Martirientzako aspirinak

Andres Nagelen 35 piezaz osatutako erakusketa antolatu du Bilboko Arte Ederren Museoak

Bilboko Arte Ederren Museoan ikus daitezkeen Andres Nagel artistaren piezetariko bat. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Kito artea. 2006an erabaki zuen Andres Nagelek (Donostia, 1974) bere jardun artistikoa eten, eta ordura artekoekin nahiko zela esatea. Ofizialki, behintzat. 1970eko hamarkadaz geroztiko euskal artean erreferentziazkoa da haren izena, Vicente Ameztoi, Ramon Zuriarrain eta Marta Cardenasekin batera, eta badu oihartzunik haren lanak nazioartean; baina listo, orain hamar urte pasatxo sorkuntza uztea erabaki, eta Nagel gabe aurkeztu dute horregatik Nagel Bilboko Arte Ederren Museoan. Artistaren 34 pieza eman zizkion dohaintzan erakundeari ekainean euskal jatorriko Jose Tasende galerista ipar amerikarrak, eta erakusketa osatu dute orain bilduma horrekin. Teknika mistoko 16 pieza eta 18 collage batzen ditu erakusketak, 1980ko hamarkada amaiera eta 1990eko hamarkada hasiera artean egindakoak dira guztiak, eta urtarrilaren 16ra arte egongo dira ikusgai.

Eduardo Txillida. Klabea izan zen izen hori Nagelen ibilbidean, eta, hain zuzen ere, Txillidaren bidez izan zuen Tasende galeristak ere haren berri. Egin du topaketa haren deskribapena, baina arte merkatuaren funtzionamenduari buruzko tratatu moduko bat bilakatu da azalpena: «Txillidak aurkeztu zidan Nagel orain dela 25 bat urte, eta bere lanak ikusi bezain pronto ohartu nintzen sekulako artista zela: egungo espresionista onenetariko bat. Ez du [Georg] Baselitzek edo [Anselm] Kieferrek duten sonarik, baina bera ez da alemaniarra, eta horrek asko murrizten ditu artearen zabalpen aukerak, horrek esan nahi baitu ez duela ingelesaren edo alemanaren babesik, eta horiek dira artearen munduan funtzionatzen dutenak. Horregatik ez balitz, beste artista horiek bezain ezaguna izango litzateke. Mugagabeko irudimena du».

Ironiarik ere ez dute falta erakusketako collageek. Nahasian doaz pieza horietan iragan klasikoari buruzko erreferentziak, komiki munduko erreferentziak eta pop artaren eragina ere. Adibide bat. Eskuak lotuta ageri da San Sebastian martiria lanetariko batean, klasiko: eskuak eskuburdinekin, arbola bati lotuta, sufrimendu aurpegia, eta haragia sastatzen duten geziak nonahi. Dena zuzen. Koadroaren eskuineko goiko ertzean, ordea, kartoizko kutxa berde bat itsatsita: «Aspirina. Adultos. Acido acetilsalicilico. 20 comprimidos».

Kontzesiorik gabe

Eta hori da tonua multzo horretan. Aingeru itxurako mutikoen irudiak eskuetan Marc Chagallen erakusketa baterako sarrera itsatsia dutela; erromatar estatuen irudikapenekin jolasten duten bariazioak; gorputz adarrak galdu dituzten itsasgarri marka ezagunen kartoizko kutxak itsatsiak dituzten estatua klasikoen irudiak... Berdin hartzen du materiala artistak artearen historiatik, zein zinematik, komikitik, kartelgintzatik edo publizitatetik.

Bitxia da izenena ere. Lanok sortu zituenean, izan ere, bere artelanei izenburuak jartzen baitzizkien Nagelek, urteekin izenburu horiek ikusleari traba egiten ziotela erabaki, ordea, eta zenbakiak jarri dizkie haien ordez. Pieza sortu zen urtearen erreferentzia igar daiteke lehen zatian, eta ordenan datoz gerokoak: 90011, 93093, 93094... Eta berdin areto erdian dauden bi eskulturen kasuan ere. Boxeo lehia bat irudikatzen du batak, eta hanka bereziki luze bat duen giza figura bat da bestea. Zenbaki bidez izendatu ditu piezok ere artistak.

Artistaren askatasuna ere nabarmendu du Tasendek. «Badira komertzialak diren egileak, eta Nagel komertzialago balitz izan zitekeen egungo espresionistarik ezagunenetariko bat. Baina Nagelek ez dio ikusleari kontzesiorik egiten».

Margolari hasi, baina eskultura landu du nagusiki Nagelek, eta bi horien erdibideko punturen batean koka daitezke erakusketan bildutako poliesterrez eta beira-zuntzez eraikitako piezak. Figuratiboak dira guztiak, olio pinturaz koloreztatuak, baina xaflaka bezala sortu ditu artistak, eta erliebea ematen die horrek. Hormatik ateratzen doaz geruzaz geruza. Eta pieza horietan igartzen da nagusiki Tasende galeristak nabarmendutako irudimenarena. Hor dago Nagelen publizitate, surrealismo eta teknika artistiko koktela. Freskagarri lata erraldoi batean etzanda dagoen freskagarri lata itxurako giza figura koloretsu bat, hemen. Zolan zapaldu berri duen arratoiaren arrastoa duen zapata erraldoia, han. Eta Zeusen aire bat duen tximistadun giza figura bat harago. Horiek denak, eta musikariak. Musikariak nonahi. Tronpeta jotzaileak, bateria jotzaileak, saxofoi jotzaileak... Koloretsuak guztiak, eta azaleran artistaren pintzelaren zertzeladaren arrastoekin.

«Museoak inoiz izan duen arte dohaintzarik garrantzitsuenetariko bat da hau». Superlatibo bidez deskribatu du Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura Saileko ordezkariak Tasendek emandako lanen balioa. Eskerrak ere eman dizkio galeristari, eta zenbaki baten bidez azaldu du dohaintzek Arte Ederren Museoan dutengarrantzia. Datua: 2000tik hona, 9,8 milioi euro baliatu ditu erakundeak obrak erosteko, eta 10,6 milioi euroko balioa kalkulatzen zaie tarte horretan dohaintzan jaso dituzten lanei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.