«Hainbat emanalditarako sarrerak amaitzear daude jada; beraz, jarri hori nonbait». Berez, martxoaren 4tik martxoaren 23ra bitarteko asteetan egingo dute aurten Loraldia Jaialdia Bilbon, eta gaur egin dute aurkezpen ofiziala, Bilboko Arriaga antzokian. Hogei egunez, 28 emanaldi antolatuko dituzte, eta 120 sortzaile baino gehiago batu, eta, halere, hasterako sarrera batzuk amaitzen ari direla abisu eman behar izan du Imanol Agirre jaialdiko zuzendari artistikoak.
Hamar urte beteko ditu egitasmoak aurten, eta abisu horrek balio dezake proiektuak lortu duen iraunkortasunaren eta erreferentzialtasunaren neurri gisa. Euskal kultura garaikidea Bilboren erdigunean jartzea da helburua oraindik ere. Guztira, 234.000 euroko aurrekontua izango du horretarako, eta, arduradunen hitzetan, iraupen horrekin, gutxi gorabeherako emanaldi kopuru horrekin eta aurrekontu horrekin ezarrita dago jaialdiak aurrerantzean izango duen itxura ere.
Munduari begiratzeko modu bat izango da leloa, eta jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke programa osoa.
BERRIA Taldeak ere sustatzen du jaialdia, eta haren babespean eskainiko du Artxibo biluzia antzezlana Metrokoadroka kolektiboak. Martxoaren 12an izango da hori, Arriaga antzokian.
Ikusi gehiago
Estreinaldiak
Gorputzaren atzean izeneko proiektuak 2022an irabazi zuen Loraldiak proiektu digitalen sorkuntza sustatzeko antolatzen duen Sormen Digitala beka, eta aurten estreinatuko dute lana. Martxoaren 3an. Katixa Agirrek idatzi du haren gidoia, eta EHUko irakasle talde bat da haren eragilea. 2050ean kokatzen da kontakizuna, pertsona guztiek biki digital bat duten garaian, eta teatroa, dantza eta ikus-entzunezkoak uztartzen ditu saioak.
Goroldiorik ez. Andreak eraztun berdean emanaldia da aurtengo beste estreinaldietako bat. Mendi ibilbide gidatu bat da, funtsean, eta naturari, kulturari eta identitateari buruzko gogoetak uztartuko ditu. Martxoaren 15ean egingo dute. Irati Agirreazkuenagak egingo ditu gidari lanak, eta Miruak taldeak eta Jatorki abesbatzak ere hartuko dute parte.
Loraldiak ekoitzi du Bihar, atzo, gaur, bihar ikuskizuna ere. Martxoaren 17an izango da saio hori, Bilboko Guggenheim museoko entzungelan, eta jaialdiko klasiko bat da jadanik haren formatua. Iban Zaldua idazleak etorkizunean kokatutako istorio bat kontatuko du bertan, eta harekin batera arituko dira kantuan Miren Artetxe eta Alaia Martin bertsolariak. Ibil bedi taldeak jarriko dio musika, bestetik.
Patxo Telleriak sortutako Ai, gure juaneteak emanaldia izango da beste estreinaldietako bat. Mikel Laboaren zenbait kanta oinarri hartuta, musika eta antzerkia uztartzen dituen saio bat eskainiko du antzezleak. Martxoaren 15ean izango da saioa, Itsasmuseumen. Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez musikariak ere izango dira harekin batera oholtzan.
Bi antzezlan labur estreinatuko dituzte, bestetik, martxoaren 10ean, La Fundicion aretoan. Dada ü lala emango dute Josune Velez de Mendizabalek eta Ane Gebarak, eta Arma tiro pum Aitor Vinagretek.
Diziplinartekotasuna
Diziplinartekotasuna izaten da jaialdiko proposamenen beste ezaugarri nagusietako bat. Sustraien matxinada da horren adibide; martxoaren 5ean emango dute, Bidebarrieta liburutegian. Folklorea, jazza, musika klasikoa eta literatura uztartuko ditu saioak, eta, Gorka Hermosa eta Garikoitz Mendizabal musikariek ez ezik, Toti Martinez de Lezea, Nerea Arrien eta Leire Bilbao idazleek ere hartuko dute parte.
Duela hogei urte pasa New Yorken jaiotako diziplinarteko Zaharregia, txikiegia agian proiektuaren berrinterpretazio bat ere eskainiko dute Loraldian Kirmen Uribe idazleak, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariek eta Mikel Valverde artistak. Martxoaren 13an izango da saio hori, Arriaga antzokian, emanaldiaren jatorrizko titulua moldatuta: Munduari begiratzeko.
Hiria lokatzetan podcasta zuzenean egingo dute martxoaren 10ean. Lokatza podcast feministaren sorkuntza taldeak hartuko du parte. Bertan izango dira Ainara Lasa, Amagoia Gurrutxaga, Idurre Eskisabel, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Miren Amuriza eta Lizar Begoña. Guggenheim museoaren entzungelan egingo dute zuzeneko saioa.
Horrez gainera, Basabi taldeak emanaldia izango du martxoaren 9an, Neomak taldea ere izango da oholtzan, martxoaren 14an. Jean Mixel Bedaxagarrek martxoaren 16an joko du Itsasmuseumen. Eta Jon Maia bertsolariak martxoaren 23an eskainiko du Kantu berri bat gara emanaldia Euskaldunan. Bilaka kolektiboak Mitologia txikiak dantza emanaldia eskainiko du 19an. Amaraun taularatuko dute Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagak 20an, eta dantza bertikaleko ikuskizun hibrido bat aurkeztuko du Harrobia dantza taldeak 23an. Dantzariak ez ezik, bertan izango dira Itziar Ituño aktorea eta Toti Martinez de Lezea idazlea ere.
Euskararen geroa
Hiru hitzaldiko ziklo bat ere antolatu dute: Euskara bihar. Hurrengo hamarkadetan jarraitu beharreko norabideaz gogoeta egitea da jaialdiaren asmoa, eta Jon Sarasua, Xan Aire eta Gartzen Garaio Atxurrak ordubeteko hitzaldi bana emango dute. Biran izango dira saio guztiak. Martxoaren 6an ariko da Sarasua, 11n Aire, eta 18an Garaio.
Sortzaile gazteak sustatzeko asmoa ere badu Loraldiak, bestalde. Horretarako da Loraldia Terminala, jaialdiaren azpiatala. Martxoaren 22an izango dira saio guztiak, Zorrotzaurre irlako La Terminal aretoan. Itzal(iko) bagina proiektuak bertsolaritza eta teatroa uztartuko ditu, esaterako. Trigger musikariak Doodem izenburuko emanaldia egingo du. Eta Joseba Sarrionandiaren mundu literarioa oinarri duen Sarri min ematen du akordatzea ikuskizuna ere taularatuko dute. Dantza, teatroa, poesia eta musika uztartuko ditu emanaldiak.