Hurrengo dFeria jaialdia martxoaren 16tik 20ra bitartean egingo dela iragarri du Donostia Kulturak, eta, horrekin batera, programazioaren aurrerapen bat ere eman du: Martin Zimmerman koreografo eta zuzendari suitzarraren Danse Macabre ikuskizunak zabalduko du jaialdia, Viktoria Eugenian; amaierako ekitaldia, berriz, Sala Verdi eta La Dramatica Errante konpainiek egingo dute Antzoki Zaharrean, Filtro antzezlanarekin.
Arte eszenikoen jaialdiak 31. aldia izango du 2025ekoa, eta Alemania, Suitza eta Austria izango dira herrialde gonbidatuak. Programazio osoa urtarrilaren 29an ezagutaraziko dute.
Aldiko artista batek landu ohi du dFeria jaialdiaren kartela. Datorren honek Dena ikusten duen begia: 2025eko dFeriaren begirada bikoitza du izenburua, eta Iñigo Burgik egina da.
'Danse Macabre'
Martin Zimmermann koreografo, zuzendari eta interpreteak sarri nahasten ditu zirkua, dantza eta antzerkia. Haren lanaren erdigunean gizakia dago beti: kasu honetan hiru pertsonaia tragikomiko eta hauskor dakartza. Arau sozialetatik urrunduta bizi dira hirurak, norbere atsekabean. Agertokiak zabortegi abandonatu bat dirudi, berrerabili edo degradatu ezin den oro biltzen den tokia, alegia. Infernua ere izan zitekeen toki horretan, bizimodu berri bati ekiten saiatuko dira hiru pertsonaiak, zailtasunaren aurrean etsi gabe. Bizirauteko borrokan, baina ezerk ez ditzake salba, umoreak beste.
Ikuskariaren sortzaile Martin Zimmermannen esanetan, umorea tristuraren forma barregarria da: «Puntu komikora iritsi arte esajeratzen da, eta horrela gainditzen da». Alderdi tragikomikoak deabruaren indarra duela iruditzen zaio, gainera: «erradikala, garratza eta gaiztakeriari emana da, baina baita bihurria, zehatza eta enigmatikoa ere». Dimentsio ugari horiek oso baliagarri zaizkio Zimmermanni, bereziki inspirazio eta abiapuntu gisa. Bestalde, bazterretan dauden pertsonaiak lehenesten ditu koreografoak, hain zuzen, «gizartearen erdiguneari buruz asko esan dezaketelako».
Ikuskariaren sortzaile eta zuzendaria da Zimmermann, baina aktore gisa ere igoko da Donostiako oholtzara Danse Macabre ikuskarian. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai.
Iragazkia
Amaiera ekitaldiko antzezlanak, Filtro-k, Montevideoko (Uruguai) gertaera historiko bat dakar gogora: 1994an, manifestazio jendetsu bat zanpatu zuen Poliziak, ETAko kide izateaz akusatutako zenbait lagun estraditatu ez zitzatela eskatzen ari zirelako. Antzezlan dokumentala da Filtro, hainbat erregistro erabiltzen baititu material gisa: tartean, prentsan agertutako albisteak zein epaitegietako transkripzioak.
Dferia jaialdia ez ezik, Atelier for Yourg Festival Managers nazioarteko topagunea ere hartuko du Donostiak martxoan. Bertan, arte eszenikoetan diharduten zuzendariak, antolatzaileak eta artistak bilduko dira, norbere esperientziaren berri eman eta elkarrekin proiektu zein gogoeta berriak akuilatzeko xedez. Hainbat herrialdetako 28 kidek baieztatu dute parte hartzea.
Eta, gainera, gogoeta
Arte eszenikoen orainaz eta etorkizunaz eztabaidatzeko eta hausnartzeko topalekua ere bada dFeria. Aurtengo martxoan iragandako aldian bi azterketa mahai antolatu ziren, besteak beste, antzerkiaren eta dantzaren gainean gogoeta egiteko. El Arbi El Harti poeta, antzerkigile eta literatura katedradunak zuzendu zuen topaketa, Fuenlabradako (Madrid) Maria Pages Koreografia Zentroarekin elkarlanean.