Markos Untzetak bluesaren lurraldean zehar bidaia egin du 'Mississippi' diskoan

Robert Johnson, Buddy Holly, Elvis Presley eta Hank Williamsen sorleku eta garaiari gorazarre egin die

Jon Eskisabel.
Donostia
2011ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Re irekian afinatutako gitarra riff bat (Zubiak eta ibaiak kantuarena), «Mississippi dut gogoan» esaldia eta Robert Johnsonen Crossroads Blues-eko ahapaldi bat, «have mercy, now save poor Bob, if you please» dioena. Hiru osagai horiek eman zioten Markos Untzetari (Eibar, 1970) hirugarren diskorako abiapuntua, eta kantariak blues musikaren eta, oro har, AEBetako herri musikaren lurraldean zehar bidaia musikala egiteko baliatu zuen aukera. Robert Johnsonek, mendeurrena bete berri duen blues gitarristak, bere arima deabruari saldu zion bidegurutze mitikoan abiatzen da Mississippi (Gaztelupeko Hotsak), Untzetaren lan berria, eta bidean geldialdiak egiten ditu New Orleansen, Memphisen eta Nashvillen. Johnsonez gain, Buddy Holly eta Elvis Presley ere kantuetara ekarri ditu bakarlariak.

«Inoiz bisitatu ez ditudan eta agian bisitatuko ez ditudan lekuetan egoteko nire ahalegina da diskoa. Kantuek badute ebokatzeko eta iradokitzeko ahalmena, harribitxi indartsu bat da kantua, eta niri asko gustatzen zait garai hartako musika: Sun Recordsen grabazioak, Elvis Presley, Hank Williams, bluesmanak, Nashvilleko musika, Credence, Byrds... Haiek zapaldu dituzten tokiak zapaldu ezin ditudanez, saiatu naiz kantuen bidez egiten», azaldu du kantariak.

Untzetaren hirugarren diskoa da, Gauaren basamortuan (GH, 2002) eta Zenbat euri (Hirusta, 2005) kaleratu ostean. Hirurak lan talde berarekin grabatu ditu, eta horrek isla izan du lan berriak aurrekoen aldean dakarren jauzi handian. «Hasi ginenean ez genuen esperientziarik, baina urteekin denok asko ikasi dugu prozesuaren atal guztietan: grabaketan, konposaketan, instrumentista gisa...». Daniel Merinok (gitarra), Txomin Guzmanek (baxua) eta Untzetak grabatu dute kantuen oinarria, eta, ondoren, «gutxika-gutxika», beste musikari batzuekin osatu dute grabazioa. «Kantu bakoitzari eman nahi genion ñabarduraren arabera», azaldu du. Hamahiru musikarik hartu dute parte diskoan, hammond organoa, bateria, akordeoia, banjoa, tronboia, pianoa eta koruak ekarriz diskora. Ia lau urte iraun zuen grabazioak, Untzetaren ahots arazoak eta aitatasuna tarteko. Antzematen da xehetasun guztiak zaindu dituztela. «Bi urte pasa eta gero konturatu nintzen ez zuela zentzurik diskoa presaka bukatzeak. Kantu batzuetan nahasketa mordoa egin dugu, oreka bilatu arte. Gure asmoa izan da kantuek intentsitate bat izan zezaten, eta hori lortzeko elementuak ondo antolatu behar dituzu nahasketan: panoramika banatu ezker-eskuma, ez eman protagonismo handia ezeri, osotasunak eduki zezan indarra... Horrek ekartzen du elementuek elkarren artean borroka egitea espazioaren bila eta kantuak indarra irabaztea».

Aurreko lanetan bezala, errepideko rock amerikarrak leku handia du Mississippi-n, baina gitarra akustikoarekin egindako lana dadiskoaren aurrerapausoetako bat. «Lehen ez nekien nola jo bluesa, baina urte hauetan nire aurrerapenak egin ditut gitarrarekin, eta ikasi dut afinazioak daudela...». Hala ere, Elvis Presley, adibidez du diskoko kanturik gogokoena. «Sun Recordsen izpiritua jaso nahi nuen: Gretchs gitarraren soinu berezia, erritmo bat, eta abeslari moduan kantuak eskatzen zidana eman kantuari, Elvis Presleyri ezin baitzaio edozein modutan abestu. Nire asmoetatik hurbilen geratu den kantua da».

«Ibaian behera ditut begiak ipinita, urak nora doazen badago jakitea, bide luze bat egiteko oraindik», abesten du Bide luze bat kantuan. «Iraupen luzeko korrikalariaren ikuspegia dut, eta pentsatzen dut oraindik helmuga urruti dagoela. Mississippi-n zerbait garrantzitsua egin dugula uste dut, eta gustatuko litzaidake gauzak arinago joatea, baina musikaren egoera ikusita eta gu denok 40 urteren bueltan gabiltzala eta geure ardurak ditugula kontuan hartuta... ondo, oso pozik nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.