Mary Shelleyren eta Frankensteinen alderik ezezagunenaren kontakizuna

'Mary Shelley: Munstroaren heriotza' komikiaren inguruko erakusketa aurkeztu dute EHUn

Julio Cesar Iglesias gidoilaria eta Raquel Lagartos ilustratzailea dira komikiaren egileak. GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2018ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Amaitu da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 29. Astea, baina Mary Shelleyren espirituak Donostian jarraituko du pixka batean. EHUren Gipuzkoako campuseko Carlos Santamaria zentroan, Mary Shelley: Munstroaren heriotza izeneko erakusketa zabalik egongo da azaroaren 15era bitarte. Izen bereko komikiaren edizio berritua aurkeztu dute Julio Cesar Iglesias eta Raquel Lagartos egileek, eta liburuko hainbat margolan original jarri dituzte ikusgai.

Idazlearen eta hark sortutako izakiaren bizitzari eta heriotzari buruzko kontakizun bat da Mary Shelley: Munstroaren heriotza. Frankenstein edo Prometeo modernoa eleberriaren idazlea eta, horrekin batera, historiaren eta imajinario kolektiboaren zati den pertsonaiaren sortzailea da Shelley. Haren «psikologia korapilatsuari» heldu diote komikian, istorioa sortu zuen garaiko lilura eta beldurretatik tiraka. Hildakoa bizitzara ekartzeko garaiko desiraren aitzakian, sortzailearen adimenaren eta munstroaren arteko mugak bilatu nahi izan dituzte eleberri grafikoan.

Asko idatzi da Frankensteinen eta Mary Shelleyren lanaren inguruan, baina «pertsonaiaren atzeko autorea» aldarrikatu nahi izan dute egileek, baita jatorrizko Frankenstein ere. Lagartos ilustratzaileak aitortu du «berandu samar» irakurri zuela eleberria, baina espero ez zuen izaki bat topatu zuela barruan: «Batez ere,Boris Karloffen pertsonaiatik sortutako iruditik urruntzen zen: sentibera, adimentsua, maitatua izan nahi duena, eta zoragarriki diseinatua». Iglesiasen ustean, autorea ere «mitoaren kategoriara mugatu izan da, haren lanaren sakontasunari behar adina erreparatu gabe».

XIX. mendearen hasieran bizi izan zen Shelley, eta ez zuen bizitza erraza izan: hiru seme-alaba hil zitzaizkion, eta aitak alabatzat ukatu egin zuen, besteak beste. Baina ez dute biografia arrunt bat egin nahi izan, «biografia espekulatiboa» litzateke gehiago, Iglesiasen hitzetan. Idazlea hil aurreko egunak kontatzen ditu komikiak, eta flashback bidez, haren bizitzako unerik garrantzitsuenetara egiten du jauzi. Egileen ustean, tragediaren eta edertasunaren arteko elkarrizketak markatu zuen idazlearen bizitza, baita hark sortutako izakiarekin izan zuen harremana ere. «Tragediaren poesia» adierazi nahi izan dute, nola amaitu zuen Shelleyk egoera horretan, nola Frankensteinen istorioan aurkitu zuen erresistentzia modu bat, eta nola bilakatu zen gero eta kontserbadoreago, gizarteak erabat baztertu ondoren.

Karteletik hasita, garrantzi nabarmena hartu du Mary Shelley Frankensteinen sortzaileak aurtengo jaialdian. Mary Shelleyren ondarea izeneko zikloa antolatu zuten idazlearen eta hark sortutako izakiaren inguruko bederatzi filmekin, eta Mary Shelley laborategia ere egin zuten haurrentzako tailerrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.