Sinkronizazioa. Hori da Pott bandak egindako ekarpen nagusia, Jon Kortazar EHUko literatura katedradunak dioenez: «Euskal literaturaren erlojua garaiari lotu zioten». Duela 40 urte osatu zuten taldea, Bilbon, Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde, Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorika, Jon Juaristi eta Manu Ertzilla gazteek, eta Pott aldizkariaren lehen alean azaldu zuten zertan zen beren konplotta: «Editoriale bat egiteko bildu gara Bilbaon Pott bandakook. Legioan bezala ez diogu elkarri eskatu curriculum vitaerik, afalondotako patxadaz hasi gara ekinean. (...) Bihen bitartean, hau bezalako panfletoen bitartez jakinen duzue gutaz. Hitz bat oraindik: editoriale bat ez da beti sortzen plangintza kulturalaren hutsuneak betetzearren. Ez gaude horri begira. Begira gaude begira goiko kamino berrira, esan nahi baita, ez gaudela inori serbitzeko geure buruak argitzeko baino. Mekaben Pott». Eta, hain zuzen ere, madarikazio hori jaurtitzearekin batera hasi ziren munduko literaturaren ezkilak eta euskal literaturakoak batera jotzen, Kortazarren hitzetan. Sortzaile haien lana gogoan hartzeko eta omentzeko kaleratu du Pott Banda. Ekilibrista bihotza (1977-1980) liburua Sorzain argitaletxeak, eta etzi egingo dute aurkezpen publikoa Bilboko Bidebarrieta liburutegian, besteak beste, Atxaga bertan dela.
Bi esanahikoa da berez hitza. Potta: muxua, eta, beraz, plazera. Eta pott eginda egotea: akidura, eta, beraz, nekea. Pott bata, eta pott bestea. Eta bien arteko jolas horretan kokatu zuen bere burua taldeak. Ironia kutsu handiz, munduko literatur erreferentziaz lepo, eta libre idazteko gogoz.
Atxagak eta Iturraldek erein zuten lehen hazia. Nerabe zirenetik ezagutzen zuten elkar, eta haziz joan zen elur bola gero izenez izen. Atxagak Juaristi eta Ordorika bildu zituen, Ordorikak eraman zuen Deustuko Unibertsitatean zebilen Sarrionandia taldera, eta hark gonbidatu zuen Bilboko jesuitetan euskara irakasle zebilen Ertzilla. Arriaga antzokian zegoen kafetegian hasi ziren biltzen, eta 1978ko martxoan heldu zen aldizkariaren lehen zenbakia. 16 orriko offset-ean inprimatutako fanzine gisako bat baino ez. Aurkezpen testuan azaltzen zutenez, argitaletxe bat egitea zen beren sakoneko asmoa, eta lehen pieza hartako kontrazalean bertan aurreratzen zuten beren lehen argitalpena: Gabriel Arestik itzulitako T.S. Eliot poetaren poemak. Kostata lortu zuten edizio baimena eskuratzea, ordea, eta, azkenean, titulu bakarra plazaratu zuen Pott bibliotekak zigiluak: Atxagaren Etiopia poema bilduma. Hasierako asmotik urrun. Eta aldizkariaren seigarren zenbakiarekin amaitu zen taldearen abentura.
Norabide aldaketa
Lehen potta. Hiru urteko ibilbidea. Eta pott. Eta, halere, ezinbesteko erreferentzia da euskal literaturaren historian. «Momentu horretan euskal literaturaren norabidea aldatzeko gai izan ziren», laburbildu du Kortazarrek.
Dioenez, bi literatur joera nagusirekin apurtu behar izan zuten horretarako. Batetik, Arestiren poesia sozialaren eredura idatzitako «bigarren eta hirugarren mailako» literaturarekin, eta, baita, bestetik, Lizardiren sinbolismoaren eraginpean jarraitzen zuen idazkera lirikoarekin ere. Beste zerbait proposatzen zuen bandak, eta horregatik haren eragin luzea, Kortazarren hitzetan.«Nik uste Pottek egiten duena dela euskal literatura lotu abangoardia historikoekin, eta ez bakarrik abangoardia historikoekin, baizik eta baita ere abangoardia historikoen ostean egon diren abangoardiako mugimenduekin».
Laburrean: literaturago bilakatu zuten euskal literatura, eta horregatik Kortazarrek lehen aipatutako sinkronizazioarena.
Kortazar bera ere izan zen Potteko parte. Ez zen aldizkariaren seikote sustatzailekoa, baina berak ere argitaratu zituen testu batzuk Jesus Etxezarraga eta Joanes Urkixorekin batera, aldizkarian kolaborazioak jasotzen hasi zirenean. Lauso gogoratzen du bilkuretako giroa. «Elkarrizketa literarioa bizia izaten zela dut gogoan. Batzen ginen jatetxeetan, eta afalosteak oso luzeak izaten ziren. Hortik ateratzen ginen gose ikaragarri batekin irakurtzen jarraitzeko. Joaten ginen Verdes liburu dendara, hura baitzen garai hartako euskal liburu denda nagusia, eta erosten genuen ahal genuen guztia. Hori daukat nik gogoan: gauak, afariak eta literatura. Literatura asko». Eta giro hori bera deskribatzen du Jimu Iturraldek ere Sorzain argitaletxeak argitaratutako liburuan.
Literatura bai, baina kaos puntu bat ere bazuten bilkurek, dioenez.
Iturralde: «Astean behin [biltzen ginen], Arriagan, lehengo antzoki zaharrak beheko pisuan zuen kafetegi zoragarri hartan zegoen solairutxoan. Lehenbizi bilerak egiten genituen, eta gero afaria. Astero nork berea ekartzen zuen: zer irakurri zuen, zer idatzi zuen... Handik denbora gutxira, zurrumurrua zabaldu-edo egin zen, eta gero eta jende gehiago biltzen hasi zen. Kristoren jendetza, ez soilik bilerarako, baizik eta afaritarako. Hamabost-hogei bat pertsona, gu sei baino ez ginenean. 'Nor duk horko hori?' galdetzen genion elkarri, eta besteak: 'Ideia zipitzik ere ez'. Orduan, horretatik ihesi, Zazpikaleetara joan ginen, Cantabrico tabernara, gainerakoei ezer esan gabe».
Lehen eskutik ezagututako giro haren omenaldi ere bilakatu nahi izan du urteurrena Kortazarrek, eta hibrido moduko bat da horregatik Sorzain argitaletxearekin kaleratutako Potti buruzko liburua; erdi ospakizun eta erdi ikerketa.
Omenaldi korala
Pott aldizkarian Juan Carlos Egillor artistak marraztutako komiki bat aipatzen du zehazki Kortazarrek liburuarekin zuen asmoa azaltzeko. Milaka giza inurrik osatutako Bilbao hitza ageri da Egillorren irudian; bada, antzeko zerbait egin nahi izan du Kortazarrek oraingoan Pott hitzarekin. Luzea da horregatik liburua osatzeko gonbidatutako egileen zerrenda, eta ikerketa lanekin batera, sorkuntza piezak eta omenaldi testuak ere batu ditu. Tartean dira, besteak beste, Miren Agur Meabe, Miren Amuriza, Manex Agirre, Jon Gerediaga, Kirmen Uribe, Iñigo Roque, Felipe Juaristi eta Garbiñe Ubeda Goikoetxea idazle, bertsolari eta itzultzaileak.
Zubi lana ere egin nahi izan dute liburuarekin Kortazarrek eta argitaletxeak, eta elkarrekin solasean jarri nahiditu horregatik Pott bandako idazleak eta sortzaile gazteagoak. Hala, Unai Elorriagak Atxagari egindako elkarrizketa bat ere badakar argitalpenak, esaterako. Eta formula bera erabili dute bandako beste kideen hitzak biltzeko ere. Harkaitz Canorekin aritu da hizketan Iturralde, Kortazarrekin Juaristi, Jose Fernandez de la Sota Sarrionandiarekin, Jon Martin Ertzillarekin, eta Idoia Jauregi Ordorikarekin. Eta hor ikusten dira taldearen ertzak. Zinez heterogeneoa baita banda hartako kideek gerora egin duten ibilbidea.
Kasik umekeriatzat hartzen ditu taldean idatzitakoak Juaristik, adibidez: «Mutil trakets batzuen jokoak, akaso probokazioak ere». Taldeko giro erabat maskulinoa ere aipatzen du, esaterako, Ertzillak: «Ez zen emakumerik izan. Tertuliara etortzen zen norbait. Bazen baten bat Potti irizten zionik gizonen kontua, munta gutikoa, tabernako denbora-pasa, funtsean negozio txarra. Absentzia edo eskasia horren arrazoia berek baino ez dezakete aitor». Eta autonomiaren gaia mahai gaineratzen du Sarrionandiak. «Literatura autonomo izan behar zela esaten zenean, literatura izan behar zela esan nahi zen. Euskal literaturaren historia errepasatzen baduzu, oso subordinatua eta oso baldintzatua egon da beti eta, lantzean behin, ebaki egin dute (...) Gauza sinple bat besterik ez genuen nahi: euskal literatura kalitatezkoa. Euskaraz ere, unibertsalki onarturiko literaturen pareko idazlanak egitea».
Literaturaren autonomia
Klabea da autonomiarena. Hori da Beñat Sarasola literatura ikerlariaren ondorioa. Argi.
