Memoria ariketa kolektiboa

Martin Ugaldek 1990ean idatzitako 'Itzulera baten historia' eleberriaren irakurketa jarraitua ere egin zuten atzo, Andoainen. Senideek, ordezkari publikoek eta kultur eragileek hartu zuten parte.

Hainbat izan ziren Itzulera baten historia lanaren irakurketan parte hartu zuten kargudun publikoak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
Andoain
2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun

Martin Ugalde kazetari eta idazlearen obra osoa sarean irakurgai eta partez entzungai jarri zen egun berean, izan zen paradarik haren lanetako bat paperean hartu eta bertatik bertara gogoratzeko ere atzo. Itzulera baten historia (Elkar, 1990) eleberriaren irakurketa jarraitua egin zuten haren izena daraman kultur parkean, eta joan-etorri eta jende multzo txikiak izan ziren goiz osoan aretoaren kanpoaldean.

Ikusi gehiago:Obra «erraldoia», klik batera

Irakurraldi jarraituan, besteak beste, Ugalderen familiakideek, alderdi politikoetako nahiz erakundeetako ordezkariek, hezkuntzako zein kulturako eragileek eta ikasleek hartu zuten parte. Egitasmoa 11:00etan jarri zen abian, eta 17:15era arte luzatu zen. Itzulera baten historia irakurtzen hasi orduko, Martin Ugaldek «kulturgintzaren, dibulgazioaren eta, oro har, euskararen alde» egindako ekarpenak gogoratu zituzten antolatzaileek; azaldu zuten «denboraren iragateari iraun dioten obrak» egin zituela, «alor eta tankera askotakoak».

Irakurraldia idazle eta kazetari andoaindarraren familiakideek hasi zuten, hain zuzen ere, haren alaba Ainarak eta seme Unaik. «Rosa heldu zitzaigunean Santa Barbara kantoiko etxean bizi ginen Caracasen».

[YouTube]https://youtu.be/epN7t4WnDQw[/YouTube]

Senideei jarraikiz, arduradun politikoen txanda heldu zen. Mikrofono aurrean jartzen lehendabizikoa, Bingen Zupiria Kultura sailburua. Zupiriak pasadizo bat ekarri zuen: liburuko protagonistak, moja eskolara bidean, jarraitzaile frankista batekin izandakoa.

Orotariko ahotsak

Goizean, Andoaingo Udaleko ordezkaritzak, argitaletxe zein komunikabideetakoek eta hainbat kultur taldetakoek hartu zuten hitza. Eguerditik aurrera, ostera, gaztetxoenen txanda iritsi zen: Leitzaran institutuko, La Salle Berrozpe nahiz Ondarreta ikastetxeetako eta Aita Larramendi ikastolako ikasleek txandaka antolatu zuten irakurketa, arratsaldera arte. Haien ondoren, denetariko eragileetako ordezkaritzak hurbildu ziren atrilera: Emun, Kontseilua, IZT, Bira, Jakin, Aiurri, AEK eta BERRIAkoak.

Irakurketaren amaiera hasieraren ezpal beretik etorri zen: Ainara Ugaldek hartu zuen berriz hitza, Miren Nieves Gomezen laguntzarekin —Martin Ugalde Ipuin Lehiaketako irabazleetako bat—. Elkarlan horrekin «belaunaldi arteko transmisioa» landu nahi izan zuen Ugaldek, «memoria ariketa kolektibo berezi batean».

Biek Itzulera baten historia-ren azken lerroak irakurri zituzten, bukatzeko: «Gera zaitez, zure amak beharko zaitu, neuk gaueko txanda dut gaur. San Jose eguna zen, martxoak 19; nire aitatxok bete berriak zituen, urtarrilean, 48 urte gazte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.