Musika-Literatura

Matxinada, sustraiak eraldatzeko

Gaur egingo dute 'Sustraien matxinada' ikuskizuna, Loraldia festibalean. Gorka Hermosa eta Garikoitz Mendizabal musikarien azken diskoaren doinuekin, Toti Martinez de Lezea, Nerea Arrien eta Leire Bilbaoren gogoetak eskainiko dituzte.

(ID_17091373528915) Gorka Hermosa eta Garikoitz Mendizabal
Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosa, 'Sustraien matxinada' ikuskizunaren sortzaileak. MAIKA SALGUERO
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko martxoaren 5a
05:15
Entzun

Etengabe aldatuz joatea gustatzen zaio Gorka Hermosa soinu jotzaileari. Bere buruari erronka berriak jartzen dizkio, oholtzaren gainean gauza berriak probatuz joan eta erosotasunetik ihes egiteko. Erronka horietako bat da Sustraien matxinada ikuskizuna; gaur emango du, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Loraldia festibaleko ekitaldietako bat da. Ez da bakarrik egongo oholtzaren gainean; izan ere, Garikoitz Mendizabal txistulariaz gain, hiru idazle «handi» izango dira harekin: Toti Martinez de Lezea, Nerea Arrien eta Leire Bilbao.

Sustraien matxinada Hermosaren eta Mendizabalen azken diskoaren izenburua ere bada. Sustraien matxinada kontzeptuak idazleei sorrarazten dizkien hausnarketak eta diskoko kantak tartekatuko dituzte saioan. «Gure sustraiei eta gure etorkizunari buruzko gogoetak ikusi ahal izango ditu publikoak», gaineratu du Hermosak. Loraldian eskainiko dute ikuskizuna lehen aldiz.

Iazko irailean atera zuten diskoa, soinu jotzaileak azaldu duenez, euskal musikari «buelta bat» emateko asmoz. Gainera, tradizioa eraldatzen aritutako bi musikarirekin aritzeko aukera izan zuten: Carles Benavent baxu jotzailearekin, eta Tino di Geraldo bateria jolearekin. Hermosarentzat, «flamenkoa irauli duten artista handiak» dira biak ala biak.

Beste ibilbide bat

Soinu jotzaileak, musika sortzeaz gain, beste diziplina batzuetako artistekin aritzea gustuko du, horrela asko ikasten eta disfrutatzen dela uste du eta. Horregatik erabaki zuten ikuskizuna hala egitea. Hermosarentzat, beste diziplina batzuetako artistek beste modu batera azaltzen dituzte eurek plazaratutako sentsazio eta sentimenduak, eta horrek «aberastasuna» ematen die, bai proiektuari eta bai diskoari.

Bai Mendizabalek eta bai Hermosak ere oso argi zuten ikuskizunak zer bide hartu behar zuen, eta idazleekin horretan ibili dira lanean azken hilabeteetan. Sustraien matxinada kontzeptua azaldu zietenean, segituan sortu zen hiru idazleen arteko elkarrizketa, eta elkarrizketa hori bera izan da oholtzara eraman nahi izan dutena. «Musikariok, artistak izateko, ezin ditugu nota solteak bakarrik eman. Kontzeptuak behar ditugu jendea hunkitu ahal izateko».

«Musikariok, artistak izateko, ezin ditugu nota solteak bakarrik eman. Kontzeptuak behar ditugu jendea hunkitu ahal izateko». GORKA HERMOSA Musikaria

«Deserosotasuna» sorrarazten dio Hermosari sustraien matxinada kontzeptuak, eta hain zuzen deserosotasun horrek laguntzen dio hazten eszenatokian. «Hein handi batean, horrelako artistekin aritzeak errespetua ematen du, eta horrek sortzen du deserosotasuna». Hala ere, sentipen horretatik gauza politak sortzen direla pentsatzen du. Toti Martinez de Lezea aspaldiko laguna du, baina lehen aldia izan da Arrien eta Bilbaorekin proiektu bat egiten duela. Musikariek eta idazleek oso talde polita osatu dutela nabarmendu du.

Beste mota batzuetako artistekin ikuskizunak egitea aurreikusten dute bi musikariek. Esaterako, martxoaren 24an Bartzelonako Canal Gallery galerian egongo dira, Balu artista urbanoarekin batera. Haiek diskoko kantak jotzen dituzten bitartean, Baluk grafiti bat margotuko du, musikak iradokitzen dionarekin. «Gure intentzioa Euskal Herriko kulturari beste begirada bat gehitzea da. Sustraietatik abiatzen gara, baina, horri buelta bat ematean, matxinada txiki bat egiten dugu».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.