Poesia ez da genero erraza, esango dute askok. Noiz arte arrazoi. Eta ez da harritzekoa horrela pentsatzea. Izan ere, ez gutxitan sentitu gara analfabetoak poesia liburu baten aurrean, ez baitugu deus ulertu. Hitz arraroak, esaldi apurtuak, irudi kriptikoak… Zeozer gaizki doa, pentsatzen du irakurle gizajoak, esanahiz eta irudiz beteriko liburua irakurri nahi, eta kaxa huts bat besterik ez du aurkitzen; liburu dendako adkisizio berriaren poza eta gero, orixe, pozaren erdia. Eta bai, batzuetan badirudi poema liburu bat irakurtzeko jarraibideak txibatu behar dizkigutela, bestela ez dagoela modurik. Eta askok amore ematen dute: adio poesia, gureak egin du. Baina zaude, irakurle, emazkidazu gutxienez zutabea irakurtzeak eskatzen dituen 4 minutu eta 17 segundo, eta saiatuko naiz konbentzitzen alferrikako gauzen artean poesia dela gauzarik ederrenetarikoa.
Poesia bizitzeko eta sentitzeko modua da, baina hori baino askoz gehiago ere bada. Poesia da udaberria sutan ikustea, hotza bazkatzen ikastea, alde erantzira ibiltzen hasi eta hodeiak zapatetan sentitzea. Uda betean izozmendiak urtzen ikustea, iratzeen esporen baitan irakurtzen jakitea, euriaren eskuak usaintzea. Basairisak,suzko liliak eta harri txintxolak kolekzionatzea: oihangintzako eskuliburu bat.
«Zaude, irakurle, emazkidazu gutxienez zutabea irakurtzeak eskatzen dituen 4 minutu eta 17 segundo, eta saiatuko naiz konbentzitzen alferrikako gauzen artean poesia dela gauzarik ederrenetarikoa»
Poesia ere bada errealitateari scanner-a pasatzea. Ulertzen ez ditugun gauzei arretaz begiratzen ikastea, bizitzaren paradoxak ehizatzea. Oharkabe pasako ziren keinuetara itzultzea. Gertatzen den oro zehatz-mehatz ezin ulertu dezakegula onartzea, eta ezjakintasunak gozatzen ikastea.
Hiriak eta urteak daramatzagu euskal poetok gure a e i o u propioa idazten: ohe hutsetan pentsatzen ditugu metaforak, libreta horietan bildu. Badakizu, Poetak eskuan beti zerbait. Laster ospatuko da Poesiaren Nazioarteko eguna, eta geuk ere badugu zer ospatu, letra txikiz bada ere. Badakigu bazterreko ahotsa dela gurea, gu gabe ere, literatur sistemak aise eginen lukeela aurrera. Modu batean, kea behelainopean bezala gabiltza. Eta hein handi batean, eroriaren logika da jarraitzen duguna, ez bada eroaren logika. Zer eta euskaraz. Zer eta poesia. Borroka galduetatik gatoz. Arnasa galduaren ondare gara.
Baina asko erakutsi digu guri poesiak, literaturaz ez ezik, baita geografiaz ere: larrosa bat Groenlandian haz daitekeela, tomateak Helsinkin, Japonian gepardoak bizi direla, eta alderik alde dabiltzala orro egiteko bolondres bila. Atakak franko igaro ditugu: Etiopiara bidaiatu dugu, tundratik pasa, Alaskatik igaro. Gulliverren lokarriei jarraiki, Yahooen lurraldean ere egon gara, eta leku horietatik guztietatik souvenir mordoa ekarri dugu, poesia elikatzen jarraitzeko ezinbestekoak. Leku horietara iritsi izan gabe, ezingo genuke Lizardiren baratza ureztatzen jarraitu.
Baina hau ez da poesia, jarraituko duzu esaten, irakurle. Gaur egun idazten denak ez du errimarik. Are, bertsorik ere ez dago. Eta ados. Gaur egun rimmelarekin bai, baina errimarik gabe idazten da poesia oro har. Kritikekin hasi garela, beste batzuek leporatuko diote egungo poesiari egunerokoegia dela, bai hizkuntzan eta bai gaian; ez direla gai transzendentalak modu transzendentalean kontatzen: hori da benetako poesia. Eta ados. Bai. Agian sinplistak gara. Sinplistegiak. Poesia ez da garai batean izan zena. Baina eskerrak. Haragizko erreformak egin dizkiogu lirikari, azalberritze bat. Lazunak azkazaletan sartu zaizkigu, ezkatak begietan, eta ezin beste era batera izkiriatu. Azkenik, ozpinetan bustitako mingainek esango dute euskaraz aise argitaratzen dela, meriturik ez duela: spam poemak direla gureak, alegia: literatura handiaren alboan, errefusa.
Bere eritasun eta gozoaldiekin, biharraren hegietan jarrita ditu bihotz-begiak euskal poesiak. Hau ez da poesia, esan duzu, eta zentzu batean, arrazoi: hau urtebetetze festa bat da. Begiratu spamean ea jaso duzun festara etortzeko gonbidapenik. Esku zabalik hartuko zaitugu berriz ere gure abaroan, irakurle.
*Letra etzanean doazenak euskarazko poesia liburuetako izenburuak dira. Ideia Jordi Doce poetari lapurtu diot.
