Marrantatutako deabru bat

Orain 50 urte argitaratu zuen Hannah Arendt pentsalariak Adolf Eichmannen epaiketaren inguruko liburua, milioika judu heriotzara eraman zituen militar naziaren aurkakoari buruzkoa. Oraindik ere bizirik den klasiko bat.

Inigo Astiz
2013ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Munstro bat espero zuen munduak, eta Adolf Eichmann agertu zen. Erdi burusoil, bista-motz, esaneko, eta, batez ere, erdipurdiko. Mukizapia eskuan, poliziaz inguraturik; balen aurkako beirazko kabina batean erdi-gaixo: deabru bat doministikuka. Israelgo polizia sekretuak Argentinan bahitu, eta Jerusalemera eraman zutenerako jakina zen errudun deklaratuko zutela. Gizateriaren aurkako 15 krimen egotzi zizkioten, eta horiengatik guztiengatik urkatu zuten. Aitortza ere bazegoen: SS indarretako kide izaki, Juduen Auzietarako Departamentu deiturikoaren buru, milioika eta milioika pertsona eraman zituen heriotzara. Portzentajeak konplitzera ohituta, agintarien meneko, burokrazia odoltsua zen epaiketan hain itxura eskasa zuen gizon harena. Eta kontraste hori da Hannah Arendt pentsalariak egindako erretratuan nabarmendu zuena: «Egintzen izugarrikeria ezin esanekoaren eta haiek egin zituen gizonaren burugabekeria ezin ukatuzkoaren arteko dilema». Inpresio horrek abiatu zuen orain 50 urte kaleratu eta klasiko bilakatua den Eichmann Jerusalemen liburua. Eta hor da aurreko mendeko polemikarik bizienetariko batzuk piztu zituen eta klixe ere bilakatua den liburuaren azpitituluaren jatorria: Gaizkiaren hutsaltasunaren gaineko txosten bat.

«Haize kontra jo zuen Arendtek». Hori dio Elena Martinez Rubiok. Filosofian doktorea da, baita pentsalari alemaniarraren gaineko Euskal Herriko aditu nagusietako bat ere. Arendti buruzko El pensamiento a la intemperie (Pentsamendua agerian) liburuaren egile, autore berari buruzko beste lan bat bukatzen dabil orain, euskaraz, eta hiru bat hilabetean izango du kalean. Badaki, beraz, zertaz ari den Arendt haize kontra aritu zela esaten duenean. Izan ere, ezaguna zen Arendten izena The New Yorker aldizkariari Eichmannen epaiketaren berri emateko proposamena egin zionerako, eta 1951n argitaratutako The Origin of Totalitarism (Totalitarismoaren jatorria) liburuarekin sona irabazi arren, kazetari aritu nahi izan zuen ordukoan. Alemaniarra eta judua izanik, gertukoa zuen gaia. Baina zorrotz aritu zen, halere. Jarraitu egiten du Martinez Rubioren azalpenak: «Ordura arte beste era batera jarduten zen krimenen gaiaz, gerra baino lehenagoko irizpideak baliatuta, nolabait esateko, baina nazismoaren garaian gertatutakoa erabat berria zen. Eta krimenen izaera berria erakutsi nahi zuen Arendtek. Nabarmendu nahi zuen nazismo garaiko gaiztakeriak ez zirela ezer demoniakoa, sakona, berezia, baizik eta egunerokotasunari zegokion zerbait, Eichmann bezalako jende arruntari zegokiona». Eta horrek piztu zuen polemika.

