Artea

Max Ernst artista surrealista aitzindariaren lanak jarri ditu ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoak

Museoak artistaren 54 lan jaso ditu gordailuan, bost urteko epe baterako. Haien erdiak jarri ditu orain ikusgai, eta maiatzetik aurrera gehituko ditu besteak bildumara. Sortzailearen 1922 eta 1928 bitarteko esperimentazioaren erakusgarri dira piezak.

Max Ernst artistaren margolanak ez ezik, 'Txori-burua' eskultura ere biltzen du erakusketak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Max Ernst artistaren margolanak ez ezik, 'Txori-burua' eskultura ere biltzen du erakusketak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko otsailaren 14a
04:00
Entzun

«Erakusketa txikia da berez, baina XX. mendeko artean gertatuko dena biltzen du». Dadaismoaren bueltan hasi arren, Max Ernst artista alemaniarra surrealismoan murgiltzen hasia zen jada 1926an, Aram Mouradian eta Leonard van Leer galeristek Parisko Seine kaleko 41.ean zuten aretoan bakarkako erakusketa bat eskaini ziotenerako, eta, adituek gogoratu dutenez, arreta piztu zuen berehala. Ordura arte inor gutxik bezala harramazkatu, igurtzi eta erakusten zituen pinturak Ernstek. Besteak beste, bera jotzen da frottage, grattage eta dekalkomania tekniken asmatzailetzat, eta joera aitzindari horiei esker izan zen surrealistek taldean onartu zuten lehen pintorea, Rene Magritte, Salvador Dali, Leonora Carrington, Dorothe Tanning eta beste hamaika margolariren aurretik. Haren 25 lan inguru bildu ditu orain Bilboko Arte Ederren Museoak, eta guztiek erakusten duten esperimentazio grinagatik dio Gilermo Zuaznabar Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzaile buruak, nolabait ere, bilduma txikia izan arren, hurrengo hamarkadetan pinturak hartuko zituen zeharbideak kondentsatzen dituela haren erakusketak. Prentsatuta gordetzen dute etorkizuna Ernsten artelanek.

Guztira, Ernsten 54 lan jaso ditu museoak, gordailuan, bost urteko epe baterako, eta Obra gonbidatua izeneko programaren barruan antolatu du erakusketa. Batez ere 1922 eta 1928 bitartekoak dira artelanak, sortzailearen garairik esperimentalenetako batekoak, hain zuzen ere, eta Aram Mouradian galeristaren bildumakoak dira gehientsuenak. Ekainaren 30era arte egongo da irekita erakusketa, eta, maiatzetik aurrera, orain zabaldutako hiru aretoak ez ezik, laugarren areto bat ere hartuko du erakusketak. Oraintxe Madrilen ikusgai diren Ernsten Histoire naturelle izeneko serieko hainbat margolan gehituko dizkiote bildumari orduan.

«Ganbarako erakusketa bat dela esan daiteke». Bilduma txikia dela onartu arren, ikusgai dauden artelanen multzoaren kalitatea nabarmendu du Miriam Alzuri arte moderno eta garaikidearen kontserbatzaileak. «Ikusgarria da».

«Berez, erakusketa txikia da Max Ernsti eskainitakoa, baina XX. mendeko artean gertatuko dena biltzen dute haren artelanek»GILERMO ZUAZNABAR Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzaile burua

Azaldu duenez, giltzarria izan zen Ernsten lana bere garaiko eraldaketa artistikoan, eta haren lanek inguruko zein ondorengo artistengan izandako eragina ere nabarmendu du. Euskal Herrian, esaterako, Nikolas Lekuona aipatu du haren lanaren jarraitzaileen artean. Kasu horretan, Ernsten fotomuntatzeek izandako garrantzia azpimarratu du Alzurik, baina, gehitu duenez, «asmatzailea» ere izan zen Ernst, eta gogorarazi du gerora zabalduz joan diren frottage, grattage eta dekalkomania teknikak hark sortutakoak direla.

Autodidakta izan zen Ernst, baina artea ez ezik, filosofia, psikologia eta beste hainbat alor ikastera bultzatu zuen jakin-minak. Lehen Mundu Gerran parte hartu zuen, eta 1921ean egin zuen bere lehen erakusketetako bat, Parisen, Andre Bretonen babespean. 1922an joan zen hara bizitzera, eta gero heldu zen Mouradianen galeriako erakusketa. Avignonera (Okzitania) joan zen handik, eta Bigarren Mundu Gerra hasterako AEBetara joana zen, harik eta 1953an, berriz ere, Parisera itzuli zen arte.

Pintura hedakorra

1924ko Bi neskato pose ederrean artelanarekin abiatzen da erakusketa. Aurrez aurre topatuko du margolana bisitariak lehen aretoan, eta artelan «proto-surrealista» dela zehaztu du Alzurik. Collage teknikarekin aurrez egindako esperimentuak pinturara itzultzeko saiakera bat ikusten du bertan arte adituak. Askoz ere neurri txikiagoko Loreak-ezkatak margolana ere topatuko du bisitariak obra horren alboan, eta artistaren hainbat marrazki nahiz 1934 eta 1935 bitartean sortutako Txori-burua izeneko brontzezko eskultura ere jarri dituzte hurrengo aretoetan.

Margolanak ez ezik, esanguratsuak dira haiek erakusteko artistak sortutako markoak ere. Hori da, esaterako, 1924ko Kaiola eta txoriak lanaren kasua. Ernstek kaiola itxura duen marko baten barruan txertatzen du barrote artean irudikatutako txorien margolana, eta badira, markoan txertatutako kristal laukizuzenekin, ia-ia instalazio baten airea hartzen duten artelanak ere. Albotik begiratuta, esaterako, ia eskultura baten bolumena hartzen duen Dantzaria zeru azpian (Gautxoria) izeneko 1922ko margolanaren markoak ere. Kasu horretan, gainera, oihalaz gainera, markoaren puska bat ere baliatu zuen artistak koadroa osatzeko. Pintura hedatu bat balitz bezala.

(ID_14676156) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2025-02-13, Bilbo. Obra Gonbidatua programaren barruan, Max Ernsten obra baten aurkezpena
1924ko Kaiola eta txoriak lana. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Museoko arduradunez gainera, Georges Sebbag ere izan da erakusketaren aurkezpenean. Filosofian doktorea da Sebbag, eta, besteak beste, surrealismoari buruz idatzitako liburu eta ikerketengatik da ezaguna. Ernsten eta Mouradian galeristaren arteko harremana aztertu du berak, nagusiki, eta horri buruzko testu bat ere idatzi du museoak erakusketaren harira argitaratutako liburuxkarako. Haren hitzetan, artistaren ibilbidean erabakigarriak izan baitziren Mouradianek Parisen eskainitako lehen bi erakusketak. 1926koa lehenik, bai eta 1927koa ere ondoren. Eta bi gizonen arteko laguntasunaren ikurtzat du adituak, Ernst AEBetatik itzulitakoan, 1956an, Mouradianek artistari Parisen eskainitako hirugarrena ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.