Hamar urte beteko ditu aurten Gernikako (Bizkaia) Lekuek musika jaialdiak. Martxoaren 17tik 25era bitarte egingo dute, eta egitarauaren zati bat iragarri berri dute antolatzaileek. Besteak beste, Olaia Inziarte, Kiko Veneno, Dennis Alcapone, Lady Banana, Pelomono eta Wormed taldeen kontzertuak hartuko ditu festibalak. Ohi bezala, udalerriko hainbat espaziotan izango dira emanaldiak.
Kontzertu gehiago ez ezik, hitzaldiak, disko eta arte azoka, disko jartzaileen emanaldiak, tailerrak, erakusketak eta beste hainbat jarduera ere izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Horiek guztiak konfirmatzeko zain, aurtengo kartela ere aurkeztu du festibalak. Urtero artista batek diseinatu izan du orain artean, eta ohiturari eutsi diote hamargarren urteurrenekoa osatzeko. Hala, Ramon Zabalegik ondu du aurtengoa, eta Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzaile eta kantariaren irudi bat hartu du ardatz sortzaileak.
Bonuak salgai jarri dituzte dagoeneko, 30 euroan; www.gernikakolekuek.com webgunean daude eskuragarri.
Zehaztu dutenez, Kiko Venenok Gernikako Lizeoan emango duen kontzerturako sarrerak bonutik aparte erosi beharko dira, 15€ euroan —12 euroan bazkideentzat—.