Azken kantan dator printzipio deklarazioa: «Ez gara hona etorri/ ezer berria asmatzen/ ez gara etorri rock-and-rolla salbatzen. Gure mugak zeintzuk diren oso argi izan arren/ begira, oraindik segitzen dugu hemen./ Aspaldi esan genuen/ bidea dugu helmuga». Punk-rock, rock, hard rock eta pop ukituko bederatzi kanta biltzen ditu Larregi taldearen Pantomima diskoak. Bazuten maketa bat eta disko bat aurrez, eta bigarren lana kaleratu berri dute orain, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Banden Lehiari esker. Lehen postua lortu zuten iaz, eta lehiaketa horri esker kaleratu dute orain diskoa Baga Biga disko etxearekin.
Lau kide eta bi belaunaldi. Ekuazio hori dago taldearen oinarrian Unai Santos gitarra jotzaile eta abeslariak azaldu duenez. «Musikalki 90eko hamarkadakoak gara taldeko bi, eta ia hamar urte gazteagoak dira beste biak, eta erreferenteak ezberdinak dira». Eta bi ezpaletako kolaboratzaileak elkartu dituzte diskoan horregatik. «EH Sukarra, Sorotan Bele eta bestek osatutako belaunaldiaren ordezkari modura Xabi Camarero Urtzeko abeslariak ahotsa jarri dio kanta bati, eta Pello Artabe ere deitu dugu [Eskean Kristo] beste kanta batean kolaboratzeko gaur egun egiten den rockaren ordezkari gisa». Eta bi adar horien artean taldea, eta bi adar horien artean diskoa.
Ez da lan kontzeptuala, baina badu ardatz nagusi bat, halere. Kanta bat baino gehiagotan ageri dira gezurrei, itxurakeriari eta faltsukeriari buruzko hitzak, eta horregatik hautatu dute diskoaren izenburua: Pantomima. Beste aldera begiratzeari buruz mintzo, da esaterako, Urtz taldearen aire bat duen Ostruka rockeroa, gezurrez ari da Gezurra ari du azkar eta laburra, eta itxurakeria du gai programazioz lagundutako Maskarak abestiak.
Melodien garrantzia
Usurbilen grabatu dute diskoa (Gipuzkoa). Pozik gelditu dira taldekideak Haritz Harregiteknikariaren lanarekin eta aitortzen dutenez igartzen da haren eskua ere diskoan. Zuzenekoetan zikinago eta gogorrago dira kantak, diskoan, aldiz, distortsioak mantentzen diren arren ahotsak eta melodiak gailentzen dira. «Hor ikusten da Harregiren eragina. Gure diskoan ez dago bateria erritmo edo gitarra riff ikusgarririk, baina asko lantzen ditugu melodiak. Ahotsei ematen diegu garrantzirik handiena». Eta argi igartzen da, adibidez, aurrerapen modura hautatu duten Zuloa kantan.
Melodikotasun hori azpimarratu du Ritxi Aizpuru Baga Biga disko etxeko arduradunak ere, eta aipatu du froga. «Euskal Herriko irrati formula batean hor dago kantua, eta horrek esan nahi du zerbait. Nahiz eta punka egin, nahiz eta rock amerikarraren puntu hori eduki, horrelako irrati formula batean egoteak bidea markatuko dio taldeari».
Bada bertsio bat ere diskoan. Eskoziako Biffy Clyro taldearen abesti bat moldatu eta euskaratu dute Larregikoek, baina Santosen hitzetan oso libre jokatu nahi izan dute. «Bertsio arriskatu bat da. Leloa antzekoa da, baina egitura aldatu dugu eta abestia laburtu».
Zabalik da jadanik aurtengo Banden Lehian izena emateko epea, eta orain arte bezala bikoitza izango da saria. BBK Live jaialdia zabaltzeko aukera izango du garaileak, eta baita diskoa bat grabatzekoa ere. Azaroaren 27an egingo dute finala Bilbon, eta epaimahai baten eta bertaratzen den jendearen botoekin erabakiko dute saria nori eman.
KONTZERTUAK
Urriaren 23an.Lemoako gaztetxean (Bizkaia)
Azaroaren 13an. GironakoAlternativa aretoan (Katalunia)
Azaroaren 14an. Bartzelonako Razzmatazz aretoan, EH Sona jaialdian.
Maskararen atzekoak
Iaz Banden Lehia irabazi eta bigarren diskoa kaleratu du orain Larregi taldeak.Punka, rocka eta melodiak dira nagusi 'Pantomima' lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu