Melissa Aldana saxofonistak abiatuko du Getxoko 45. Jazzaldia

Gaur hasi eta igandera arte, nazioarteko jazzaren izen handiak ariko dira Muxikebarri antzokian. Doako kontzertuak egingo dituzte egunero kalean, eta Amaiak hondartzan joko du larunbatean

Melissa Aldana saxofoi jotzaile txiletarrak gaur gauean emango du kontzertu bat. GETXOKO JAZZALDIA.
Andoni Imaz
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Bateko eta besteko jazzaldiak beren egitarauen berri ematen aritu dira azken boladan, eta, azkenean, gaur ekingo diote Euskal Herriko jazz jaialdien denboraldiari, Getxon (Bizkaia). Getxoko45. Jazzaldia ohiko formatuarekin itzuliko da, gainera: kontzertu nagusiak Muxikebarri aretoan egingo dituzte, gauero, gaur hasi eta igandera arte. Melissa Aldana saxofoi jotzaile txiletarra ariko da gaur, «Hego Amerikako jazzaren proiekziorik handienetako bat» duen musikaria, antolatzaileen hitzetan. Musika taldeen lehiaketa egingo dute aurten ere, eta doako kontzertuak izango dira egunero.

Bihar, Cyrille Aimee artista frantziar-dominikarra izango da Muxikebarrin. Haren ahotsaren indarra goratu izan dute jazzaren eszenan. Inprobisaziorako joera handia du, eta musikaren arlo formalean aritu izan da azken urteetan, Stephen Sondheim musikagileari eskainitako Move On: A Sondheim Adventure diskoaren bidez.

Esperientzia handiko musikari, konpositore eta hezitzaile bat izango dute etzi: Fred Herschen estatubatuarra. Pianoan egindako inprobisazioaren estiloagatik da ezaguna, eta, hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, Art Farmer, Joe Henderson, Charlie Haden eta Stan Getz musikariekin jo izan du, besteak beste. Neo-bop estiloaren ordezkaritzat daukate, eta sari ugari jasoak ditu. Hirukotean ariko da Getxon, John Hebert kontrabaxu jotzailearekin eta Eric McPherson bateria jotzailearekin.

Herschek baino are esperientzia handiagoa du Ron Carter estatubatuarrak: 60 urte baino gehiago daramatza musika jotzen —85 ditu—, eta 3.500 diskotan baino gehiagotan parte hartu du kontrabaxuarekin. Jazzaren historiako kontrabaxu jotzailerik emankorrenetako bat da. Miles Davisen boskotean aritu zen 1963tik 1968ra. Geroztik, 50 lan baino gehiago kaleratu ditu bere izenean, musikari askok lagunduta. Jazzaldian, Rene Rosnes (pianoa), Jimmy Greene (saxoa) eta Payton Crossley (bateria) izango ditu lagun.

Jazz afro-kubatarreko saio berezi bat prestatu dute iganderako. Gonzalo Rubalcaba pianistak eta Aymee Nuviola abeslariak Viento y tiempo diskoa aurkeztuko dute, Kubako musikari egindako omenaldi bat, klasikoen bertsioz osatua. Zortzikotean arituko dira, kontrabaxu, saxofoi, bateria, perkusio eta koruekin.

Kontzertu nagusi horien aurretik, musika taldeen lehiaketako lau finalistak arituko dira, eta, igandeko gaualdian, talde irabazleak joko du, Rubalcabaren eta Nuviolaren aurretik. Europako jazz talde gazteak sustatzeko asmoz antolatu ohi dute lehiaketa hori. Archipielagos talde italiarrak, Filippo Deorsola Group belgikarrak, Loek van den Berg Quintet nederlandarrak eta Symbiosis 5 hungariarrak parte hartuko dute, hurrenez hurren.

Horrez gain, arratsaldero doako kontzertuak egingo dituzte Algortako Geltokia plazan. Lucia Fumero ariko da gaur, Herrialde Katalanetatik etorrita; bihar, Gaur talde madrildarra; etzi, Euskal Herriko Sensey Plays Avishai; larunbatean, Latitude belgikarrak; eta, azkenik, igandean, Sumrra galiziarrak.

Kalean eta tabernan

Asteburuan, 13:00etan, doako bi emanaldi egingo dituzte plaza horretan: Jazzbana Ensemblek Bidaia on, amona Braulia emango du larunbatean, eta Kids Band Sedajazz taldeak kontzertu bat egingo du igandean.

Agertoki gaineko kontzertuaz gain, bestelako ekintza batzuk ere antolatu dituzte herrian aste honetarako. Ostiraletik igandera, Miguel Salvador Quartet taldeak inprobisazio saioak egingo ditu gauetan, The Piper's Irish Pub tabernan, eta Broken Brothers Brass Band taldea Algortako kaleetan barrena ibiliko da ostiral iluntzean, larunbat eguerdian eta iluntzean, eta igande eguerdian.

Dena dela, aurtengo nobedade nagusia zera da, larunbat gauean Ereagako hondartzako aparkalekuan egingo duten kontzertua. Gazteentzat antolatu dute bereziki. Amaia abeslari iruindarrak Cuando no sé quién soy bere bigarren diskoa aurkeztuko du han. Hori ere doan izango da.

Bestalde, jazzaldia dela eta, Itzubaltzetako kultur etxeak Luis Peña Soto argazkilari madrildarraren En clave de jazz argazki erakusketa hartuko du uztailaren 29ra arte. AEB Ameriketako Estatu Batuetako agentzietan eta Greenpeacen lan egin eta gero, 2000. urteaz geroztik jazzaren munduan aritzen da artista, eta genero horretako musikariei omenaldi bat egin nahi izan die erakusketaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.