Arendten asmo horrek talka egiten zuen Israelek epaiketa antolatzeko zituen asmoekin. Izan ere, agintari nazien aurka egindako Nurenbergeko epaiketetan entzun ez zirenak entzun zitezen nahi zuten Israelgo buruek. Nolabait ere, aurpegia jarri nahi zioten milioika juduren aurka egindako eraso ikaragarri hari, eta ahotsa eskaini nahi zieten biktimei. Eta, noski, hor zegoen Palestinako lurretan eratu zuten estatuaren zilegitasunari buruzko eztabaida ere. Israelen existentzia justifikatzeko bide bat ere bazen epaiketa, beraz. David Ben Gurion idazle eta Israelgo lehen ministroa izan zen epaiketaren arkitektoa, eta Amos Elon idazle juduak Eichmann Jerusalemen liburuari egindako hitzaurrean zehazten duenez, «ikuskarizko juizioa» nahi zuen berak. «Holokaustoa antisemitismoaren lerro luze etengabe baten gailurra zelakoan ikusi da han [Israelen], faraoiengandik eta Nabukodonosorrengandik Hitler eta Arafatenganaino, eta horixe nahi zuen David Ben-Gurionek». Baina zorrotz kritikatu zuen Arendtek epaiketa ikuskari bilakatzeko asmo hura. Eta gaia lantzeko baliatu zuen zorroztasun hori da barkatu ez ziotenetariko bat. Horregatik entzun zituen entzundakoak.

Intelektualen 'gerra zibila'

New Yorkeko intelektualen artean «gerra zibil bat» piztu zuen liburuak, Irvin Howe idazle eta Dissent aldizkariko buruaren hitzetan, baina zabalagoa izan zen eztabaida. Izan ere, handiak izan ziren Arendten aurkako akusazioak, eta judu komunitatetik heldu zitzaizkion handienetariko batzuk. B'nai Brith izeneko erakunde juduak Arendt pulpitutik difamatzeko deia zabaldu zien AEBetako errabino guztiei, eta Intermountain Jewish News aldizkarian titular latza zuen liburuari buruzko kritikak: «Bere burua gorrotatzen duen judu batek Eichmannen aldeko liburu bat idazten du». Eichmannen antisemitismoari arreta txikiegia jarri izana salatzen zuten batzuek. Munstroa humanizatu izana, besteek. Eta ditxosozko esaldi hori ere hor zegoen, gainera: gaizkiaren hutsaltasuna.

Ezerosoa egin zitzaion jendeari esapidea, Martinez Rubiok dioenez: «Jendeak beste hitz bat nahiago zuen beharbada hura deskribatzeko, azalpen plausible bat nahiago zuen, errealitateari zuzenean aurre egin ordez. Hobe ankerkeria ezohikoa dela pentsatzea, ero batzuen kontua esaterako, eta orria pasatzea». Baina ezin. «Eichmann ez zen gehiengoa den baino gaiztoagoa. Garai historiko jakin batean egokitu zitzaion bizitzea. Horrek ez du ezer erlatibizatzen. Baina gizartea goitik behera alienatuta zegoen. Arendtek zioen legez, totalitarismoa ez zen ilargitik etorri, eta hor jarraitzen du. Hari aurka egiteko nork bere burua aztertu beharko du, munduarekiko dagokion ardura bere gain hartuz. Juzkatzeko ahalmena trebatu beharko du, azken batez, bere kabuz pentsatu eta erabaki ahal izateko».

Baina beste guztien gainetik, nazien menpeko lurraldeetako lider juduez esandakoek piztu zuten sumina. Baita liburu osoan gaiari orri gutxi batzuk baino eskaini ez arren ere. Arendtek iradokitzen zuen judu erakunderik batere izan ez balitz, deportazioaren makina ez zela hain leun ibiliko. Naziek milioika lagun banaka-banaka beren etxeetatik atera behar izango zituztela, eta horrek murriztu egingo zuela biktima kopurua. «Egia osoa zen, baldin juduek antolamendurik izan ez balute, (...) hondamena ikaragarria izango zela, baina biktimen kopuru osoa nekez izango zen lau eta erdi eta sei milioi bitartekoa». Biktimak beren hiltzaileen konplize zirela iradoki izana egotzi zioten Arendti horregatik, baina bera ez zen izan gogoeta hori egin zuen lehen pertsona, eta ezta gogorren aritu zena ere.

