Literatura

Mary Beard, historia bizia

Historialaria eta idazlea da Mary Beard, eta makina bat lan egindakoa Antzinako Erromari buruzko dibulgazioaren esparruan. Zorroztasun intelektuala dibulgazio senarekin uztartzen du bere idatzizko eta ikus-entzunezko jardunean.

Mary Beard, Tizianoren Europaren bahiketa koadroa atzean duela, Londresko National Galleryn. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Mary Beard historialari eta idazle ingelesa frankotan gertatu da polemikaren baten epizentroan. Itxura batean figura atsegina eta lasaia ematen duen arren, plazaratu dituen iritzi ugarik hautsak harrotu izan dituzte, eta haren kontrako kritikak misoginia gordinera ere iritsi izan dira, sareetako uholdeetan harrotuta. 2017an, esate baterako, jende andana oldartu zitzaion BBCren marrazki bizidun dibulgatibo batzuk zirela-eta: Antzinako Erromako ofizial beltz bat agertzen zelako piztu zen hasierako polemika, eta Beardek defendatu egin zuen, esanez erabat posible zela hori,erromanizazio garaiko Britainia jende ugarik uste baino puskaz ere pluralagoa izango baitzen seguru asko. Horren ostean, erruz jaso zituen bere adinari, itxurari eta gaitasun profesionalari buruzko irain matxistak, baita mehatxuak ere. Ez zen halako erasoak jasotzen zituen lehen aldia.

Urte hartan bertan, Beardek Women & Power: a Manifesto (Emakumeak eta boterea: manifestu bat) saiakera laburra plazaratu zuen, urte batzuk lehenago emandako bi hitzalditan oinarrituta. Saiakera horretan, Beardek gogoeta egiten du emakumeen ahots publikoari eta botere egituretan duten presentziari buruz. Gaiok funtsean gaur egungo ikusmoldetik landuta dauden arren, arrazoibide guztiak tradizio klasikoko adibide eta erreferentzietan bermatzen dira, eta, testuinguru horren argitan, gaion ertz benetan jakingarriak azaleratzea lortzen du idazleak.

Liburuaren hasieran, Beardek Homeroren Odisea-ko Telemakoren pasarte ezagun bat kontatzen du: nola Odiseoren seme nerabeak Penelope ama jendaurrean isilarazten duen, eta gelara bidaltzen, bere gizontasuna berretsi nahian. Horren karietara, antzinate klasikoko oratoria eta diskurtso publikoa aipatzen ditu idazleak, eta esplikatzen du praktika horiek, emakumeak kanpo uzten zituzten jardun esklusiboak ez ezik, maskulinitatearen beraren definigarri zirela; alegia, publikoan aintzat hartuko zen ahots bat izatean eta erabiltzean zetzala, neurri handi batean, gizontasuna. Era horretako gogoeta eta adibideak sareetako oldarraldi matxisten esperientzia pertsonalarekin josten ditu Beardek; iraganeko kontuak aipatuta ere, begi bat behintzat gaur egungo munduan —eta haren botere egituretan— izaten du beti. Horretan datza, gutxi-asko, haren obra osoa.

Emakumeak eta boterea kaleratu zuenerako, intelektual ezaguna eta estimatua zen Beard. Alde batetik, Cambridgeko akademiko eta ikasketa klasikoen irakasle gisa, haren lanen zorroztasuna eta zehaztasuna prezatu izan diote gainerako adituek; bestetik, intelektual irisgarria eta gertukoa egiten zaio jende arruntari, sareetan eta bere blogean aktiboa izateagatik ez ezik, baita bere dibulgazio lan eskergagatik ere. Dozenatik gora liburu ditu idatziak antzinateari buruz, irakurle ororentzako modukoak, eta telebistan ere lana ugari egindakoa da, batik bat BBC kateko hainbat dokumental eta dokusailetan, Antzinako Erroma eta artearen historia hizpide hartuta.

Idatziz zein ikus-entzunez, Mary Bearden bertuterik handiena zorroztasun handiko dibulgazio irisgarria egitea da: irakurlea edo ikus-entzulea inozotzat hartu gabe ematen ditu azalpenak, eta, adituaren talaiatik beheitituta, edonork ulertzeko moduan esplikatzen du guztia, zorroztasun eta zintzotasun intelektuala alboratu gabe. Dibulgazioa duintzen du Beardek, bete-betean asmatzen baitu jendeari sarri urrunak egiten zaizkion jakintzagaiak hurbiltzen eta ulertarazten.

Idatzizko obrari dagokionez, SPQR: A History of Ancient Rome (SPQR: Antzinako Erromaren historia bat) saiakera mardula da Bearden obrarik behinena, 2015ean argitaratua. Antzinako Erromaren historia orokor bat da; historia bera mitoaren lanbro artetik ernetzen den garaitik hasten da kontatzen, bizitasun handiz, tartean direla Errepublika beranduko intriga politikoak eta jende arruntaren bizimoldeari buruzko xehetasunak eta anekdotak, baita historialariek esku artean darabiltzaten orotariko usteak, hipotesiak, suposizioak eta egitateak ere, guztiak zintzoki adieraziak, gehiegizko sinplifikaziorik gabe. Liburua ez da Erromatar Inperioaren ustezko gainbeherarekin bukatzen, berrehun bat urte lehenago baizik, K.o. 221. urtean Caracalla enperadoreak inperio osoko hiritarrei —Eskoziatik Siriaraino— erromatar hiritartasuna eman zienean. «Erabaki iraultzailea izan zen, errotik ebaki baitzuen gobernatuen eta gobernatzaileen arteko aldea». Horretan antzematen da Bearden begirada partikularra; gerrei, batailei eta izen zerrenda barnehutsei bainoago, erromatar identitatearen eta hiritartasunaren bilakaerari erreparatzen dio. Haren liburuan, garrantzitsuagoak dira Caracallaren ediktuaren gisako mugarriak Gerra Punikoak baino.

SPQR-tik kanpo obra zabala du oso. Laughter in Ancient Rome (Barrea Antzinako Erroman) saiakeran, esaterako, erromatarren gizartea eta kultura aztertzen ditu umorearen bidez, eta iaz publikatutako Twelve Caesars (Hamabi Zesar) mardulak Erromako Inperioko enperadore handien figurei erreparatzen die artearen historiaren bidez, boterearen irudiok historian barrena nola erabili eta eraldatu diren aztertuz.

Mary Beard historialaria da, eta historiaz aritzen da beti, baina benetako dohaina dauka iragana aztertuz egungo munduari eta botereari kritikaz begiratzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.