MASKARA MASKARAREN GAINEAN

Pandemia fikzioa gainditu duen errealitate bat izan bada, nola itzularazi errealitate hori fikziora? Egoerak denei eragin dien arren, idazle eta zinemagile batzuek mozorroa jarri diote bizitzen ari ziren garaiari, distantziak eman dezakeen perspektiba osoa izan arte itxaron gabe.

Kinka. Maider Oleaga zinemagilea eta Maria Isabel Diaz aktorea, filmaketan. MARTA FRESNILLO.
Andoni Imaz
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun

Presak ez du ospe onik. Topikoa da distantziak ematen duela gauzak behar bezala pentsatzeko eta azaltzeko egokiera. Oraintsu bete dira bi urte koronabirusari aurre egiteko asmoz munduko gobernuek konfinamendua ezarri zutenetik, eta berehala iritsi ziren pandemiari buruzko lanak, gehienak egunerokoak eta saiakerak, horiei oportunismoa egozten zien marmarrarekin batera. Ordutik bizi izandakoak baldintzatu egin ditu azken boladako argitalpenak, filmak, antzezlanak eta gainontzeko arte diziplinetako lanak. Batzuek, gainera, fikziora eraman dute mundu garaikidea, ia-ia orainaldiaren marran orekan dabilen errealitate hori; fikzioaren maskara elkartuz aurpegietako babesgarriekin, bizitza artifizioz janzteko edo eranzteko.

Pandemiak markatutako garai historikoa antzematen erraza da, esaterako, Iñaki Segurolaren Koiteretzia eleberri dialogikoan eta Asier Iturralde Gastón-en Beti Berdin taberna koronabirusaren garaian komikian kontatzen diren fikziozko istorioetan. Eta aipamenen bat egin diote Fermin Etxegoienek Totelak-en, Eider Rodriguezek Eraikuntzarako materiala-n eta Kirmen Uribek Izurdeen aurreko bizitza-n, besteak beste.

Gaiari buruzko lagin bat komentatzeko asmoz, BERRIAk Bertol Arrieta idazlearekin eta Iban del Campo eta Maider Oleaga zinemagileekin hitz egin du; lehenak Gezurra berdaderoa nobela argitaratu zuen iaz, eta besteek, Serendipia eta Kinka film laburrak zuzendu, hurrenez hurren.

Koronabirusaren garaian girotutako fikzioez galdetuta, idaztea «mendeku luze baten istorioa» dela erantzun zuen Enrique Vila-Matas idazle katalanak, eta frantsesek eskailerako espiritua esaten dioten horrekin lotu zuen egoera: erantzuna berandu etortzen den unea izendatzeko erabiltzen da, non dagoeneko ez baitu balio, eskailera jaisten ari zarelako, eta erantzun burutsua lehenago eman behar zenuelako, goian zeundenean. «Bizitzan jarri behar genuena idatziz jartzearen istorio hedatua», hori da fikzioa, haren ustez; beraz, pandemia igarotzean has litezke beroan esan gabekoak azaleratzen.

Del Campok (Arrasate, Gipuzkoa, 1971) horren kontrapuntu gisa uler litekeen beste aipu bat du gogoan: «Sute bat zure logela kiskaltzear balego bezala idatzi behar da»; unea jaso, azkena balitz bezala. Hala idatzi zuen berak Serendipia, 2020an, konfinamendutik atera berritan. Etxean bizi izandakoa irudikatu ordez, beste toki batetik heldu dio gaiari: COVID-19aren kontrako txertoaren bila ari den zientzialari bat da protagonista (Amancay Gaztañaga). «Gehienontzat zientzia fikziozkoa den mundu hori, laborategiena eta mikrobiologoena, albistegi guztietara iritsi zen bat-batean. Hor sartzea pentsatu nuen, umorez eta lotsagabekeria puntu batekin».

Zientzialaria beirate handidun zentro moderno batean sartu du, eta kamera kanpoan kokatu du, hura bakartuta irudikatzeko. Horren kontrastean, Oleagak (Bilbo, 1976) etxe barrua filmatu du soilik Kinka-n; kanpokoa mehatxua da. Del Campok mundu ezezagun batean jarri du arreta, eta Oleagak, berriz, isildua edo estalia izan den errealitate batean. Bi emakumeren istorioa kontatu du: Mari (Elena Irureta) adindu erdi gor bat da, eta Doroty (Maria Isabel Diaz), haren etxera lehen aldiz iritsi den zaintzaile migratzailea. «Denok egon ginen itxita, baina batzuk bereziki gaizki: zaharrak, mehatxupean, eta zaintzaile etorkinak, egoera oso bortitzetan».

