Marokora hainbat aldiz joan izan da urteotan Aintzane Galardi (Oiartzun, Gipuzkoa, 1969). «Gauza askorengatik da berezia Maroko, baina, niretzat, bidaia horietan usaimenak garrantzihandia izan zuen, eta, usain guztietatik bat aukeratu behar banu, hori mendafina izango litzateke, hango teari darion usaina». Maiz aipatzen du usain hori bere poemetan, eta iluntzean han hartzen den teak «xarma berezia» duelakoan, Mendafin usaineko iluntzeak jarri dio izenburu bere poema liburu berriari. Blas de Otero-Bilbo Uria saria jaso zuen liburua argitara eman du orain Ereinek.
Bidaia horien eraginpean sortu ditu Galardik liburuko poemak. 69 jaso ditu guztira, eta hiru ataletan banatu. Urdinguneak Atlaseko zerumugan izenekoan, «kultura berri bat deskubritzean sortutako sentsazioak» hizpide dituztenak bildu ditu. Kelaat M'Gounako ilunabarrak atalean, berriz, Atlaseko herrixka batean amazig familia batekin igarotako uneak azaltzen dituztenak jaso ditu. Eta bidaiatik itzultzean, «distantziatik eta oroitzapenetatik» idatzitakoak dira Gauaz haraindiko palmondoak azken ataleko poemak. Egileak berak ondu ditu liburuko ilustrazioak ere.
Gaiak ez ezik, pertsonaiek ere ematen diote batasuna liburuari, hainbat poematan agertzen baitira batzuk, turista bat edo amazig familiako kideak, kasurako. Hainbatetan, poeta bera da narratzailea, baina badira bigarren eta hirugarren pertsonan idatzitakoak ere, ume baten begiradatik, esaterako. Askok dute beste egile baten aipua sarrera gisa, irakurritakoak nahiz bilatu eta jasotakoak. «Gogoko ditut. Askotan,aipuok norabidea markatzen dute nire poemetan; batzuetan osatzeko eta besteetan edertzeko dira. Poemaren materiala dira».
Poesia idaztean egilea guztiz biluzi ohi dela esaten bada ere, Galardik dio bere kasuan ez dela erabat hala izan. «Errealitate batetik beste errealitate bat sortu dut».
Marokoko usainak poesia bihurtu ditu Galardik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu