Martha Jungwirth artistaren abstrakzio «pertsonala» bildu du Bilboko Guggenheim museoak

Guztira, artista austriarraren 50 urteko ibilbidea erakusten duten 70 margolan bildu ditu Bilboko Guggenheim museoak. Margolariak bere ibilbidearen gailurtzat jo du erakusketa.

Martha Jungwirth artista austriarraren erakusketa Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MARTXIN EDESA / FOKU
Martha Jungwirth artista austriarraren erakusketa, Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MARTXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko ekainaren 6a
16:15
Entzun

«Hau da nire ibilbidearen gailurra». Margotzen zuen lehenago ere, baina 35 urte zituenean New Yorkera egindako bidaiak eragin zion lilurarekin abiatu zuen ofizialki bere kontagailu artistikoa Martha Jungwirth margolariak (Viena, 1940), eta, 50 urteko ibilbidearen ostean, abstrakzioa lantzeko duen era energetiko eta pertsonalari esker, izen esanguratsua da gaur egun pintura garaikidean. Joan Miro saria jaso zuen 1966an, Arteen eta Zientzien Austriako Domina eman zioten 2012an, Oskar Kokoschka saria 2018an, eta Austriako Estatu Sari Handia 2022an, eta, halere, 84 urteak jadanik beteta, Bilboko Guggenheim museoak antolatu dion atzera begirakoa aipatu du bere lorpen nagusitzat. 1976tik 2023ra arte artistak paper gainean egindako 70 akuarela eta olio lan bildu dituzte, eta irailaren 22ra arte egongo dira ikusgai, eraikineko bigarren solairuan.

Lau areto hartzen ditu erakusketak, eta, kronologikoki ez ezik, gaika ere antolatu du ibilbidea Lekha Hileman Waitoller komisarioak. «Oso zaila da Jungwirth klasifikatzea, benetan interesgarria eta bakana den lengoaian nabigatzen duelako». Eta bakantasun horren erakusgarri da orain ikusgai jarri duen bilduma, komisarioaren hitzetan.

«Bilboko Guggenheim museoak egin didan atzera begirako hau da nire ibilbidearen gailurra».

MARTHA JUNGWRITHArtista

Paper gainean egindako lanak dira guztiak. Artistak 1976an New Yorkera egindako bidaia harekin abiatzen da lehen aretoa, esaterako. Hain zuzen, artistak hiriaren arkitekturaren ispiluan irudikatutako hainbat etxetresna dira erakusketako lanik zaharrenak. Oin bat abstrakzioan sartua dutela, eta, aldiz, margolanen tituluak oraindik figurazioan ainguratuta jarraitzen duela. Italiar etxetresna enpresa baten izena baitarama irudi serieak: Indesit.

Goya eta Manet

Margolariak akuarelekin egindako neurri handiko erretratuak ere ikus daitezke lehen areto horretan. Gero, bigarren aretoan, artistak, besteak beste, Mali, Yemen, Grezia zein Kanbodiara egindako bidaiak inspirazio iturri hartuta sortutako irudi abstraktuak ikus daitezke, eta animalien irudiak bildu dituzte hirugarrenean. 2019an eta 2020an Australia kiskali zuten suteak izan dira artistaren inspirazio iturria oraingoan, eta artearen historiari egindako keinuz beteta daude azken aretoko hormak.

Azken horiek dira bildumako lanik berrienak.

Goyaren lana oinarri duen Martha Jungwirth artista austriarraren lanetako bat, Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Martha Jungwirth artista austriarraren lanetako bat, Goyaren lana oinarri duena, Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Francisco de Goya da Jungwirthek erreferentzia argitzat darabiltzan pintoreetako bat. Artista austriarrak azaldu duenez, haren lanek oraindik ere daukaten «gaurkotasuna» da deigarrien zaizkion elementuetako bat. «Ukrainari buruz pentsa dezakegun guztia Goyak jadanik egina du».

Hain zuzen ere, haren majak, sorginak eta natura hilak baliatu ditu Jungwirthek bere koadroak sortzeko. Erabat identifikagarria da haren jarduteko modua lan horietan, eta, halere, konposizioek zein koloreek ere agerian uzten dute Goyaren erreferentzia.

«Oso zaila da Jungwirth klasifikatzea, benetan interesgarria eta bakana den lengoaian nabigatzen baitu».

LEKHA HILEMAN WAITOLLERKomisarioa

Edouard Maneten zainzuri ezagunak ere bertsionatu ditu Jungwirthek. Jatorrizko lanak duen neurria nabarmen behartu du, ordea, eta paper gaineko lan erraldoiak sortu ditu artistak, horregatik. Hain zuzen ere, Bilboko erakusketarako sortu zituen lan horiek espresuki, iazko urte amaieran. «Pintura oraindik ere heze dago», adierazi du komisarioak.

Tximuaren metodoa

Eskuaren keinuek, pintatu ahala gertatzen diren istripuek eta konposizioek hartzen dute haren arreta, eta, 1988an, Protokolle aldizkarirako letra larri bakar bat ere erabili gabe idatzi zuen Nire baitako tximua izeneko testuan azaldu zuen bere metodoa. «Nire baitako tximuaren metodoa:/ antzinako burmuinetara itzultzea, zera sentsomotorrera/ ahozko lengoaiaren aurrekora/ irudimenaren aurrekora/ memoriaren aurrekora/ objektuen penetrantziaren aurrekora/ lerroek ihespuntuan bat egiten duten zera euklidearraren aurrekora/ margotzean ez pentsatzea».

«Museo honen irekieran egon nintzen, eta liluratu egin ninduen. Munduko museorik ederrena iruditzen zait, eta ez soilik arkitekturagatik, baizik eta ente bat ere badelako, izaki bizidun bat».

MARTHA JUNGWIRTHArtista

Pinturari buruzko azalpenekin nahastu beharrean, beraz, bere lanak hartu dituen museoari buruz aritu da Jungwirth Bilbon. «Museo honen irekieran egon nintzen, eta liluratu egin ninduen. Munduko museorik ederrena iruditzen zait, eta ez soilik arkitekturagatik, baizik eta ente bat ere badelako, izaki bizidun bat, erakusketa interesgarriak eskaintzen dituena eta etengabe aldatzen ari dena». Era berean, «tentsio politikoak» gainditu izana ere txalotu dio artistak Guggeneheim museoari, eta «gizartea eta artea liberatzeko egindako ekarpena» ere nabarmendu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.