Martxan da Geuretik Sortuak egitasmoaren bigarren aldia

Zinema, antzerkia eta literaturaz gain, komikia ere bultzatuko du aurten beka proiektuak. Egonaldiak eta hedapen zirkuitua eskainiko dituzte

Geuretik Sortuak egitasmoaren lehen aldian hautatutako sortzaileen agerraldia, iaz, Oiartzunen. UDALBILTZA.
itziar ugarte irizar
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Iaz abiatu zuen Udalbiltzak Geuretik Sortuak egitasmoa, euskara hutsean egindako artearen eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzeko asmoz. «Arrakastatsua» izan zen proiektuak jasotako harrera, antolatzaileen esanetan, eta martxan jarri dute orain bigarren aldia. Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jartzea izango da aurten ere egitasmoaren oinarri nagusia, baina berrikuntza nabarmen bat dakar: literaturako, zinemagintzako eta antzerkiko lanak laguntzeaz gain, komiki proiektuak ere bultzatuko dituzte aurten. Proposamenak bidaltzeko epemuga ez dute zehaztu oraindik —Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera hilabeteko epea izango da—, ezta aurten egitasmoan parte hartuko duten udalerrien zerrenda ere. Horregatik, interesa dutenek «proposamen irekiak» aurkeztu beharko dituzte, Euskal Herriko eremu ezberdinetara «egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna» adieraziko duen beste dokumentu batekin batera.

Aurreneko aldian egin bezala, bikoitza izango da hautatutako sortzaile bakoitzak jasoko duen beka. Lehen zatian, zinemagile, antzezle, idazle zein komikilariek hiru astera bitarteko egonaldia egingo dute euren bizilekua ez den herri batean, hari loturiko sormen proiektua garatu dezaten; eta, ondoren, lana hedatzeko zirkuitu bat eskainiko zaie. Denera, beraz, 2023 eta 2024 bitartean garatuko da Geuretik Sortuak egitasmoaren bigarren aldia.

Literaturaren alorreko lanak bilduma batean argitaratuko dituzte gero —ipuin luzeak izango dira—, eta berdin egingo dute komikiaren adarrean onduko diren lanekin ere; horien prozesua jasoko duen erakusketa ibiltari bat ere antolatuko dute, gainera. Antzerki lan bakoitzak, bestalde, bere zirkuitu propioa izango du, eta, film laburren kasuan, iaz ez bezala, ez dituzte denak film luze bakarrean ekoitziko; modu autonomoan erakutsiko dute bakoitza, nahiz eta batera aurkeztuko dituzten.

Hedapenaren alorrean, beste aldaketa bat ere izango da: esklusibotasunik ezarena. Sortzaileek Geuretik Sortuak-en parte ez diren udalerrietan ere aurkeztu ahal izango dute euren lana —egitasmoan daudenek lehentasuna izango dute, hala ere—.

Lehen aldiaren zenbakiak

Geuretik Sortuak egitasmoaren lehen aldian bost zinemagile, bost antzerki konpainia eta hamasei idazle bildu zituen, eta 26 nukleotan bildutako 39 udalerritan aritu ziren horiek lanean. Emaitza bost antzezlan, Hamazazpigarrenean aidanez argitalpen bikoitza eta bost film laburrez osaturiko Bost teilatu filma izan da, eta, denera, 5.500 ikusle baino gehiago bildu dituzte horien bueltan. Besteak beste, 130 antzerki emanaldi, 26 liburu aurkezpen eta beste horrenbeste film emanaldi antolatu dituzte.

Euskal Herriko txoko askotarikoetan egin dituzte saio horiek, eta euskal kulturak normalean irismen urria izan ohi duen lekuetara heldu izana ospatu dute, bereziki, antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.