Marrazkia ere bada garaikidea

Patxi Ezkieta artistaren margolanak eta marrazkiak bildu dituzte Uharte zentroan irekitako erakusketan

Patxi Ezkieta artista iruindarra, bere lehenbiziko margolanak atzean dituela. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Uharte
2013ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Luzea da Patxi Ezkieta (Iruñea, 1960) artistaren ibilbidea. Aldaketa handikoa. Hori guztia, 80ko urteetatik gaur egun arte egindako lana, Uharte Arte Garaikideko Zentroan bildu dute, Un día menos (Egun bat gutxiago) erakusketan. Javier Manzanos zentroko zuzendariak argitu du zein denharen helburua: «Apustu bat da, marrazkia eta margolana hizkuntza garaikidea badirela aldarrikatzeko saioa». Izan ere, bestelako obrak bildu ohi ditu Uharte zentroak.

Etxea teilatutik hasi dute Uharten. Erakusketa bi solairutan dago antolaturik. Bigarrenean margolanak bildu dituzte, 80ko urteetatik 2005era egindako lanak alegia. Lehenbiziko solairuan, berriz, Ezkietaren azkeneko obrak ikus daitezke: marrazkiak. Guztietan, agerikoa da ironia eta probokazioa, eta badira irri eginarazten duten obra franko ere.

Punto muerto (Ez aurrera ez atzera) da bigarren solairuko erakusketaren izenburua. Mugarribat nabarmendu nahi izan du Ezkietak izenburu horrekin, hortik atzerako begirada baita ikus baitaiteke hor. Artistak azaldu duenez, lan bakoitza aurrekoaren zuzenketa da, eta aroen artean salto handiak daude.

1970 hondarreko eta 1980 hasierako urteetan Bilbon jasotako heziketa ikus daiteke lehenbiziko koadroetan, esponja baten gisa dena xurgatzen zuen garaia: europar trasbanguardia, espresionismo italiar eta alemana eta Espainiako figurazio berria.Ondotik, berezko mintzaira sortzen hasi zen,surrealismotik, onirikotik eta literariotik gertu. Marokon emandako urteetan ekialdeko eragina jaso zuen. Lan egiteko modua aldatu zuen orduan: «Gutxiago margotzen hasi nintzen, eta irudikapen grafiko handiagoa egiten»

Lantegian barneraturik

Sorterrira itzultzean, bere lantegian sartuta egin zuen lan. Han sortu zituen lehenbiziko solairuan dauden marrazkiak. Bi ataletan dago banaturik solairua. Gabinete de la perdida de tiempo (Denbora galtzearen kabinetea) ikus liteke, hilezkortasunaz mintzo dena. «Gero eta denbora gehiago galtzen dugun heinean, gero eta hilezkorragoak gara, eta hori niretzat eragozpen bat da», esan du Ezkietak. Horren adibide garbia da, asteko egun bakoitzeko margotu dituen arrantzaleak. Batean ere ez du deus arrantzatzen. Denbora galdu du. Gainera, buruarekin, bihotzarekin eta ipurdiarekin margotzeko tresnak sortu ditu, arrazoiaren, pasioaren eta zentzugabekeriaren tresnak.

Un saison en atelier (Lantegiko aroa) da bigarren zatiaren izenburua. «Lantegia lan egiteko toki gisa ikusi beharrean, bizitzeko toki gisa ikusi dut; dena da», dio. Lan intimoagoa da hori, eta bere autorretratuak ere ageri dira. Besteak beste, asmatutako animalien bilduma dago marrazki batzuetan: azeri eta gizaki, animalia eta txotxongilo, azeri eta pauma aldi berean diren izakiak.

Denbora du ardatz bere lanak, obsesio gisa ia. «Eskeleto artistiko bat egin baino, denbora izatea garrantzitsuagoa da. Horrek gidatu dezake [erakusketan] ikusten duguna», azaldu du. Denbora galtzera ohiturik daude gizakiak, haren aburuz. Horrekin batera, artista lanean paradoxikoa den beste gauza bat nabarmendu du Ezkietak: «Nik ez ditut gauzak azaldu behar, nik ezkutatu egiten ditut». Ezkutukoa agerian da, beraz, Uharte zentroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.