Beste urte batez, antzerki laburren gidoiak saritu dituzte Cafe Bar Bilbao tabernan. «Gidoilariak lanean jartzeko aitzakia bat saria. Askotan konturatzen ez garen arren, antzerkigintzako arlo garrantzitsuena da gidoia, eta hori babestu beharreko zerbait da». Mikel Martinez Tartean Teatroa konpainiako kideak hainbat alditan esan du halakorik azken urteko sari banaketetan; hemeroteka da testigu. Hain zuzen, gidoiak nabarmentzeko lehiaketak 22 urte bete ditu aurten, eta, iragarri dutenez, Markos Goikolea izan da irabazlea euskarazko gidoien artean. Gaztelerazko testuetan Kepa Ibarraren lana nabarmendu dute. Eta bada aitortza gehiago ere: aurten beste sari bat gehitu dute, EITBk babestutakoa: Euskarazko soinu fikzioko gidoi laburrik onenarena. Idoia Garzes izan da horren irabazlea.
Testuen maila nabarmendu nahi du epaimahaiak, haien ustez «oso zaila» izan baita erabakitzea aurtengoan, «kalitate handiko testu asko zeudelako». Patxo Telleria eta Getari Etxegarai izan dira euskarazko antzerki testuen epaileak. Gaztelerakoetan, berriz, Jokin Oregi eta Mikel Martinez ere gehitu zaizkie Telleriari eta Etxegarairi. Berrogei gidoi aurkeztu dituzte sariketara, haietatik hamasei euskaraz. Egileei dagokienez, soilik zazpi izan dira emakumezkoak. Goikoleak eta Ibarrak 750 euroko saria jaso dute, eta Garzesek, berriz, 1.000 eurokoa. Horrez gain, Goikoleak aukera izango du bere lana Lautan3 jaialdian interpreta dadin.
Goikoleak Destiny driver antzezlanaren testuarekin bereganatu du lehen postua euskarazko sailean. Egileak honela deskribatu du gidoiaren abiapuntua: «Destiny driver XXII. mendean kokatua da, eta bi pertsonaren arteko zita batetik abiatzen da istorioa. Destiny driver izeneko software baten laguntzaz, pertsonek erabakiak hartzeko erraztasunak dituzte, eta, horrenbestez, haien etorkizuna nahi duten moduan bideratzeko aukera dute». Egilearen ustez, bere antzezlana etorkizunaren kolonizazioaren inguruko hausnarketa bat da. Softwareak etorkizuna moldatzen duen modura, Goikoleak uste du gaur egungo botere sistema bakoitzaren etorkizunaren jabe dela, alternatibarik gabe. «Zer gertatuko da datorkiguna irudikatzeko gaitasuna elite teknologiko baten esku uzten badugu?».
Ez da Goikoleak jaso duen lehen saria. 2023an, Donostia Kulturak antolatutako Antzerkigintza Berriak programan parte hartzeko aukera izan zuen, epaimahaiak aukeratuta. Urte berean, Euskaltzaindiaren Lautan3 saria jaso zuen, eta, horren ondorioz, iazko otsailean Beren izenez lana aurkeztu zuen.
Bigarren aldiz sarituak
Ibarrak bigarren aldiz irabazi du gaztelerazko saria. 2002. urtean bereganatu zuen lehen aldiz, Gabriel-Gabrielle antzezlanari esker. Orain, berriz, La isla oxidada izan da haren gidoi saritua. «Ozeano handi batean, uharte bakarti batean, bi herritar bizi dira, naufragio emozionalerako inolako tarterik gabe», esan du Ibarrak. Egilearen ustez, aberastasunaren eta pobreziaren artean sostengu bat bilatzen dute bi naufragoek. Ipuin fantastiko bat da antzezlana, eta bi protagonistak oso kontraesankorrak dira haien artean. «Azken soka bati helduta, iruzurrezko zeru batetik iritsi zaie azken itxaropena».
Aurtengo sari berria EITBk babestu duenez gero, irabazlearen gidoiaren eskubideak telebista eta irrati katearentzat izango dira; etorkizunean podcast bat egin nahiko balute, izango lukete horretarako aukera. Garzesek ere bigarren aldiz irabazi du Cafe Bar Bilbao saria. Aurrekoan, 2014an, euskarazko sailean gailendu zen, Buruaz norbere egin testuarekin. Aurtengo lanari Goiuri, arazo bat dugu deitu dio, eta nolabaiteko antzekotasunak ditu Goikolearen antzezlanarekin. Izan ere, Goikolearenaren antzera, Garzesen istorioa ere testuinguru futurista batean gertatzen da: 2057. urtean girotu du, zehazki. «Eta urruneko galaxia batetik euskaraz hitz egiten dizun mezu bat jasoko bazenu?», galdetu du Garzesek. Galdera horri tiraka sortu du antzezlana, non, haren hitzetan, «EAE Euskal Agentzia Espazialeko astronauta bat den protagonista». Mezua nondik iritsi den eta zer helbururekin datorren ikertu beharko du.