Marrazteko bizi nahi dute

Krisialdiak beste sektore batzuk bezain gordinki jo ez baditu ere, irudigileak ere kezkatuta daude: beldur dira ez ote den sektorearen prekaritatea areagotuko. Uste dute beren lana ez dagoela beste adierazpide batzuetakoa bezain baloratua, hainbat faktorerengatik. Beren artean elkartzeko beharra nabarmendu dute.

Joseba Larratxe Josevisky eta Ainara Azpiazu Axpi, Zapart jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan, 2015ean. GORKA RUBIO / FOKU.
Ane Eslava.
2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Kulturaren industria osoa bezala, irudigileak ere jo ditu koronabirusak sortutako egoerak. Ez beste sektore batzuk bezain gordinki, ordea. Edo ondorioak, oraingoz, ez dira hain agerikoak. «Guretzat kaltea ez da hain handia izan: gure lana normalean ez da presentziala, eta, ez bazaitu harrapatu lan baten promozio betean edo proiektu bat martxan jartzen, ondorioak polikiago helduko zaizkizu», Dani Fanoren hitzetan. Hala ere, badakite ondorioak heldu helduko zaizkiela lehenago edo beranduago, eta krisialdiak ezegonkortasuna eta ezjakintasuna handituko dituela bi ezaugarri horiek berezko dituen sektore batean; orain arte emandako pausoak hondatzeko arriskua dakar horrek.

Zenbait marrazkilariren arabera, krisialdia heldu arte sektoreak «garai-gozoak» zituen Euskal Herrian, eta baita kanpoan ere. Hori uste du Joseba Larratxe Josevisky-k, eta prestigioa aipatu du baieztapen hori azaltzeko: «Azken urteetan, ilustrazioak nolabaiteko prestigioa hartu du, edo behintzat boladan jarri da». Maila globalean, digitalizazioaren jauzian ikusten du horretarako arrazoi bat: «Digitalizazioak marrazteko modu berriak ekarri ditu, eta, aldi berean, argazkilaritza demokratizatu du, eta horrek balioa kendu dio transmisio bide gisa. Marrazkia, berriz, berreskuratzen ari da garai batean zuena». Maila lokalean, berriz, bultzada garrantzitsutzat jo ditu bai Ikastolen Elkartearen Xabiroi aldizkariak eskaintzen duen plaza eta bai 2019ko urtarriletik Jaurlaritzak komiki, eleberri grafiko eta album ilustratuen sorkuntzarako ematen dituen laguntzak.

Beste zenbaitentzat, ordea, «inoiz baino egoera prekarioagoan» daude. «Beste sektore askori bezala, 2008ko krisitik lehengoratu gabe heldu zaigu krisi hau», adierazi du Fanok. Haren ustez, komikigintzak pairatzen ditu, euskal kulturak oro har kultura gutxitu gisa dituen arazoak ez ezik, «bazterreko» diziplina bat izatearenak ere. «Oraindik baztertuak eta zapalduak jarraitzen dugu geure herrian bertan».

Marrazkilari askoren sentsazioa da haien lana ez dutela balioesten beste adierazpide batzuetakoen moduan. «Japoniako, Ameriketako Estatu Batuetako eta Frantziako merkatuek oso estimu onean dute komikigintza, baina hemen, eta beste toki askotan, ez; ez da egon tradiziorik, eta bigarren mailako entretenimendu gisa ulertu da», adierazi du Joseviskyk. Joera hori Euskal Herrian nabarmenagoa dela uste du. «Hitzak —bertsolaritzak eta literaturak— euskal kulturan tradizionalki izan duen pisuagatik izan daiteke». Ideia bera proposatu du Fanok ere: «Euskal kultura hitzari oso lotuta dago; azalpena izango da gure hizkuntzaren kontra jo dela, baina horrek irudia baztertzea eragin dezake».

Ainara Azpiazu Axpi-k beste faktore bat mahaigaineratu du: «lan militantearen» pisua eta kontraesanak. «Euskaldun izatearekin lotuta dauden gauza asko militantziarekin ere lotuta daude; lan handia egin dugu hizkuntzaren alde, musu truk, eta ez dut epaitzen, baina horrek eragiten du askotan gure lana ere horrekin lotzea. Badirudi dirua hor sartzea zikintzea dela».

Faktore horiek eragiten dute marrazkilariek ordainsaririk gabeko lan eskaerak jasotzea eta besteek euren lanak baimenik gabe zabaltzea, besteak beste. «Interneten irudiak baimenik eskatu gabe konpartitzea erraza da, eta ez dugu ikusten horren atzean pertsona bat dagoela. Hor dago balorizazioaren borroka: ohitu behar dugu lan hori ekonomikoki estimatzen», adierazi du Axpik. «Eta norbanakoekin bakarrik gertatuko balitz... baina hedabideekin eregertatzen da, eta hori are larriagoa da: horrek erakusten du zer estimu txikian hartzen duten gure lana, baita hedabide askoren profesionaltasun falta ere», erantsi du Joseviskyk.

