MARRAZKIEI BIZIA EMATEN DIETENAK, «LARRI»

Azken urteetan ekoitzitako euskal animaziozko filmak txalotu egin dituzte Euskal Herrian nahiz kanpoan, baina profesionalek salatu dute krisian dagoela beren sektorea. Pelikulak sortzeko prozesua luzea eta garestia da, eta sostengu faltak ixtera behartu ditu zenbait ekoiztetxe.

Animaziozko film bat sortzeko prozesua oso luzea da. ANDONI CANALLEDA / FOKU.
Ane Eslava.
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Gure aurreikuspenetatik kanpo». «Oso pozik». Hitz horiekin definitu dute Miren Berasategi eta Ricardo Ramon ekoizleek, hurrenez hurren, produzitu dituzten azken filmek izandako harrera. Berasategik Lur eta Amets pelikula estreinatu berri duen Lotura Films ekoiztetxean egiten du lan; hilaren 7an estreinatu zuten filma, eta areto ugari betetzen ari da. Dibulitoon etxekoa da Ramon, eta aurtengo Goya sarietarako izendatu duten Elkano Lehen Mundu Bira filma ekoitzi zuen iaz. Sektorearen egoerari buruz galdetuta, ordea, beste hitz batzuekin erantzun dute, biek ala biek: «Egoera larria da»; «Abaguune larri batean gaude».

Euskal Herriko animazioaren sektorea lehen lerroan izan da hainbat urtez, baina merkatuaren aldaketek eta babes faltak kalte egin die produktoreei, eta «atzean» geratu dira. «Oso atzean», Ramonen ustez: «Toki guztietatik aurreratu gaituzte». Beste herrialde batzuetan badago lana, eta profesional ugari kanpora joaten ari dira. Horrek zaildu egiten du lantaldeak mantentzea, eta, ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ekoiztetxeak ixten ari dira. Somuga izan da horietako bat. «Denbora luzean ez baduzu pelikularik ekoiztea lortzen, enpresa itxi egin behar izaten duzu», deitoratu du Berasategik.

Euskal Herrian Juanba Berasategik urratu zuen animazioaren bidea. 1977an, 26 urte zituela, Ekialdeko izarra laburra sortu zuen; 1979an, Fernando amezketarra egin zuen; 35 mm-tan ekoitzitako euskarazko lehen laburra eta marrazki bizidunetako lehen film luzea ere hark egin zuen, 1985ean: Kalabaza tripontzia arrakastatsua. Berasategik sortu zuen Lotura Films ere, 1992an. 2017an hil zen, eta urte horretan kaleratu zuten haren azken lana: Nur eta herensugearen tenplua.

Egun, animazioan espezializatutako lau ekoiztetxe daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Haurrentzako lanak produzitzen dituzte batik bat, baina badira helduentzako animaziozko filmak ere. Azken urteetan Euskal Herrian sortutakoak txalotu egin dituzte Euskal Herrian zein nazioartean: esaterako, 2018an, Raul de la Fuentek Goya saria jaso zuen Another Day of Life-rekin, eta urte berean Fermin Muguruzak Black is Beltza sortu zuen; hori ere arrakastatsua. Beste herrialde batzuetan errotuago dago helduek ere animaziozko fikzioa ikusteko ohitura, baina Euskal Herrian arlo horretan bidea egiten ari dira, Berasategi eta Ramonen ustetan.

Marrazki bizidunetako film bat sortzeko prozesua luzea da. Lehenengo urratsa gidoia idaztea da. «Une horretan, saiatzen gara pelikulak mezu edo ekarpenen bat izan dezan, helburua entretenimendua izan arren», azaldu du Ramonek. Aldi berean, finantzaketa bilatzen dute proiektua gauzatu ahal izateko. Iturri nagusiak erakundeak eta telebistak dira, eta Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak —lehenak 2016tik eta bigarrenak 2018tik— pizgarri fiskalak ezartzen dizkiete Euskal Herian ekoitzitako ikus-entzunezkoetan inbertitzen duten enpresa pribatuei. Hori «oso diru iturri garrantzitsua» bihurtu da ekoizleentzat, Berasategiren esanetan.

Finantzaketa lortuta, garapena dator; zatirik interesgarriena, Ramonentzat: «Hutsetik sortu behar dugu dena: pertsonaiak, mundua...». Sorkuntza handiko fase bat da, eta lan handia eskatzen du. Ondoren, produkzio fasean, pertsonaiei bizia ematen diete; jarraian, muntaketa egin, eta soinua sartzen dute. Estetika asko aldatzen da hartzailearen arabera: «Haurren kasuan, txikiagoentzat diren diseinuak sinpleagoak eta koloretsuagoak dira; nagusiagoentzako lanek proportzio errealistagoak eta kolore itzaliagoak dituzte». Helduentzako lanekin, berriz, «askatasun handiagoa» izaten dute. Filma ekoitzitakoan, estreinaldia eta promozioa geratzen zaie. Prozesuan taldeak «garrantzi osoa» duela erantsi dute bi ekoizleek.

Bai Lotura Filmsek bai Dibulitoonek ere euskararen aldeko apustu irmoa egiten dute: euren film ia guztien jatorrizko bertsioa euskaraz da. Baina errentagarriak izan daitezen eta ibilbidea izan dezaten, beste hizkuntza batzuetara itzuli behar izaten dituzte. Halaber, sarritan, errentagarritasuna lortzeko, koprodukzioak egiten dituzte beste herrialde batzuekin; esaterako, Dibulitoonek Errusiarekin ekoitzi zuen Yoko eta Lagunak telesaila (2015).

Aurrekontu txikiak

Ekoizpenerako bi urte inguru behar izaten dituzte, baina aurreko eta ondorengo lanekin prozesua asko luzatzen da. «Elkanorenaren gidoia 2000n erregistratu genuen», jarri du adibidetzat Ramonek. Horrek inbertsio handiak eskatzen ditu, baina euskal ekoiztetxeen aurrekontuak mugatuak dira. Adibidez, Dibulitoonen film hori Klaus eta Buñuel en el laberinto de las tortugas (Buñuel dordoken labirintoan) espainiarrekin lehiatu zen Goya sarietarako, eta lehenak irabazi zuen. «Bada, bi horien aurrekontua 20-30 milioi da, eta gureak milioi eta erdi inguru izaten dute», zehaztu du Ramonek.

Filmak ekoizteko, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak jasotzen dituzte, baina, proiektuak aurrera atera daitezen, babesleak behar dituzte; inbertsiogileenak, telebistenak... Eta, egun, ez dira iristen. EITBren babes falta kritikatu dute Berasategik zein Ramonek. «Sostengu falta horrek egoera zailean jartzen gaitu, proiektu sendo bat izan ezean ez baitugu sarbiderik laguntzetara», azaldu du Ramonek. Eta datu kezkagarri bat eman du: «Iaz ez zen proiektu bakar bat ere aurrera atera Eusko Jaurlaritzaren laguntzekin». Hala ere, onartu du Jaurlaritzak kezka agertu duela sektorearen egoera larriagatik; horren erakusgarri da oraintxe ikerketa bat egiten ari dela animazioaren egoera eta arazoak aztertzeko.

Nafarroan argitsuagoa da egoera. Azken urteetan animaziozko ekoiztetxe batzuk hara joaten ari dira, pizgarri fiskalek erakarrita: oraingoz, Apolo Films eta Dr. Platypus y Ms Wombat daude instalatuta, eta beste bat bidean da. Lanpostuak sortu dituzte, eta gobernuak ikastaroak antolatu ditu eskari horri erantzuteko.

Animazio esperimentala

Baina zinema areto nagusietan ikusten diren marrazki bizidunetako fikziozko filmetatik harago, bada beste motatako animazio bat, zirkuitu komertzialetik kanpo mugitzen dena, industriarekin loturarik ez duena, formatu laburra izan ohi duena eta esperimentatzeko aukera ematen duena. Arlo horretan aitzindariak izan ziren Isabel Herguera eta Begoña Vicario zinemagileak. 1990eko hamarkadan bultzatu zuten genero hori, eta, ondoren, bi joeratan banatu zen: narratiba bat betetzen duena, eta adierazpen artistikoa muturrera eramaten duena. Herguera eta Vicario lehenengokoak dira, baina esparru berriak sortzeko bidea zabaldu diete hurrengo belaunaldiei.

Haiek sortutako harrobitik ateratakoa da Izibene Oñederra zinemagilea. Marrazkigintza ikus-entzunezkoen formatuarekin uztartuz heldu zen animaziora, eta esan nahi duena adierazteko «hizkuntza propio bat» bilatzeko balio dio: «Beste era batera adierazi ezin dudana adierazteko; buruan ditudan gauza anbiguo eta labainkorrak erakusteko». Harentzat, sortzeko askatasuna da animazio mota horren eta fikziozko film luzeen arteko ezberdintasun nagusia: «Hemen ez dago ekoizlerik, ez gaude ezeren menpe; askatasuna dugu esperimentatzeko alde narratibo, tekniko eta poetikotik».

2008an, Hezurbeltzak, una fosa común (Hezurbeltzak, hobi komuna) filma sortu zuen; Hotzanak, for Your Own Safety (2013; Hotzanak, zeure segurtasunagatik), Kutxa beltza (2016) eta Lursaguak (2019) zuzendu ditu, eta beste zenbaitetan parte hartu. Halako lanek ez dute aurrekontu handirik eskatzen, eta diru laguntza publikoekin ekoitzditzakete. Traba bat izaten dutela dio Oñederrak: denbora. «Ez dute ulertzen animazioak denbora gehiago behar duela: minutu bat produzitzeko hilabete bat behar dugu, eta luzapenak eskatzen ibiltzen gara». Positibotzat jo du sortzeko orduan muga txiki batzuk baino ez dizkietela jartzen; baina, aldi berean, esan du «tranpa» bat dagoela hor: «Diru gehiago beharko balitz, gehiago kontrolatuko lukete zer egiten dugun».

Ekoitzi ostean, film laburrak zinemaldi espezializatuen «burbuilan» mugitzen dira; zirkuitu horietatik kanpo ibilbide laburra egiten dute. «Ez dago ohiturarik halako eremuetatik kanpo laburrak ikusteko». Europako beste herrialde batzuekin alderatu du Oñederrak: «Frantzian, adibidez, animazioan punta-puntan daude, oso eskola bereziak eta festibal handiak dituzte, eta Poloniako eta Txekiako kulturako izen handiak animazioan aritzen dira».

Euskal animazioarena bide malkartsua izan da beti. Juanba Berasategik esan zuen behin animazioa sortzea «erresistentzia ariketa bat» dela. Eta horixe bera uste dute haren bideari jarraitudiotenek ere. Irmoki baieztatu du hori Miren Berasategik: «Zalantzarik gabe, erresistentzia ariketa bat izaten jarraitzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.