Dario Fo hil zen egunean sortu zitzaion emanaldiaren ideia Mikel Martinez aktoreari. Antzerkigilearen heriotzari buruzko artikulu bat eskatu zion BERRIA egunkariak, eta, hura idazten hasi ahala, joan zen konturatuz italiarrak bere ibilbidean eduki zuen garrantziaz. Gaztetan haren antzezlan bat ikusi, barruraino heldu, eta denbora gutxira erabaki zuen mediku karrera baztertu, eta antzerkian murgiltzea: «Bestelako ofizioak utzi, eta aktore sartu nintzen buru belarri. Dario Foren erruagatik, neurri handi batean». Esker on keinu moduko bat da horregatik gaur Bilboko Cafe Bar Bilbao tabernan Irati Agirreazkuenaga aktorearekin batera egingo duen Biba Voi! ikuskizuna. Han, Dario Foren eta haren bikote sorkuntza kide izandako Franca Rameren hainbat antzezlan zati hautatu dituzte aktoreek, eta horiek emango dituzte jendaurrean. Irakurketa dramatizatuak izango dira batzuk, eta bakarrizketa antzeztuak besteak, baina zorrotzak eta satirikoak guztiak. Loraldia jaialdiaren barruan izango da emanaldia, eta doakoa izango da sarrera.
«Dario Fo da Dario Fo». Esaldi horren bidez laburbildu du Martinezek antzerkigile italiarraren erreferentzialtasuna. Izan ere, iaz 90 urterekin hil zen arte ibili zen italiarra bere antzezlan satiriko, zorrotz eta umoretsuak antzokiz antzoki eramaten, eta Literaturako Nobel saria ere jaso zuen bufoien tradizioa garaikide bilakatzeko esfortzu horregatik, 1997an. Ezagun dira, esaterako, haren Anarkista baten ustekabeko heriotza antzezlana, eta Mistero Buffo izenburu pean bildutako bakarrizketa sorta ere. Baina, antzerkigile haren handitasuna aldarrikatzearekin batera, harekin batera aritu zen Franca Rame antzerkigile eta aktorearen handitasuna ere aldarrikatu nahi izan du. «Biek elkarrekin lan egiten zuten, eta bietako batek sinatutako lan asko, benetan bien artean sortutako lanak izaten ziren. Bikote banaezina dira».
Rameren figura azpimarratu du Agirreazkuenagak, hain zuzen ere. «Omenaldiaren helburua bazen haren figurari ikusgarritasuna ematea ere. Nik neuk ere Fo baino askoz gutxiago ezagutzen nuen, eta belaunaldi batentzat erabat ezezaguna izango da ziur aski». Foren heriotzak baino nabarmen arreta txikiagoa jaso zuen Rameren heriotzak ere 2013an, baina biek elkarrekin sortu zituzten antzezlanetariko asko, eta biek jasan behar izan zituzten zentsura eta eskuin muturreko taldeen erasoak ere. Bahitu eta bortxatu ere egin zuten Rame 1973an, esaterako. Nobel saria ere biena zela esan zuen Fok sari banaketa ekitaldian. Eta, ezinbestean, bien lanak batera eskainiko dituzte orain Martinezek eta Agirreazkuenagak.
Emanaldia omenaldi «xume» bat baino ez dela zehaztu du Martinezek, baina «polita» izango dela ere aurreratu du; «eskaintzen diren testuak oso politak direlako». Pistolaren begi zuri beltzak antzezlanaren pasarte bat eskainiko dute, esaterako, Mistero Buffo pieza sortako Eroa eta herioa bakarrizketa, Tutta casa, letto e chiesa bildumako Rameren bakarrizketa batzuk, eta, noski, baita Fok sinatutako Anarkista baten ustekabeko heriotza piezaren atal bat ere. Horrez gainera, Rameren hileta ostean, Fok kalean haren omenez bota zuen ipuin bat ere eskainiko dute. «Oso testu polita da, eta momentu hunkigarria izan zen, zerraldoaren aurrean», azaldu du Martinezek.
Propio itzulitako piezak
Aurrez ere euskaraturik zeuden emanaldian erabiliko dituzten testu batzuk, eta teatro-testuak.com orrian topa daitezke haietariko batzuk, baina propio gaurko itzuli dituzte Rameren bakarrizketa batzuk, esaterako. Xabi Payari eskatu diote lan hori, eta zalantza dute, azkenean, Patxo Telleriak itzulitako Lazaroren berpiztea pieza eskaini edo ez. «Luzeegi geratzen zaigu, eta ikusiko dugu sartzen dugun edo ez», azaldu du Martinezek.
Bi aktoreak baino ez dira egongo oholtzan, eta ez dira beti antzezten arituko; are soilago ere arituko dira tarteka, testuaren irakurketa dramatizatuz. «Metro koadro erdi bat bakarrik izango dugu», azaldu du bromazale Martinezek, «eta hori izango da ikuskizunak duen gauzarik erakargarriena». Eta, balizko publikoaren rolean sarturik, borobildu du gogoeta gero: «Joe, bueno, gauza handirik ez dute egin, baina hain leku txikian aritzeko, meritua badaukate!».
Moldatu egin dituzte testu batzuk bikotean egin ahal izateko, eta txatalka osatuko dute emanaldia. Aurkeztu egingo dituzte lehenik testu zatiak, eta irakurri edo antzeztu egingo dituzte gero. Agirreazkuenaga: «Ramek eta Fok ere azalpen bat ematen zuten obra hasi aurretik, bertan zeri buruz hitz egingo zuten azalduz, eta guk ere hori egiten dugu. Obra noiz idatzi zuten, eta zer helburu zuten azalduko dugu pieza eta pieza artean».
Mundu erdia gurutzatua du, esaterako, Anarkista baten ezusteko heriotza antzezlaneko Francesco Giovani Battista inspektorearen aurkezpenak, eta 2001ean eskaini zen euskaraz lehenengo Julia Marinen itzulpenean. Eta gaur ere eskainiko dute pieza horren zati bat. «Francesco Giovani Battista Giancarlo Bertozzo nauzue, polizia-inspektorea. Hau nire bulegoa da, gure Komisaria Nagusiaren lehen solairuan, Milanen. Komisaria honek ospe handia hartu du duela zenbait aste izandako gertaera malapartatu baten erruz: anarkista bati galdeketa egiten ari zitzaizkion honen antzeko bulego batean, baina hiru solairu gorago, eta leihotik behera bota zuen bere burua. Gertakizun harrez geroztik, nire lankideek deklaratu zuten, arrazoi handiz deklaratu ere, gertatutakoa suizidioa izan zela. Baina ikerketaren epai ofizialak aditzera eman zuenaren arabera, anarkistaren heriotza ezustekotzat hartu beharrekoa zen».
Ezagun ezezagunak
Egile ezagunak dira Rame eta Fo, baina haien lana aldarrikatzeko beharra azpimarratu dute bi euskal aktoreek. «Jendeak ezagutzen ditu, baina ongi etorriko zaie memoria freskatzea», azaldu du lehenik Martinezek, eta jarraitu du gero Agirreazkuenagak: «Beharbada, izenez gehiago dira ezagunak beren lanagatik baino». Eta lan hori da haiek taularatu nahi dutena. «Omenaldi umil, sentitu eta maitekorra izango da».
Maskarak biluzten dituen antzerkia
Dario Fo eta Franca Rame antzerkigileen hainbat lan zati dramatizatuko dituzte gaur Mikel Martinez eta Irati Agirreazkuenaga aktoreek, Loraldia jaialdiaren barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu