Literatura. 'HASERRETU ZAITEZTE!'

Matxinada baketsurako deia

Leire Lopez Ziluaga.
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Egilea: Stephane Hessel.

Itzultzailea: Inma Errea.

Argitaratzailea: Cenlit.

Iazko urte amaieran argitaratu zuen Haserretu zaitezte! Stephane Hesselek Frantzian, eta milioi bat kopiatik gora saldu omen du liburuak dagoeneko. Hessel Berlinen jaio zen 1917an, eta zazpi urte zituela Parisera joan zen bizitzera gurasoekin eta anaiarekin. II. Mundu Gerran parte hartu zuen, baita Frantzia okupatuaren kontrako erresistentzian ere. Gestapok atxilotu eta Buchenwarldeko sarraskitze esparrura eraman zuen, urkatzera, baina urkamendiari ihes egitea lortu zuen, baita esparru naziei ere. 1945etik aurrera Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren idazketan parte hartu zuen, eta aurrerantzean ere diplomazialari gisa egin du lan.

Haserretu zaitezte!-n, gaur egungo egoera sozial eta politikoaren aurrean haserretzeko eskatzen die herritarrei. Horretarako, erresistentziaren printzipioetara jotzen du («Erresistentziaren abiapuntua haserrea da»), eta Frantzia librerako adostu zen programa ekartzen du gogora —erretreta, Gizarte Segurantza, energia iturrien eta banketxe handien nazionalizazioa, aberastasunen banaketa, prentsa askatasuna, eta abar.—, azken urteetako atzerapausoak salatzeko.

Liburua edozein herritarrentzat bada ere, enfasi berezia egiten du gazteengan, eta haserretu daitezen eskatzen: «Gazteei esaten diet: bilatu pixka bat, aurkituko duzue-eta. Jarrerarik okerrena axolagabetasuna da, 'ezin dut ezer egin, hor konpon' esatea. Hala jokatzean, gizakiaren funtsezko osagaietako bat galtzen duzue. Ezinbestekoa den osagai bat: haserretzeko ahalmena, eta horren ondorioa den konpromisoa».

Horrez gainera, Palestinako gaur egungo egoera salatzen du liburuaren zati handi batean, eta «zureak baino askoz ere indar militar indartsuagoen okupazioa nozitzen duzunean herriaren erantzuna ezin dela izan indarkeriarik gabea» esaten badu ere, indarkeriarik eza aldarrikatzen du. Hain zuzen ere, indarkeriarik eza eta matxinada baketsua defendatzen ditu liburu amaieran egoera aldatzeko.

Hesselek esaten duena ez da inolaz ere berria, eta esateko moduan ere ez dago berritasunik. Orrialde kopuruak ere ez du gehiegi sakontzeko tartea uzten. Beharbada idatzi duenak idatzi izana da liburu honi balioa ematen diona, eta saldu duen kopia kopuruak edo horrek izan dezakeen esanahiak. Haserretzeko prest dauden milioi bat pertsona daudela adierazten du salmenta kopuruak? Ziurrenik, arrakastan lagundu du diskurtsoa modu errazean adierazi izanak eta Frantziako iraganeko une loriatsu batean oinarritu izanak. Liburua sistema barrutik sistemari egindako kritika da, hau da, haren oinarriak onartzen ditu, ez da apurtzailea alde horretatik. Merezi du herrialde berean salmenta nahiko onak izan zituen L'insurrection qui vient testuarekin batera irakurtzea. Batek matxinada demokratiko baketsuaren alde egiten du; besteak indarkeriazko matxinadaren alde. Proposatzen dituzten bideak ezberdinak badira ere, badirudi gizartearen zati batek baduela aldaketaren gaineko interesa.

Dena dela, liburuak epe mugatua du; ez dut uste hemendik bost urtera irakurriko den liburu bat denik; une jakin bati erantzutera dator. Interesgarria izango litzateke itzultzen den herrialde bakoitzean duen eragina aztertzea, aginduzko esaldi bat izenburutzat daraman liburua izanik, eraginen bat izan nahiko lukeelakoan bainago. Ezin baita modu berean irakurri Euskal Herrian, Frantzian, Espainian edo Israelen, eta, Euskal Herriari dagokionez, ez dut uste interes handiko testu bat denik. Esango nuke ekintzarako deia bera dela liburuaren alderik interesgarriena, eta hemen ohituegiak gaude akuilatuak izatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.