«Hemen hasten naiz. Euria ari du. Leihotik astigarra kontenplatzen dut, zeinaren orri batzuk horitu diren, eta Punch entzuten dut, loroa, bakarrik hizketan, eta euria kilikan leun leihoetan. Aste batzuen ondoren lehen aldiz, hemen nago bakarrik, nire bizitza errealari heltzear berriz ere. Hori da arraroa: ez nire lagunak eta ez maitasun kartsuak ez dira nire bizitza erreala, baldin eta ez badut denbora bat nire kasa arakatzeko eta deskubritzeko zer ari den gertatzen, edo zer gertatu den jada. Bizitza oso idorra litzateke elikatzen eta zoratzen gaituzten eten horiek gabe, baina soilik hemen bakarrik nagoenetan goza ditzaket osorik, etxeak eta nik gure arteko aspaldiko elkarrizketei berriz heltzen diegunean».
1972ko irailaren 15ean ikusi zuen euria leihotik, astigarra, entzun Punch bere modura hizketan ari zen loroa May Sarton idazleak (1912-1995). Bakarrik bizi zen Nelson herrixkako bere etxean, New Hampshiren (AEB); idazle ezagun eta estimatua zen ordurako, eleberriz, poema bildumaz eta ez-fikziozko lanez osatutako obra ugari baten egilea. Zioenez, idazteko ez ezik, egiaz zer pentsatzen zuen argitzen saiatzeko eta non zegoen jakiteko egin zion leku zabal bat bakardadeari bere egunetan, eta, argitaratu zituen 50 liburu pasatxoen artetik, Journal of a Solitude (Bakardade baten egunerokoa) izenekoan utzi zuen ziurrenik horren testigantzarik zuzenena.
Eskuak lurrez zikintzen jardun daitekeenean ageri da zoriontsu idazlea, baita etengabeko bisita eta eginbeharretatik libratu eta goiz oso bat idazketari eskain diezaiokeenean ere
1972ko irailetik 1973ko irailera arteko egunak bildu zituen argitalpen horretan Sartonek. Eta, nolabait, bost urte lehenago kaleratutako Plant Dreaming Deep (Landareak sakon amets) liburuaren segidatzat har daiteke. Aita hil ostean —ordurako galdua zuen ama— Nelsongo etxera lekualdatu zeneko garaia kontatu zuen hartan; orduan jarri zen etxe hartan bizitzen, lorategi bat hazten, errutina berri bat sortzen. Hala idatzi zuen, esaterako, han igaro zuen lehen asteburuaz: «Afarirako erritu bat ezarri nuen. Mahaian esertzerako, loreak egon behar zuten; botila bat ardo eta mahaia mimoz jantzita, zerbitzari onenek bezala. Liburu ireki bat irakurtzeko, bakarti batentzako elkarrizketa zibilizatu baten baliokide. Dena zegoen prest etxean gonbidatu bat hartzeko, eta gonbidatu hori ni izango nintzen».
Ez da ausazkoa loreen aipamena. Journal of a Solitude-n ere etengabe ageri da idazlea bere lorategiko loreez gogoetan. «Lore bakoitzak, bere ziklo laburrean, misterio osoa gordetzen du; lorategian ez gaude inoiz urruti heriotzarik emankorrenetik, onenetik, sortzaileenetik». Eskuak lurrez zikintzen jardun daitekeenean ageri da zoriontsu idazlea, baita etengabeko bisitetatik, egun gutxiko bidaietatik eta eginbeharretatik libratu eta goiz oso bat idazketari eskain diezaiokeenean ere. «Poetaren plazerak, esanez noan bezala, badirudi horiek direla: argia, bakardadea, natura, denbora eta sortze prozesua».
Autonomiaren aldeko gerra
Wondelgemen jaio zen Sarton, Belgikan —artista zuen ama, eta historialaria aita—, baina Lehen Mundu Gerra hastean, lehenik Ingalaterrara eta handik Bostonera (AEB) emigratu zuten. Europara itzuli zen bera gero, 19 urte zituela, Parisera zehazki, eta Virginia Woolf, Elizabeth Bowen eta garai hartako beste idazle eta artista batzuk ezagutu zituen. Hala oroitzen du Woolf ezagutu zuenekoa egunerokoan: «Inoiz lagun min egin ez baginen ere, gauza asaldagarri bat ikasi nuen: pertsona bat izan daiteke hipersentibera eta aldi berean ez batere beroa».

