Marrazkiak irria eragin dezake, bistan dena, umorez landuz gero. Baina, umorea gauza seriosa ere bada; eta horren arteko oreka zer da? Marrazkirri erakusketa. Lehendabizi, gai bat, eta, hori abiapuntu harturik, marrazkia eta irria. Aurten Larzabaleko (Nafarroa Beherea) Espelletenia ostatuan estreinatuko dute Marrazkirri, azken edizioa egin zenetik hamabost urtera: otsailaren 9rako emana dute ordua,19:30ean.
Hamabost urte Marrazkirri gelditu zela, baina ez hori bakarrik: hamabost urte Haize Berri elkarteak azken hatsa eman zuenetik ere. Hura zen erakusketaren antolatzaile eta eramailea; orokorkiago, hura zen Oztibarre eskualdeko kulturaren sustatzaile nagusietarik bat. Haize Berri, Izuran (Nafarroa Beherea) abiatu, eta barnealdeko beste bi elkarterekin batean sortu zen,1980ko hamarkadan: Zuberoako Ühaitzarekin eta Lapurdiko Eihartzearekin. «Barnealdeko kultur etxeak deitzen ziren», azaldu du Maixan Merkapidek, 2004 eta 2009 artean elkarteko ordezkari iraunkorra izan zenak. «Euskal kulturaren garaipena, euskaraz»: hori zuten ildoa.
Urteetan, eskaintza zabala garatu zuten: «Mintzaldi saio bat bazen, hori udan; udan egiten zen, justuki, kanpoko jendeari eta bereziki Done Jakueren bidetik agertzen zirenei pixka bat Euskal Herriko bizi ekonomiko, sozial, eta kulturala ezagutarazteko». Elkartearen ardatzetatik beste bat irrati bidezko irakurraldia izan zen: «Hamakaren deia». Euskal Irratien partaidetzarekin egiten zuten, eta euskal literatura edo literatura euskaratuari buruzkoak komentatzen zituzten. Antzerkia ere garrantzitsua izan zitzaien: «Kolaborazio bereziak izan dira herriko antzerkilarien eta antzerkilari profesionalen artean. Ander Lipusek, adibidez, antzerki baten taula zuzendaritza egin zuen, eta jokolari ere aritu zen herritarrekilan».
«Usu artea hiriari lotzen baita, hor bazen nahikeria justuki hiritik kanpo artea sortzea, sustatzea. Hierarkia hori hausteko». MAIXAN MERKAPIDEHaize Berri elkarteko kidea
Marrazkirri erakusketa denei irekia, baita ez usteko auzoko laborari edo zurgin marrazkilariari: hori zuten, hain zuzen, xedearen ardatz. Hasieratik, Marrazkirri-ren helburu nagusietarik bat edonork bere marrazkiak erakutsi ahal izatean zen. «Baziren artista ezagunak, hastapenetik sutsu ibili direnak, baita antolakuntzan ere. Eta, horien ondoan, baziren ere besteen sorkuntzak. Nornahirenak. Euskal Herri osoa kontuan hartzen zen: zazpi lurraldeak. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harreman artistikoa sustatzea genuen helburu». Erakusketa beti gai baten inguruan proposatua zen: «Gai biziki libreak, araudirik gabe. Sorkuntza zen lehenetsia, eta, gero, artistak bazuen askatasun osoa. Irri engaiatua zen, hala ere». Azaldu du: «Mezu bat pasarazteko zen; gehienetan gai politikoa zen. Marrazkilarien artean, baziren analista zorrotzak: bizi politikoaren eta gizartearen analista zorrotzak; horrek ere sorrarazten zuen irri hori. Gizarte hobe baten ametsarekin».
«Ez arte baserritarra, artea baserrian»
Elkartearen azken hamabost urteetan, 2009an hetsi zen arte, artea eta arte garaikidea baserri eremura sartzea izan zuten helburu. «Usu, artea hiriari lotzen baita, hor bazen nahikeria, justuki, hiritik kanpo artea sortzea, sustatzea. Hierarkia hori hausteko». Artista ezagunak gomitatu izan zituzten, eta egin zizkieten oharrak oroitu ditu Merkapidek: «Orokorrean gustura sentitzen ziren, edo gehiago sentitzen zuten benetako interesa artearentzat jende zabalaren artean. Agian, ez baitzen gehiago diruaren harreman hori ere». Haize Berriren azken hamabost urte horietan, arte garaikide erakusketak antolatzeko ohitura hartu zuten udaz, eta garai bertsuan sortu zen Marrazkirri. Argiki zehaztu du Merkapidek desmartxa horrekin zer aitzineratu nahi izan zuten: «Ez arte baserritarra, artea baserrian»; edozein mota, genero edo estilotakoa izanik ere.
Emeki-emeki, elkartea akitzen hasi zen. Alde batetik, sosaren arazoa agertu zen: zenbait dirulaguntza errezibitu ohi zituzten, Euskal Kultur Erakundetik eta proiektu desberdinen arabera, «baina oso guti». Eta Scene de Pays proiektua sortu zen Donibane Garazin: «Scene de Pays hori beste estatus batekin zen, eta ez zuen bakarrik euskal kultura ardatzetan; horren parean, Haize Berriren proiektu orokorra ez dute kontuan hartu instituzioek». Gainera, elkartearen lan gehiena borondatez egina zen, laguntzaileei esker. Momentu batean eskastu zaizkie, eta kideak ez dira berritu. «Agian, bazen garai baten bukaera ere kulturaren bizitzeko maneran». Halere, bazen Bota gaztetxea, nahiz gaur egun hura ere desagertu den, eta «anitz gauza egiten zituzten», Merkapideren hitzetan.
Nahiz Haize Berri itzali zen, Marrazkirri berpizten da aurten; eta nahiz gaztetxea itzali zen, izena berpizten dio Marrazkirri-k: «Bota’zank hori!» da aurtengo erakusketako gaia. Jende orori obra berria botatzeko deia egin zaio, marrazki eta irriak haize berri hats har dezan nola Oztibarren hala Euskal Herrian.