Maryse Conde idazlea (Pointe-a-Pitre, Guadalupe, 1937) gaur goizaldean hil da, haren ingurukoek jakinarazi dutenez. Karibeko kulturaren defendatzaile eta kolonialismo frantziarrak eragindako ondorioen kronikagile izan zen Conde, eta hamaika liburu argitaratu zituen, genero ugaritakoak —eleberriak, saiakerak, ipuinak, kronikak eta beste—; horretaz gain, irakaslea ere izan zen. 2018an Literatura Akademia Berriaren Literatura Sari Berria irabazi zuen, Nobel sariaren alternatiba gisa eratu zutena urte hartan Suediako akademiaren barruan izandako eskandaluak zirela eta. Orduko hartan honako hau adierazi zuen epaimahaiak Conderen lanari buruz: «Kolonialismoaren sarraskiak eta kolonialismo osteko kaosa deskribatzen ditu, hizkuntza zehatz eta aldi berean hunkigarri batean».
Liburu bakarra du Condek euskaraz, Bihotza negar eta irri, Joxe Mari Berasategik itzulia, eta Erein eta Igela argitaletxeek 2021ean Literatura Unibertsala bildumaren barruan kaleratutakoa.
Maryse Boucolon izenarekin jaio zen Conde, Guadalupen; zortzi senidetan gazteena zen, eta garai hartan bere herrialdean sortzen ari zen burgesia beltzeko familia batean jaioa. Berasategik Bihotza negar eta irri-ren aurkezpenean azaldu zuenez, «gogor lan eginez burgestutako beltzen alaba» izan zen Conde. Hain zuzen ere, heziketa frantses erabatekoa izan zuen, etxean gurasoek baztertu eta ezkutatu egin baitzioten kreolera. 1950ean, bigarren hezkuntzako eskola bukatuta, Parisera bidali zuten, Fenelon lizeora lehenbizi, eta Sorbonako Unibertsitate ospetsura ondoren, non literatura konparatuko doktoretza egin baitzuen.
Parisen egin zituen urte haietan giro antikolonialetan sartu zen, eta ordura arte arrotzak zitzaizkion kontzeptu ugari bereganatu zituen: arrazakeria, kolonialismoa, identitatea eta beste. 1960ko hamarkadaren hasiera zen, eta Frantziako Gobernuak sustatutako programa batekin Afrikara jo zuen frantses irakasle aritzeko. Lehendabizi, Boli Kostara. Segidan, Ghana, Ginea eta Senegalera. Horrela, urte haietan kolonialismoaren aurkako eta independentziaren aldeko mugimenduak bertatik bertara ezagutu zituen Condek, herrialde horietan indartzen ari baitziren.
1960ko hamarkadaren erdialdean, Londresera lekualdatu zen tarte batez, eta BBCrako izan zen lanean, baina, berriro Afrikara itzuli ondoren —Ghanan eta Senegalen izan zen—, 1970eko hamarkadaren hasieran Frantziara itzuli zen, eta orduan ekin zion, bete-betean, idazteari.
Esperientzia kolonialaren memoria
Conderen literatur obraren parte handi bat fikzio historikoari lotuta azaltzen da, eta, zehazki, Afrikaren, esklabotzaren eta esperientzia kolonialaren memoriari atxikia. Eta beti ikuspegi politiko bat erakusten du, idazleak berak adierazi izan duenez, ezingo bailuke edozertaz idatzi, «garrantzi politikorik ez duenaz behinik behin».
Segou bi liburuko saga ezagunak, adibidez (1984-1985), Maliko Bambara inperioaren gainbehera kontatzen du, XIX. mendean girotuta: esklabotza, erlijio berria, kolonialismoa eta beste gai ugari plazaratzen ditu egileak familia baten istorioaren bitartez.
Bere lanetan Afrikaren historiari begiratu bazion ere, Condek arrazakeria eta kolonialismoa garatutako beste herrialde batzuetan ere jarri zituen begia eta eskua. Hala, Moi, Tituba sorcière-n (Ni, Tituba sorgina) Salemgo sorginen istorioari eta epaiketari erreparatu zion —Arthur Millerren The Crucible antzezlana ere eragin zuena—. XVII. mendean, kristau puritanismoaren abaroan, inolako errukirik izan ez zuen sorgin ehiza bat piztu zuten Salem herrian (AEB), eta Condek prozesu haren benetako biktima bat —Tituba, Afrikatik esklabo iritsitako emakumea— hartu zuen nobelaren protagonistatzat.
Conderen literatur obraren parte handi bat fikzio historikoari lotuta azaltzen da, eta, zehazki, Afrikaren, esklabotzaren eta esperientzia kolonialaren memoriari atxikia.
Conderen beste liburu batzuek memoria pertsonalari begiratzen diote zuzenean, askotan fikzioaren bitartez bada ere. Bihotza negar eta irri lanak, adibidez, Ene haurtzaroko istorio egiazkoak du azpititulua, eta hamazazpi kontakizunek osatzen dute. Maryse Boucolon haurra da protagonista, eta irakurleari erakusten dio nola doan mundua deskubrituz, hain zuzen ere, herritik kanpora ikastera joaten den arte. La vie sans fards lanean (Apaingarririk gabeko bizitza) eman zien segida memoria ardatz duten kontakizunei, jaioterria utzi osteko ibilerak eta gogoetak biltzen zituztenei.