Azterketa gehienetan esana denez, Martin Ugalde kazetari izan zen idazle baino lehen, eta lanbide horretan egindako aurrerabideari estuki lotuta ageri da haren figura, batik bat Euskaldunon Egunkaria-ren alde buru-belarri engaiatu zenez geroztik. Ofizio horretan nabarmendu izanak, ordea, ez dio baliorik kentzen literaturan egindako ekarriari, eta are gutxiago txikitandik erakutsitako zaletasun hari. Ipuingintzarako gaitasuna senez zekarrela esan liteke, artean mutil koskorra zela argitaratu baitzuten bere lehen lana, gaztelaniaz, Pulgarcito agerkarian. 36ko gerra betean ziren orduan: aita frontean, eta ama-senideekin Bilboko ezagun batzuen etxean babes hartuta zegoela idatzi zuen.
Ikusi gehiago
Literaturan dagokion lekua, hasteko eta behin, idazleek berek aitortu diote Ugalderi. Koldo Izagirrek, Anjel Lertxundik, Xabier Mendiguren Elizegik eta Inazio Mujika Iraolak, besteak beste, euskal ipuin modernoaren hastapen gisa jo zuten haren Hiltzaileak liburua; batetik, ahozko tradizioarekiko loturetatik eta kostunbrismotik aske idatzi zuelako, eta, bestetik, ipuina taxutzeko eragatik. Halaxe azalduta dator Anjel Lertxundiren Martin Ugalde: Leialtasun baten historia liburuan: «[Ipuinetan] Barne-hizketa etengabeak daude, oso dosi laburretan emanak, eta barne-hizketa horien modernitatea, narrazioaren osagarri soil izatea transzenditu, eta narrazioaren beraren motor bilakatzetik dator».
Inazio Mujika Iraolak zehaztu egin du: «Ipuin moderno solterik bazen ordurako. Jon Mirande eta Jean Etxepare hor ziren, eta Gabriel Arestik berak ere bazuen ipuinen bat; baita Txillardegik ere, Egan-en argitaratua. Baina ipuin libururik ez zen ordura arte». 1961ean plazaratu zen Hiltzaileak, Caracasen (Venezuela). Hirugarren ipuin-liburua zuen Ugaldek —Un real sueño sobre un andamio (1957) eta La semilla vieja (1958) argitaratuak zituen ordurako— baina lehendabizikoa zuen euskaraz.
Mugari begira
Mujika Iraola berehala harrapatu zuen Ugalderen idazkerak: «Oso irmoa zen, eta era berean oso goxoa, bere pertsonaiengandik oso gertukoa gainera, eta asko gustatu zitzaidan hori». Bere lehen idatzietan «eragin dezentekoa» izan zuela aitortu du Mujika Iraolak, baina baita ohartarazi ere, Ugaldek bere lanak argitaratu eta askoz ere geroago izan zela hori. Liburu kutunena aukeratzekotan, Mantal urdina (1984) ipuin bilduma aukeratu du Mujika Iraolak: «Narrazio guztiak lotzen dituen haria zahartzaroa da, eta oso hunkigarria da».
«Oso irmoa zen, eta era berean oso goxoa, bere pertsonaiengandik oso gertukoa gainera, eta asko gustatu zitzaidan hori»
INAZIO MUJIKA IRAOLAIdazle eta editorea
Idazlea aurrez aurre ezagutu zuenekoa ere ez dauka ahazteko Ereineko editore eta idazleak. 1987an izan zen, El Diario Vasco egunkariko Zabalik gehigarrirako elkarrizketa bat egitera joan zitzaionean, Hondarribira (Gipuzkoa): «Etxean sartu orduko leihora eraman ninduen, eta, 'Begira, hor dago muga', seinalatu zidan. Oso sinbolikoa iruditu zitzaidan». Izan ere, estatu mugek, bai eta mugez harago ihes egin beharrak ere, aparteko zama izan zuten nola bere bizitzan, hala bere literaturan ere.
Erresistentzia
Mari Jose Olaziregi euskal literaturako irakasle katedradunak «berritzailetzat» dauka Ugalde: «Irizpide erabat moderno eta literarioen gainean antolatutako literatura ekarri zuen». Baina berezitasuna aitortzekotan, «erbesteratuaren alienazioa, bakardadea eta inongo ez sentitzea» literaturan adierazten lehena izatea aitor dio Ugalderi: «Erreferentziala da guztiz, ez dauka batere ikustekorik erbesteaz ordura arte aritutako euskal idazleekin». Alde horretatik, «harribitxi bat» iruditzen zaio Ugalderen Itzulera baten historia (Elkar, 1990) eleberria: «Ikerketa guztietan sartzen dut, eta urtero irakurtzen dut euskal ikasketetako ikasleekin».
Erbestearen narratibaz harago, genero ikuspegitik ere «ikusgarria» zaio Olaziregiri: «Nola ematen duen aditzera aitak irudikatzen duen patriarkatua, nola erortzen den pertsonaia femenino nagusi horren gain erredentzio eta sakrifizio erabatekoa, neska delako». Olaziregiren aburuz, Ugaldek apropos jartzen dio azpimarra horri: «Aitak, adibidez, 'Ze pena ez zarela mutila' eta antzekoak esaten dizkio neskatoari».
«Erbestean ziren idazleek trauma zeukaten, ezin izan zuten kontatu, baina Ugaldek, jada 1961ean, eta oso poetika errealistarekin gainera, jazarpenaren narrazioari eta gerraosteko errepresioari heldu zion bete-betean»
MARI JOSE OLAZIREGIEuskal literaturako irakasle katedraduna
Ugalderen lanak badu beste elementu gustagarririk ere Olaziregirentzat: «Batez ere, nola duintzen duen galtzailearen epika». Ildo horretatik, «dena» daukala iritzi dio, hala nola «gudariak, biztanle eta familia jazarriak, antolatzen ari den sarea, tortura, eta, oroz gainetik, kultur genozidioa». Zentzu horretan, gerrari eta gerraosteri heldu izana goraipatu dio Hiltzaileak liburuari: «Erbestean ziren idazleek trauma zeukaten, ezin izan zuten kontatu, baina ipuin horietan, jada 1961ean, eta oso poetika errealistarekin gainera, jazarpenaren narrazioari eta gerraosteko errepresioari heldu zion bete-betean». Ugalderentzat ipuina «erresistentzia» dela dio Olaziregik: «Eta gainera badaki ezkutuan irakurtzekoak direla». Hain zuzen, halaxe dator aitortuta liburuaren aurkibidean.
Ugaldek darabilen narratiba «erdiragarria» Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua (2001) eleberriarekin lotu du Olaziregik. Hor ere «dena» dagoela dio, «besteak beste, trauma eta mututasuna, baina, batez ere, Edward W. Said pentsalari palestinarrak Reflexiones sobre el exilio liburuan aipatutako hura: erbesteratuaren ikuspegi kontrapuntuala».