Giro hartan argitaratu zuen The Single Hound bere lehen nobela (Ehiza-zakur bakarra, 1938), eta urteak zeramatzan AEBera itzulita bere beste eleberri sonatuenetako bat kaleratu zuenean —hemeretzi argitaratu zituen denera—: Mrs. Stevens Hears the Mermaids Singing (Stevens andreak sirenen kantua entzuten du, 1965), bi emakumeren arteko desira istorio bat kontatzen duena —emakumeekin izan zituen bere maitasun istoriorik bizienak idazleak ere—. Egunerokoan aitortzen du «ausardiaz» jokatzea eskatu ziola liburu hark: «Emakume homosexual bati buruzko nobela bat [da], zeinetan pertsonaia ez den ez sexuaren maniako bat, ez mozkor bat, ez drogazale bat, ez eta inor arbuiagarria ere beste edozein zentzutan».
'Mrs. Stevens Hears the Mermaids Singing' eleberrian bi emakumeren arteko desira istorio bat kontatu zuen; emakumeekin izan zituen maitasun istoriorik bizienak idazleak ere
Aitortzen du, halaber, ezkontza heterosexualean eta familia bizitzan girotutako beste eleberri batzuk kaleratu behar izan zituela Mrs. Stevens argitaratu aurretik. Kritiko ageri da emakumeei ezkondu ostean exijitzen zitzaien rolaz, baina berdin aipatzen du zerbait ez doala ondo baldin eta ezkondutako emakumeek bere bizitza bakartiari «inbidia» badiote, gutunen bidez batek baino gehiagok aitortu izan zioten bezala. «Ziur nago nirea ez dela giza soluziorik onena. Niri, beharbada, soluzio horrek modua eman dit zenbait artelan sortzeko, baina, egiaz, oso garesti ordaindu behar izan dut heldutasun emozionalaren eta zoriontasunaren aldetik. Nire inguruan daukadana espazioa eta denbora da. Kontua da nola euts dakiokeen horri ezkontza egitura baten barruan».
Hain justu, adiskidetasuna, zahartzea eta bakardadea bezala, emakumeen eskubideak izan ziren Sartonen gai handietako bat. Bada horren zantzurik Journal of a Solitude-n ere: «Ohartzen hasiak gara emakumeek aurre egin behar diotela beren autonomiaren eta osotasunaren aldeko gerra konplexu eta minkor bati. Egia irentsi beharra dugu, mingotsa bada ere».
Pasioa eta diziplina
Irakurlerik egon ez balitz, nobelarik ziurrenik ez, baina poesia idazten berdin jarraituko zukeen Sartonek. «Beharbada da prosa ikasia delako eta poesia emana», irizten zion. 25 urterekin argitaratu zuen bere lehen poema liburua —Encounter in April (Enkontrua apirilean)—, eta, tarteko dozenatik gora poema bildumen ondotik, Coming into Eighty izan zuen azkena (Laurogeitik hurren, 1992). «Sartonen poemak hain dira sendoak bere fedean eta giza kondizioarekiko bere erantzun baikorrean, egungo poesia ziniko eta modakoaren parte handi bati aurrea hartzen baitiote», idatzi zuen James Martin kritikariak.
«Nire lanak izan dezakeen bertute oro, bere osotasunean, nire bakartze sentimendutik eta zaurgarritasunetik dator», idatzi zuen egileak berak
Poesian bezala prosan, idazkera soila izan zen Sartonena, egunen joana eta haren xehetasunak hitz lauz dirdirarazi nahi zituena, sentimentalismorik gabe. «Nire lanak izan dezakeen bertute oro, bere osotasunean, nire bakartze sentimendutik eta zaurgarritasunetik dator», idatzi zuen egileak berak. Akademiak, berriz: «Sartonek modu ireki batean arakatzen du bere pentsamendua, batek ikusi ahal izateko moduan zer den idazle bat, zer dezakeen, zergatik, zela. Bere burua osorik ezagutarazten du, eta garaiaren izaera trazatu».
1973ko egunerokoaren amaieran, Maineko kostara bizitzera joateko aukeraz mintzo da Sarton —The House by the Sea (Etxea itsasertzean, 1977) liburuan jasoko zituen gero hangoak—, baita X. izeneko maitalearekiko hausturaz ere. Aldaketarako gogoa ageri du, lagunez, idazketaz, lorategiaz inguratuta segitzeko ilusioa, harik eta 1995eko udan bularreko minbiziak jota hil zen arte.
Irailaren 30ean idatzi zuen, urtebeteko zikloa itxita, bakardadearen egunerokoan azken sarrera: «Gaur Nelsongo egun tipiko bat da, lehenengoa asteetan; egun bat non etxean egon naitekeen eta lasai lan egin nire idazmahaian, hitzordurik ez dudala begi bistan; egun bat non lanaren ostean atseden har dezakedan eta arratsalde osoa lorategiari eskaini. Beste behin, etxea eta biok bakarrik gaude».