Festa agindu zuen Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendariak lehenengo egunerako, eta festagune bilakatu zen, atzo iluntzean, Zurriola hondartzako Keler gunea. Aitzakiarik gabeko jai handi bat proposatzen baitu Village People taldeak, ikusleak kantuan eta dantzan jarraraziko dituen ikuskizun bat. Taldeak 1970eko hamarkadaren amaieran eta hurrengoaren hasieran bizi izan zuen bere une gorena, disco musika New Yorketik mundu osora zabaldu zenean. Eta, gaur egun, taldearen osaera klasikoko sei kantarietatik bakarra gelditzen denean —Victor Willis polizia—, proposamenaren funtsa ez da aldatu, Village People talde oso arrakastatsua bilakatu zuten piezak baitira emanaldiaren oinarri eta osagai erabateko.
Ohi bezala, beren mozorroak soinean igo ziren oholtzara sei abeslariak: Willis, James Lee (soldadua), Jeffrey Lippold (motorzalea), James Kwong (eraikuntzako langilea), Javier Perez (Ameriketako jatorrizko herrietako kidea) eta Nicholas Manelick (cowboya), eta haiek eman zieten hasiera Donostiako 58. Jazzaldiko hondartzako emanaldiei.
Hasieratik festa bat antolatzeko asmoarekin azaldu ziren taldekoak. Atzean instrumentista talde sendoa zutela, banan-banan atera ziren sei kantariak oholtzara, eta Willis taldeko burua emanaldiaren zeremonia maisu agertu zen. Fire Island-ekin hasi ziren, eta jarraian iritsi zen All Night Thing, Invisible Man's Band 1970eko hamarkadako soul taldearen bertsioa.
Village People, baina, ikuskizun herrikoira bideratutako proposamen bat da, eta hori oso agerian geratu zen ondorengo tartean: Willisek Lippold eta Perez dantza lehiaketa batera gonbidatu zituen oholtzara, eta entzuleei eskatu zien bataren edo bestearen alde egiteko. Ordurako, Zurriola betetzen zuen publiko heterogeneoa —beterano asko, baina gazteak ere bai— dantzan eta algaraka ari zen. Gerora etorri ziren Hot Cop, San Francisco (You've Got Me), Go West, In the Navy eta Y.M.C.A., taldearen klasikoen artean klasikoena.
Village Peopleren lekukoa Fred Wesley & The New JBs taldeak hartu zuen Keler gunean, gauerdirako ordu erdi falta zela. Wesley (1943) Ike & Tina Turnerrekin aritu zen tronboia jotzen 1960ko hamarkadan, baina, batik bat, James Brownekin 1969tik 1975era bitartean egindako lanak egin zuen ezagun. Izan ere, tronboia jotzeaz gain, Brownen proiektuaren musika zuzendari eta konpositorea ere izan zen urte haietan.
Donostiako Jazzaldia, baina, ordu batzuk lehenago hasia zen. Eguerdian Yosuke Yamashita pianista japoniarrak kontzertua eman zuen San Telmon, eta, arratsaldean, Kenny Barron pianistak EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra izan zuen lagun Kursaaleko auditoriumean egindako emanaldian.
Kursaalaren ingurua ere, ohi bezala, musika eskaintza zabalaren erakusleku bilakatu zen arratsaldeko azken orduetan.
Jazz jaialdia da Donostiakoa, baina etiketari ihes egiten dioten musikariek ere lekua dute bertan. Damir Imamovic abeslari bosniarrak bere herrialdearen musika tradizionala, sevdah, ekarri zuen jazzaldira. Derya Turkan kemençearekin —biolinaren familiako tresna— eta Ziga Goloben kontrabaxuarekin, XV. mendetik hona iraun duen musika baten testigantza zuzenean interpretatu zuen Donostian.
Jazzetik askoz gertuago dago Ill Considered hirukote ingelesa, nahiz eta etiketa txiki geratzen zaion. Idris Rahman saxo jotzaileak gidatzen duen hirukotea jazz inprobisaziotik abiatzen da, baina rockera eta, areago, post-hardcorera ere iritsi zen atzoko emanaldian, Kursaaleko kubo txikiaren atzealdean eman zuen kontzertu indartsu eta erabat katartikoan. Publikoak gozatu ederra hartu zuen, pasarte lasaiak izan arren, punk eztanda bat ekarri zuen emanaldiarekin.