Tarifen borroka etengabea

Tarifa bateraturik ez izatea da marrazkilari gehienek egunerokoan duten arazo handienetako bat. Traba nagusia da Espainian 2007tik ez dela onartzen halakorik egitea: Lehiaren Defentsarako Legeak debekatu egiten du tarifak argitaratzea, merkatua suspertzeko xedez. Ondorioz, artistek zailtasunak izan ohi dituzte bezeroen aurrean prezio duinak ezartzeko. Axpik azaldu du ilustratzaile hasiberriek askotan jotzen dutela beregana, gomendio eske. Horrek, haren irudiko, adierazten du sektorean «noraeza» dagoela, eta, halaber, oso lan bakartia dela. «Merkaturatzen zara, hasten zara lanak egiten diru truk, baina ez dakizu zeintzuk diren irizpide egokiak, zuk zeure buruari jartzen dizkiozunez harago». Horren arriskuez ohartarazi du Joseviskyk: «Hain zaude pozik hasi berritan norbaitek zure marrazkiak publikatu nahi dituelako, ezen ez baitiozu garrantzirik ematen prezioari. Eta horrek profesioaren debaluazio ikaragarriaeragiten du, prekaritatera eramaten duena, eta prekaritatea arau bihurtzen duena».

Asisko Urmeneta marrazkilariak ere izan du prekaritatea mintzagai: haren esanetan, egoera horrek eramaten ditu gustuko dituzten lanez gain beste batzuk egitera, bizi ahal izateko: «Guk bizi nahiko genuke marrazteko, baina bizitzeko marraztu behar izaten dugu». Halaber, Frantziako eta Espainiako gobernuen menpe egoteak kalte egiten diela nabarmendu du, eta Ipar eta Hego Euskal Herriko langileen artean ezberdintasunak sortzen direla: «Frantziako legeriaren arabera hobeki gaude: estatus laboral hobea dugu, eta hilabete horretan ditugun sarrerenarabera pagatzen diogu estatuari; Espainiakoaren arabera, berriz, autonomoak gara, eta, beraz, prekaritaterik handienean gaude».

Horri guztiari lotuta, euren artean batzearen garrantzia nabarmendu dute ilustratzaileek, «kolektibitate eta komunitate sentsazio bat sortzeko, eta prekaritate egoerei baturik erantzuteko». Gaur egun, horretan dihardu Euskal Irudigileak elkarteak: 2003tik, euren eskubide profesionalak defendatu nahi dituzten ilustratzaileak biltzen ditu, eta aholkularitza lana egiten du bereziki. Bestalde, antzeko helburuekin eratu dute, beste kultur esparruetako sortzaileekin batera, Lanartea, euskararen langile autonomoen intersindikala, baina oraingoz hastapenetan daude, elkartea egituratzen. Alde horretatik, Urmenetak aipatu du muga administratiboek trabak sortzen dituztela batzeko orduan.

Horiek horrela, haiei osasun krisiak beste sektore batzuei baino gutxiago eragin badie ere —edo ez horren kolpean eta modu agerian—, ilustratzaileek ere kezkaz begiratzen diote geroari. Bertan behera gelditzen ari zaizkie enkargu zenbait, ezin dituzte proiektuak jendaurrera eraman... eta urteko zenbaketa egitean diru sarrerak txikiagoak izango direla aurreikusten dute. «Ondorioak kaltegarriak izango dira jada oso bizimodu ezegonkorra eta sakrifikatua eskatzen duen sektore batentzat», Axpiren hitzetan.

Etorkizuna, kezkaz betea

Irudigileen Elkartea azterketa bat egiten ari da sektorea nola dagoen ikusteko. 58 galdera egin dizkiete 113 profesionali, eta ostiralean jakinarazi zituzten emaitzak. Ondorioak ez dira baikorrak: adibidez, ilustratzaileen herenek aurreikusten dute urtea amaitu arte 250 euro baino gutxiago irabaziko dituztela hilean, eta erdia baino gehiagoren kezka, hamarreko eskalan, zortzitik gora dago. Elisabeth Perez elkarteko presidenteak azaldu duenez, erakundeei dagoeneko egin zaien eskaera bat indartzea du xede inkestak: «Kontuan har dezatela kultura lanaren ereduaren espezifikotasuna, zeinean fakturazioaren gehiengoa hain aldizkakoa den, ezen ezin baita urte osoa kotizatu». Preseski, horretaz kexu dira ilustratzaileak: autonomo gisa, urteari begiratzen diote, hilabeteak elkarren artean oso ezberdinak direlako, etadiru laguntzak eskatzeko orduan zailtasunak dituzte.

Krisialdiaz harago, nabarmendu dute erakundeetatik ez dutela jasotzen babes nahikorik, erakundeek ez baitute ulertzen marrazkilari lanarekin aurrera ateratzeko egin behar duten ezkutuko lan guztia. Alde horretatik, Urmenetak adierazi du Euskal Herrian «industria eta instituzio nazionalak» falta direla, «egiazki bultzatuko dituztenak euskal sortzaileak». Marrazkilarien artean kalitatea dagoela dio, baina sortzaileak ekonomikoki egoera hobean egonez gero emaitzak ere hobeak izango liratekeela azpimarratu du. Esaldi batekin laburbildu du: «Nik nahi dudana da egun batean marrazteko bizitzea, eta ez bizitzeko marraztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.