Maider Oleaga zinemagilea eta Maria Isabel Diaz aktorea, 'Kinka'-ren filmaketan. MARTA FRESNILLO

Zinemagilearen lanik zailena zera izan da, hiriaren giro geldo eta isila adieraztea kanpoko ezer erakutsi gabe. «Hobe da giroaren eta soinuen bidez sentiaraztea. Horretarako, irudia, soinua eta aktoreak erabili behar dituzu. Informazioa irratiaren bidez iristen da: gertatzen ari zenaren berri emateko, Mariren bakardadea adierazteko, eta euskara entzuteko; beste muga bat Dorotyrentzat», azaldu du Oleagak.

Serendipia-n, zientzialaria bakarrik dagoenez, haren off-eko ahotsaren bidez josi du narrazioa Del Campok. Soinua garrantzitsua da film horretan ere, eta, gainera, Maite Arroitajauregi Mursego-k musika sortu du: «Beste geruza bat ematen dio, puntu exotiko bat, laborategi batean espero ez duzuna».

Laborategiko zatia Nanogunean filmatu zuten, Donostian, eta kanpokoa, Antion, Zumarragan (Gipuzkoa). Ikusleek beiratearen beste aldetik begiratzen diote protagonistari: «Kristalaren beste aldean ikusten dugu, berak birusak lenteen bidez ikusten dituen bezala; kamera mikroskopioa balitz bezala begiratzen diogu berari».

Bi laburrak Itxitik programaren bidez sortu zituzten; Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Zineuskadik jarri zuten abian, 2020ko udan, itxialdian girotutako zazpi film labur ekoizteko.

Arrieta (Zarautz, Gipuzkoa, 1975) konfinamenduan hasi zen Gezurra berdaderoa idazten, «kaiolatuta» zegoela. «Sentitu nuen umorezko zerbait behar nuela, nik neuk ondo pasatzeko zerbait, egoera petral haren ifrentzu bat. Aspalditik gordeta neukan abiapuntu bati heldu nion». Hauxe: 40ak beteak dituen gizon batek hutsetik hasi behar du, neska lagunak utzi egin duelako eta lanik gabe geratu delako.

Bizitza berria itxuratzen ari denean, Arrietak berriro hutsetik hasaraziko du, fikzioan ere konfinamendua ezarriz. «Horrek beste norabide bat ematen dio: pertsonaia bideratzen du hausnartzera, ez egoeraz bakarrik, baita bizitzaren zentzuaz ere, nolabait». Eta norabide berri horretan abiatzearekin batera konturatu zen idazlea esku artean zuen testu horrek nobela baten traza hartu zuela.

Barrena husteko ere baliatu zuen aukera: «Pertsonaia bizitzako garai txar batean dago, baina inbidia ere ematen zidan, zeren gu barruan baikeunden, eta bera libre. Gehiago estutu nahi nuen», kontatu du, barrez.

Pandemiaren iritsiera hori leuntzeak lana eskatu zion idazleari, hain justu: «Hasieran nabarmena zen etena, erritmo eta tonu aldetik, eta lan dezente egin behar izan nuen protagonistaren jario jarraitu horrek jarrai zezan».

Erre gabe, baina bero

Distantzia behar omen da, beraz, gauzak ondo kontatzeko. Distantziak, ordea, tentsioa itzal lezake. «Uste dut ez dela ezer askorik atera oraindik, tarte txikiegia dugulako. Era berean, orain gidoi bat idaztea zailagoa litzateke; bizipena urrun geratu da», esan du Oleagak. Uste du garai aproposean egin zuela filma: bizi izandakoa «soinean» zutenean oraindik, eta iruditzen zaio orduan idatzitakoak, orain ikusita, balio duela garaia hobeto ulertzeko.

Arrietari ere kosta egingo litzaioke orain gaiaz idaztea. Bizi ahala kontatuz aritu zen eroso: «Pandemiari buruzko zatia idazten ari nintzenean, atzetik nindoan denboran, baina iritsi zen momentu bat, ekainean edo, non bat egin baitzuten nobelaren denborak eta benetakoak». Bere bizipenekin jantzi zuen istorioa.

Gainera, idazleak uste du liburuko pertsonaiak garaian garaiko aldartea islatzen duela: «Pandemiak denbora eman digu daukaguna balioesteko, baina baita gure bizimodua zalantzan jartzeko ere: nahi dugun bezalakoa ote den, zer egin dezakegun horren kontra...».

Oleagak Irrits film laburra aurkeztu berri du Malagako Zinemaldian (Espainia), Kinka-ren «kontrako» lan bat: udan girotua, kanpoaldean, gozamena erakusten, bi neska gazterekin... «Itxialdiaren ondoren, nire kezka zen nola kudeatuko genituen emozioak, besteengana berriro gerturatze hori, eta agian hortik sortuko zen Irrits, erreakzio baten moduan. Orain horrela irakurtzen dut: 'Goazen kanpora eta elkarren gertu egotera!'».

Film berri baten gidoia idazten ari da orain, eta bere burua harritu zuen galdera hau sortu zitzaionean: «Zer garaitan gertatzen da hau? Lehen ala orain?». Koronabirusak mugarri bat ezarri du, eta garai bat definitu: fikzioa edozein unetan itzul litekeen garai bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.