Objektibotasun hotzik gabe

Bereari eutsi zion Arendtek. Eta 1963an zera idatzi zion Karl Jaspers lagun eta filosofia irakasle izan zuenari: «Nire eta juduen arteko gerra amaitu egin da». Bizirik zela Arendtek ere onartu egin zituen kritika batzuk, halere. Ez denak, baina batzuk. Edizioz edizio, eutsi egin zion, adibidez, Eichmann sakonean sionista zela esaten zuen esaldi probokatzaileari. Baina kendu egin zuen, aldiz, Leo Baeck Berlingo komunitateko buru nagusi eta errabino ohia «fuhrer judua» zela esaten zuen lerroa. Tonua ez; tonuari eutsi egin zion beti. Ironiko eta harro. Martinez Rubiok azaltzen du zergatik: «Arendtek ez zuen gertatutakoaren zirrara moteldu nahi, ez zuen eramangarriago egin nahi, eta zentzu horretan esaten zuen pentsamenduak beti exajeratu egiten duela. Nolabait objektibotasun hotzik ez dagoela adierazteko, beharrezkoa dela bidezkoa ez dena azpimarratzea, nabarmentzea, grinaz eta sentiberatasunaz, gezurrik gabe, baina hizkera beroa ere erabiliz». Errezeloak luze iraun du, eta 2000. urtera arte ez du hebreerazko itzulpenik izan liburuak.

2008an agertu zen euskaraz, Klasikoak sailaren barruan. Koro Navarrok egin zuen itzulpena, eta, dioenez, ez zitzaion beti erraza izan. Eta ez soilik hizkuntzagatik, testua oso ongi egituratuta baitago, itzultzailearen hitzetan: edukia egiten zitzaion zaila. «Oso liburu handia da Arendtena, eta gauza asko esaten ditu. Kapitulu bakoitza istorio bat da. Momenturen batean oso gogorra egin zitzaidan». Eichmannen esaldi bat gogoratzen du, adibidez. Lviv hirian zegoela, hango buruzagi nazi batek juduak nola akabatzen zituzten erakutsi zionean sentitutakoa kontatzen duena: «Arroila bat zegoen han, betea ordurako. Eta hantxe, lurretik turrustan, odol-iturburu bat ageri zen, iturri handi bat bezalakoxea. Halako gauzarik ez nuen nik lehenago sekula ikusi». Baina Eichmannen lekukotasunez gain, Arendten tonuak ere inpresioa eragin ziola gogoratzen du Navarrok. «Bazuen halako harrotasun bat Arendtek. Harrokeria bat. Une batean kontatzen du Jerusalemera heldu zenean, eta epaiketa nola antolatu zen ikusi zuenean, harrituta gelditu zela bazirelako ekialdeko juduak ematen zuten pertsonak. Haiek bezala beltzez jantzita, eta beroki luzeekin zebiltzanak. Eta mespretxu puntu batez mintzo zen haietaz».

Alarma ezin itzalirik

Liburuaren lorpenak azpimarratzen ditu Martinez Rubiok, halere. Dioenez, bizirik da oraindik Eichmanni buruz idatzitakoa. «Arendt osoak du gaurkotasuna. Salatu zuenak hor dirau: jendeak ez daki zer den askatasunean bizitzea, bizitza pribatuan bilatzen du zoriontasuna, eta ez du giza antolamenduan parte hartu nahi. Bere burua saltzen du horrela, gero biktimismoz jokatzeko agintzen dutenen aurrean. Petit bonheur delako hori barregarria zen Arendtentzat. Eta nork bere burua agertzeko aukera ematen duen barruti politikoaren alde egiten zuen berak, nork bere iritzia lantzeko eta besteekin alderatzeko espazio baten alde, bertan erabakiak hartzeko. Gaur, ordea, kanpora atera daitekeen bakarra intimitatea da (telebistako programetan esaterako). Areago, masa populazioek ez dute askatasun espazio politiko horren beharra sentitu ere egiten. Eta esklabotasuna da, ohartu gabe, elkarrekiko isolaturik bizitzea».

Areago: Martinez Rubioren ustez, oraindik ezin da alarmarik itzali. Liburua atera eta 50 urtera ere, nazismoa gaindituta ere adi egon behar Arendten mezuari. «Jende mota batek ez du bere kabuz aritzeko ahalmenik, ez da bere buruaren jabe. Kontua da jarrera hau erabat hedatua dagoela masa gizarte demokratikoetan ere, eta totalitarismoaren hainbat ezaugarri dituztela. Eta hor da gaurko arrisku handia». Hor Arendtek idatzitako lanaren garrantzia.

Liburua euskaraz irakurri nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.ehu.es/ehg/klasikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.