Elkarren ondoan ikertu ditu berak Oh! Euzkadi, Ustela eta Pott aldizkariak. Doktore tesia idatzi zuen haiei buruz, eta hura oinarri hartuta kaleratu zuen 2015ean Bainaren belaunaldia liburua (Labayru). Autonomian jartzen du arreta ikerlariak: «Arte sorkuntzak beti dauka lotura bere garaiko gizartearekin, eta irakurlearen irakurketa ere beti dago lotuta bere garaiko gizartearekin. Horregatik autonomia beti da erlatiboa, baina badaude garai batzuk gehiago jotzen dutenak autonomiarantz, eta badaude beste batzuk hortik urruntzen direnak. Eta 1975aren ondoren, trantsizio delako kontestu super-politiko horretan, Pott-ek eta beste aldizkariek jartzen dute lehen planoan literatura, eta horrekin kontraesan moduko bat sortzen dute, jendeak esaten baitzien haiek ez zirela arte eta literaturarako garaiak, baizik eta ekintza garaiak». Eta irribarre txikiaz borobildu du gogoeta ikerlariak. «Paradoxikoki, esango nuke oso keinu politikoa dela autonomia bilaketa hori».
Funtsezkoa da ekarpen hori ondoren etorriko zen literaturarentzat, Sarasolak dioenez. «Ziur aski aldizkariok egon ezean, gaur egungo euskal literatura besterik izango zatekeen». Eta borobil dator ondorioa bere liburuan: «Euskal literatura egun sistema edo esparru (erdi)autonomoa bada, haien ekarpen teorikoengatik eta aldizkarion eginahal independenteagatik da batez ere».
Beste hitz gako bat aipatu du Kortazarrek: arriskua. Eta arrisku hori nabarmentzeko hautatu du argitaratu berri duen liburuaren azpititularra: Ekilibrista bihotza. «Atxagaren Etiopia liburuko bertso bat da hori, pluralean: 'ekilibrista bihotzak'. Nik uste dut Pottekoak arriskuarekin jokatu zuten egileak direla. Inork ez zekien norantza egingo zuen ez gizarteak, ez politikak eta ez literaturak, eta, neurri horretan, alanbrearen gainean arriskuak hartuz bizi ziren. Horregatik euren dirua jokoan jarriz egindako esperimentu bat izan zela iruditzen zait».
Ez da debaldekoa diruaren aipamena. Izan ere, neurri handi batean, ekonomikoa ere izan zen aldizkariaren amaieraren kausa, Pott tropikala izeneko seigarren eta azken zenbakiarekin egin baitzuen zuen pott bandak. Luxuzkoa izan zen edizioa. Liburu formatuko 84 orri. 2.000 aletik gora. Eta diseinua koloretan. Literatur sarietan irabazitako diru sorta joan zitzaien egileei pieza hartan, baina saldu gabe gelditu ziren haietariko asko, eta epaitegietatik ere heldu zitzaien abisua. Amaiera «traumatikoa» izan zela esan izan du maiz Atxagak.
Iraultza, hamarkada betean
Sarasolak azaldu du zergatik: «Azken ahalegin berezia egin zen zenbaki harekin. Aurretik zetorren materialaren bilduma da aldizkari hura, alde batetik, baina, beste alde batetik, salto handia dago aldizkari horren formatuan. Baina hor gertatu zena, izan zen zenbaki haren maketatzaileak [Joseba Pagazaurtunduak] erabili zituela jabetza eskubidea zuten irudiak, eta horren ardura etorri zitzaion Atxagari, eta gai horrekin aldizkaria egiteko indarrak zapuztu ziren». Taldea ere hasia zen jadanik desegiten. Juaristi joana zen Bilbotik, Sarrionandia berehala atxilotuko zuten....
Bazterrean aritzetik euskal kulturako erreferente izaterainoko bidea egin dute geroztik Pott seikoteko askok. Eta nabarmentzekoa da hori ere, Sarasolaren ustez.
«Euskal literatura sistema oso txikia da, eta garai hartan are txikiagoa eta are ahulagoa. Horrek, nolabait ere, sistemaren barruko posizioak aldatzea errazten du. Sistema super-kontsolidatu batean oso zaila da hain denbora gutxian halako iraultza gertatzea». Joan Mari Torrealdaik 1977an egindako idazleei buruzko ikerketa aipatzen du Sarasolak eraldaketa literario hori azaltzeko. Apaizak eta fraideak ziren zerrenda hartako izen nagusiak, eta Atxagaren, Iturralderen edo Sarrionandiaren arrastorik ez bertan. Hori zen panorama orduan; bazterreko izenak ziren oraindik guztiak. Baina dena goitik behera aldatuko zen hamarkada eskas batean. 1988an Atxagak Obabakoak idatzi, hurrengo urtean Espainiako Literatura Saria jaso, eta dena aldatu zen.
Eta, Sarasolaren hitzetan, neurri batean, Pott Banda dago aldaketa horren oinarrian. Lehen editorial hartako madarikazio hartan: «Mekaben Pott».
Pott Bandak 40 urte
'MEKABEN POTT'
Aurten bete dira 40 urte Bernardo Atxagak, Joxemari Iturraldek, Jon Juaristik, Joseba Sarrionandiak, Ruper Ordorikak eta Manu Ertzillak Pott Banda sortu zutenetik. Sei aldizkariko eta liburu bakarreko uzta utzi zuten, baina talde haren ironiak eta literatura ulertzeko erak eraberritu egin zituzten euskal letrak .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu