Mahai gainean barreiatu dituen Marrazkirri erakusketako garaiko artxiboei so da Asisko Urmeneta (Iruñea, 1965). Badira zenbait artikulu zahar, zenbait elkarrizketa, zenbait argazki. Bere garaian jadanik Urmenetak erakusketan parte hartu izan zuen, eta aitortu du argiki: loriatu zen halako arte ekimen herrikoiaz. Horregatik, hain segur, proiektuaren berpizteari lotu zaio Jean-Marie Irigoin adiskidearekin batean, eta antolatzaile ohien sostenguz.
Zer da Marrazkirri?
Erakusketa. Nik uste Euskal Herrian egin izan den erakusketarik herrikoiena. Gaia ematen zaio koherentzia ukan dezan; zeren hor denetarik baita: adineko jendea, gazteak, barnealdekoak, bizkaitarrak... Beti gaiak izan dira biziki zabalak. Adierazpen askatasuna egoera puruan.
Ekimena berpizteko ideia nondik jin zitzaizuen?
Jean-Marie Irigoin. Nik uste berak proposatu zuela. Betitik arrunt interesatua herri kulturan eta antzerkian; umorearen muntaz edo garrantziaz ohartzen dena. Niri izugarri ideia ona egin zitzaidan. Bigarren urratsa izan zen, oneski, proposatzea urteetan eta urteetan eramaki zuten horiei: Piares Erdozaintzi eta Alain Pessansi. Eta izugarri gogotsu hartu dute.
Zer baldintzarekin abiatzen zarete?
Ez dugu aurrekonturik. Baina paper zuri batean, bat-batean marra bat sortzen hastea eta ikustea ze bestelakotzen den: magia da. Eta, gainera, horrek sortzen badu konplizitatea, edo irriñoa, edo erantzuna... Hain da gauza primitiboa, hain gure barnean dena. Ni horrekin abian naiz. Irakaspen bat da: gauzak egin, egin behar dira. Baina egin ditzagun goi mailako numeroen zepoan sartu gabe.
Nola parte hartzen da erakusketan?
Ahal dela, otsaila gabe bidaltzea zerbait. Bere garaian Internetik ez zen, eta originala ekarri egiten zen: jendeak uzten zuen Haize Berrin, edo postaz bidaltzen zuen. Orain, jende anitzek proposatu zigun posta elektronikoz igortzea, baina erran dugu ezetz; originalekin ariko gara. Eta emanen ditugu txilintxau pintzetatik, eta hari batetik. Gauza primitiboa bezain efikaza; hori da ideia. Eta ostatua baita estreina eta erakusketa izanen den lekua, orduan jendeak aski du hor uztea marrazkia, edo postaz igortzea.
«Bota’zank hori!» da aurtengo gaia...
Elkartu garelarik lehenbiziko urrats gisa, hurbildu ziren Piarres eta Alain; Adur Larrea Ziburutik; Aitor Txarterina Irundik, eta Loretxu Bergouignan. Eta orduan bilkura hasi aitzin, Adur ari zela mugikorretik, bat-batean Alainek bota zion: «Bota'zak hori! Zikinkeria hori!». Hor genuen gaia! Enetako, dena izan daiteke. Gero, bistan dena, subkontzientean, jendeak lotu du Bota gaztetxearekin. Orduan, segur aski, Bota gaztetxea, urteetan Oztibarren erreferente bat izan dena, kulturala eta soziala, marrazki batzuetan agertuko da.