«Liburu hau prozesu baten ondorioa da. Duela ia hogei urte bidea hasi genuenetik, bilakaera bat egon da, eta, beharbada, liburu hau prozesu horren guztiaren ondorioa da. Belardori dagoeneko bazegokion liburu bat ateratzea. Belardologoek, gero, esango dute zer iruditu zaien». Belardologoak. Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileak sortutako Belardobelar metaren zaleak. «Egon badaude. Kalean eta nonahi aurkitzen ditut. Esaten didate zein polita halako zinta, zein bitxia bestea...».
Belardologoek laster izango dute hizpide berria, Belardo. Ba al zatoz? albuma argitaratu baitio BERRIAk. Egunkari honetan argitaratzen ditu Mattinek Belardoren istorioak, bi zintetan; larunbatero, Mantangorri gehigarrian. Euskaldunon Egunkaria-n jaio zen, hala ere; Xingola gehigarrian. 2020ko urriaren 20an.«Nik neuk ere ez nuen espero Belardok hogei urte betetzea. Baina bete egingo ditu. Eta pertsonaia guztiek bezala, bilakaera bat izan du urteotan; nik neuk bezalaxe. Xingola-tik Mantangorri-ra egindako jauzi horretan, izan da aldaketarik». Belardok tankera aldatu du, esaterako, bere txiste eta ateraldiak bazterrean utzi gabe bada ere.
Mantangorri-tik Belardo liburura ere, bada aldaketarik: «Liburu honek dakarren nobedade nagusia da Belardok kalera egin duela jauzi. Inguru urbano batera doa, eta horrek sortzen dizkion tentsioak eta gorabeherak dira liburuaren koska. Batzuetan hobeto eta besteetan okerrago ikusten du bere burua hor». Eta horretan datza, komikilariaren ustez, liburuaren gatza eta piperra. Ez da hori, baina liburuaren berrikuntza bakarra: «Formatuan berrikuntza bat bada, dudarik gabe. Bi zintako esprint batetik maratoi erdi batera pasatu naiz, ia 60 orrialdeko liburu batean. Pertsonaia berrien galeria bat ere sortu da».
Aldaketok guztiok, liburuan, gidoiaren lanketan daude oinarrituta. «Duela bost bat urte sortu nuen album edo liburu itxura zeukan zerbaiten lehen zirriborro bat. Tiraderan utzi nuen, baina. Ohartu nintzen gidoia ez zela behar bezain landua». Belardok laster 20 urte beteko zituela jabetu zen arte. «Lankide batek esan zidan. Zirriborroa tiraderatik atera, eta berriz heldu nion lanari. Batez ere, gidoia aberasteari».
Zarrakamalda (Txalaparta, 2016) liburuan izandako esperientziak gidoiari heltzeko eta orrialde kopuru horretan ez galtzeko balio izan omen zion. «Bereziki saiatu naiz elkarrizketak zaintzen. Hor datzalako, nik uste, komiki baten funtsa. Gainontzean, beti bezala saiatu naiz disfrutatzen. Onomatopeiekin eta hizkuntza aberastasunarekin ere bai». Hala, Belardok ohikoak dituen hitz jokoak, jolasak daude Ba al zatoz? albumean.
Gonbidapena irakurleari
Arlo estetikoari dagokionez, Zarrakamalda-ko zuri-beltzeko mundutik kolorera itzuli da Mattin. Irakurleen erantzunaren zain dago orain. Izenburuko Ba al zatoz? beretik egin nahi izan dio «gonbidapena» irakurleari, dioenez. Zein irakurleri, baina, zehazki? «Haurrentzat, familientzat, zeinentzat ari ote zaren... Momentu honetan nahiago dut horretan ez ito».
BERRIAren webgunean eskuradaiteke, www.berria.eus/berrialaguna/denda/ helbidean. Liburu dendetan ere banatuko dute.
Aurkezpena, berriz, Durangoko Azokan egingo du Mattinek, Xaguganbaran, komiki tailer baten bitartez. «Nik atsegin dut halako esparruak sortzea; ezinbestekoak iruditzen zaizkit. Esparru grafiko horietan, haurrek zein helduek goza dezakete marrazten». Belardoren Tailerra —izen hori eman dio komikilariak—, abenduaren 7an izango da, 17:00etan hasita. «Egia da generoak desberdintzen ditudala, baina, era berean, nahastu egiten dira. Ilustrazioa, komikia, umore grafikoa... Denen nahasketa da lan hau».
Belardo ez da Matinek sortutako pertsonaia bakarra. Haren eskutik jaioak dira, besteak beste, Bocarta detektibea (Argia aldizkarian), Kattalingorri (Ipurbeltz-en) eta Ander+Graun (Gaztetxulo-n). Haur eta gazte literaturan, berriz, 1998an hasi zen ilustrazioak egiten. Gaur arte. Euskara eta komikigintza «oso esparru txikiak» direla nabarmendu du artistak. Baina ez diotela sortzeari uzten, hala ere. «Sortzen ari gara. Gurea ez da itzulpen bat. Eta eskaintzen ditugun tailer horiek ere ez dira aisialdi tailer hutsak. 30 urte-edo daramatzagu mundu honetan. Gauden etapan gaude. Honezkero badugu ibilbide pertsonal eta profesional bat, eta transmisio bat egiten ari gara, neurri batean».
Mattin: «Bi zintako esprintetik maratoi erdira pasatu naiz»
'Belardo. Ba al zatoz?' albuma egin du marrazkilariak. Duela ia 20 urte 'Egunkaria'-n sortu zuen pertsonaiak bilakaera bat izan duela dio; oraingoan, gune urbanoan kokatu du. BERRIAk argitaratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu