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.