Guztientzako musika
Festa, dantza eta dibertimendua. Horixe bera agindu zieten, atzo goizean egindako prentsaurrekoan, Village People taldeko kideek entzuleei. «Mundu guztiarentzako musika egiten dugu», adierazi zuen Willisek, abeslari beterano eta egungo taldearen buruak, polizia jantzia soinean zuela. Eta ideia bera nabarmendu zuten —haiek ere beren mozorroak jantziak zituztela— egun taldea osatzen duten gainerako kideek ere: «Geure kantuak mundu guztiarentzat dira».
Disco musikaren ordezkaririk nabarmenetakoa izan da taldea urte luzez. 1977an Village People estreinako diskoarekin arrakasta handia lortu zuten dagoeneko; bertan bildu zituzten oraindik ere askorentzat haien kanturik ezagunenetakoak diren zenbait, hala nola San Francisco (You've Got Me) eta In Hollywood (Everybody Is a Star). Urtebetera plazaratu zuten bigarren albuma, Macho Man (1978), eta segidan heldu zen Cruisin' (1978), zeinean beren kanturik ezagunena jaso zuten: Y.M.C.A. Beste bi lan eman zituzten hurrengo urtean, Go West (1979) eta Live and Sleazy (1979), eta beste hainbat kantu arrakastatsu bildu zituzten haietan, tartean, Go West eta In the Navy. 1980ko hamarkadan ere plazaratu zuten albumik. Ordutik, hainbat kidek utzi dute banda, eta beste hainbatek hartu dute haien lekua urteotan; Willis da jatorrizko taldetik bertan segitzen duen bakarra, nahiz eta bera ere taldetik kanpo izan zen zenbait urtez.
Musika «inklusiboa»
«Gure ikuskizuna dibertigarria eta adin guztietako jendearentzat da», berretsi zuen Willisek. «Batzuk mozorrotuta etorri ohi dira kontzertuetara, baina beharrezkoa ere ez da. Garrantzitsuena ongi pasatzeko gogoz etortzea da». Urteak igaro diren arren, gazteek ere beren kantuak ezagutzen dituztela, eta horrek asko pozten dituela gehitu zuen: «Zorionekoak gara belaunaldi desberdinek gozatzen dutelako gure abestiez».
Taldearen hainbat abesti LGTBI+ mugimenduko kideentzat ereserki bihurtu izanak zer sentiarazten dien galdetuta, abeslariak adierazi zuen beren asmoa ez dela izan talde jakin batentzako kantuak egitea, «mundu guztiak» gozatzeko modukoak sortzea baizik. «Jende desberdinak estimatzen duen energia bat sortzen du gure musikak». Lippoldek gehitu zuen «elkarren artean oso desberdinak diren pertsonek» uler ditzaketela beren kantuak, «positiboak eta dibertigarriak» direlako. «Gure musika denentzat da, nik asko gozatzen dut kantatzen dudanean».
Ildo beretik, eskubideetan gizarteak atzeraka egitearen arriskuaz galdetuta, Lippoldek iritzi zion politikak «zatitu» egiten duela, eta, aldiz, beren musika «inklusiboa» dela eta jendea haren inguruan «elkartzea eta elkar zaintzea» dutela helburutzat. Antzera mintzatu zen Willis ere: «Gure hitzak ez dira politikoak, eta ez dugu musika egiten ez Alderdi Demokratarentzat ez Alderdi Errepublikanoarentzat. [Donald] Trumpek gure kantuak gustuko baditu, ezin dut ezer esan, baina ez dugu politizatzerik nahi».
Donostiako 58. Jazzaldia
Masentzako ikuskizun bat
Village People New Yorkeko taldearen disco musikarekin abiatu dira Donostiako 58. Jazzaldiko Zurriolako kontzertuak. EGOk lagunduta, Kenny Barronek emanaldi bat egin du Kursaalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu