Marraztu dute euskal antzerkiaren balizko dokumentazio zentroa

Mintzola ahozko lantegiak eta Ehazek landu dute, elkarlanean. Antzerki munduko ehun lagunen parte hartzean oinarritu dute egitasmoa. Ehazeren esku dago gauzatzea orain

Eneritz Artetxe, Iñaki Murua eta Nere Erkiaga atzo, euskal antzerkiaren dokumentazio zentroaren egitasmoa aurkezten. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Villabona
2017ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Badira urte batzuk euskal antzerkiaren dokumentazio zentro baten beharra mahai gainean jarri zenetik, eta hori gauzatzeko urrats bat egin dute Mintzola ahozko lantegiak eta Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak. Ehazek lagundutako parte -hartze prozesu baten bidez, dokumentazio zentro horren helburuak eta egitekoak zehaztu ditu Mintzolak; are, hura sortzeko urtez urte eman beharreko pausoak eta faseak ere zehaztu ditu txosten batean. Material hori hartu eta gauzatzea dagokio orain Ehazeri, baina ez dirudi epe labur edo ertainean egiteko modurik izango duenik.

Mintzolak eta Ehazek 2014an egindako jardunaldi batzuetan du oinarria orain aurkeztu duten txostenak. Euskarazko antzerkia ardatz izango duen dokumentazio zentroaren beharra mahai gainean jarri zuten: Iñaki Murua Mintzolako lehendakariak azaldu duenez, euskaraz sortutako antzerkiaren dokumentazioa hainbat liburutegitan sakabanatuta dago, eta asko oraindik bildu gabe dago. Zentzu horretan, bertsolaritzaren datu basearen eskarmentua oinarri hartuta, Xenpelar Dokumentazio Zentroak laguntza eskaini zion Ehazeri: horrek diseinatu du euskal antzerkiaren dokumentazio zentroa.

Txosten luzea egin dute, eta luzea izan da, baita ere, hori osatzeko prozesua, Nere Erkiaga Laka Xenpelarreko koordinatzaileak azaldu duenez; proposamen bat da, abiapuntu «irekia eta aldakorra». 2016ko urtarrilean hasi ziren lanean eta orain amaitu dute antzerki munduko eragileekin egindako parte hartze prozesua. «Xenpelarreko esperientzia hartu, orri zuri bat jarri, eta haien jakintza bildu dugu, guk ez baitaukagu antzerkiaren inguruko ezagutzarik», nabarmendu du Erkiagak. Askotariko eragileek parte hartu dute prozesuan—105 lagunek—, Bilbon, Donostian, Iruñean, Maulen eta Kanbon (Lapurdi) egindako tailerren eta bakarkako elkarrizketen bidez.

Behatoki eta transmisiogile

«Euskarazko antzerkiaren aktibazio sozialean» lagundu beharko luke zentroak, eta antzerki eragile guztientzako baliagarria izan —profesionalentzat, amateurrentzat, zein tradiziozko herri antzerkigileentzat— «sorkuntza eta zaletasuna zabaltzeko eta ezagutzan sakontzeko». Horregatik, bi lan ildo nagusi proposatu dituzte. Batetik, egungo euskarazko antzerki sorkuntzaren behatoki dinamikoa izatea. Bi egiteko izango lituzkete atal horretan: gaur egungo antzerkiaren datuak bildu eta ezagutza zabaltzea, eta eragileen transmisio, sustapen eta ikerkuntzarako egitasmo guztiei zerbitzu eraginkorra ematea. Bigarren lan ildoak «sakondu» egingo luke zentroaren zereginetan: garai eta lurralde guztietan sortu den euskarazko antzerkiaren memoria berreskuratzea eta zabaltzea litzateke.

Helburu horiek erdiesteko, zenbait oinarri ere finkatu dituzte. Batetik, dinamikoa eta eraldatzailea izan behar du dokumentazio zentroak. «Zentroa ez da ondarea biltzen bakarrik ariko: moldagarria den zerbitzu bat izan behar du, mugitzen ari den sorkuntza baten inguruan lan egingo duelako». Bestetik, hizkuntza ikuspegia legoke: «Euskaran ardaztutako egitasmoa da, eta euskarazko antzerkiari ematen dio zerbitzu: horren helburua da sortzaile eta mota guztietako eragileei euskararen lurraldea zabaltzea, muga guztien gainetik».

Horrez gain, aniztasuna eta elkarlana bilatuko ditu zentroak. «Eragile mota guztientzako izan behar du, hau da, lurralde guztietan dabiltzan profesionalak, amateurrak, pastoralgileak, idazleak, ikasleak, antolatzaileak... Denak». Elkarlanari dagokionez, hainbat maila bereizi ditu Erkiagak. Batetik, elkarte, talde eta norbanakoen bidez osatuko dute zentroaren ondarea. Bestetik, bilduta dagoen ondareari dagokionez, erakunde guztiekin elkarlanean aritzeko beharraz ohartarazi dute, bilaketak modu bateratuan egiteko tresnak sortu ahal izateko. «Ez litzateke bateratze fisikoa izango, teknologikoa baizik», azaldu du Erkiagak. Azken mailak gaztelaniaz eta frantsesez egiten den antzerkiarekin du zerikusia: «Zentroak harremanak egingo dituenez Dantzertirekin, Nafarroako Antzerki Eskolarekin eta Baionako Mediatekarekin, ondare horrekin topo egingo du». Hizkuntza horietan egindako antzerki ondarea bildu eta egoki eskainia izan dadin ere bultzatuko luke, zentzu horretan.

Erakundeei deia

Hemendik aurrerakoak Ehazeri dagozkio. Aitzitik, Eneritz Artetxe Aranaz Ehazeren lehendakariakazaldu du ez dutela egutegirik lanari ekiteko, «barne hausnarketa potolo batean» daudelako. Egoera ekonomikoak ere ez die laguntzen: aurrekontu «oso txikia» dute, eta ez da nahikoa aurrera egiteko. Azaldu duenez, proiektu asko «airean» dituzte, diru laguntzak jaitsi dizkietelako. «Kontzientziatu nahi ditugu gizartea eta instituzioak, haien babesik gabe ezingo baitugu aurrera egin».

Nolanahi ere, Artetxek txostenaren sendotasuna eta dokumentazio zentroaren beharra azpimarratu ditu. «Ehazeren oinarrizko helburuetan izan da teatroaren ondarea eta transmisioa bermatzea, eta horretarako zutabeetako bat da zentroa: txostena abiapuntu sendoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.