Josu Larrinaga. Soziologoa eta EHUKo irakaslea

«Marko estetikoaz gain, bizitzeko marko bat ere sortzen du musikak»

Musikarako duen zaletasunak musikaren eta gizartearen arteko harremanak ikertzera eraman du Josu Larrinaga 'Ttakun eta scratch. Euskal pop musikaren hotsak' doktore tesian.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Pop musikak —hitzaren adiera zabalean harturik, kantagintza, punk musika, rock musika eta abar barnean hartuta— azkeneko 50 urteetako Euskal Herrian nazio identitatearekin eta gizarte eraldaketarekin izan dituen harremanak aztertu ditu Josu Larrinaga EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultateko irakasle eta ikerlariak (Sodupe, Bizkaia, 1964) Ttakun eta scratch. Euskal pop musikaren hotsak. Nazio-identitatearen birdefinizioak eta disidentzia kulturalak euskal gizartearen eraldaketan doktore-tesian. Iñaki Barcena izan du tesi zuzendari, eta urtarrilaren 31n egin zuen tesiaren defentsa EHUren Leioako campusean (Bizkaia), arrakastaz egin ere.

Hasteko, zehaztu behar da izenburuan pop musika aipatzen duzunean ez zarela soilik poperoa deitzen den estiloaz soilik ari, esparru zabalago bati buruz baizik.

Bai. Izenarekin beti izan dugu zalantza hori, baita UEUn gaiaren inguruan antolatu ditugun ikastaroetan ere. Musika popularraren zentzuan erabiltzen dut pop musika. Ez da herri musika edo musika tradizionala, baina bai hortik abiatzen den guztia. Mixel Labegerierekin eta Ez dok Amairurekin hasita Euskal Herrian egin den musika popularra.

Izenburuarekin jarraituz, zergatik ttakuna eta scratcha?

Azken unean esan zidan Iñakik [Barcena] izenburu bat pentsatu behar nuela, eta di-da etorri zitzaidan burura hori. Txalapartarena bitxia da. Euskal pop musika aztertzen hasi nintzenean, jabetu nintzen Alan Lomax etnomusikologo estatubatuarrak Euskal Herrian egin zituen grabazioetan ez dela txalaparta agertzen; tobera bai, baina txalaparta ez. Baina gero Ez dok Amairurekin sortzen den mugimendu teluriko handiaren sinbolo argia da. Batetik, arkaikoa da, edo arkaikotzat jotzen da behintzat; bestetik, modernoa, Artze anaiek musikari abangoardistekin jo eta grabatu baitzuten txalaparta. Scratcha, berriz, pop musikaren barruan elementu garrantzitsu bat da 90eko hamarkadan: rapa, hip hopa, Negu Gorriak…

Ttakunaren eta scratcharen artean kokatzen duzun musika horrek, tesian diozunez, lotura estua du «etnogenesi kontrakulturala» deitzen duzunarekin.

Antropologian, soziologian eta historian etnogenesia hitza erabiltzen da, etnia eta etnizidade kontzeptuekin lotuta, nahiz eta hemen, Euskal Herrian, ez den hitz hori asko erabiltzen, eta Espainian ere ez. Etnizitatea identitate nazionala edo antzeko zerbait izango litzateke. Etnogenesia da identitate etniko edo identitate nazionalak sortzea edo birsortzea. Hemen 60ko hamarkadan gertatu zena etnogenesi bat da, eta nik esaten dut etnogenesi hori kontrakulturala dela.

Zergatik?

Kontrakultura, herri kultura, pop kultura… Horretan ere sekulako saltsa terminologikoa dago. Theodore Roszak historialariak zabaldutako hitza da kontrakultura, eta, nire ustez, badu bere pisu zientifikoa ere. Nik uste dut 60ko hamarkadan hasi eta ia-ia gaur arte irauten duen mugimendu hori esplikatzeko baliagarria dela hitz hori, kultura ofizialaren zutabe asko kolokan jartzen saiatu delako: genero sistema, sexuari buruzko ikuspegi itxia… Kontrakotasunaren eta intsumisioaren loraldi handi bat izan zen.

Labegerie, Ez dok Amairu eta gisakoen ostean, punk mutazioa deitzen duzunak indartu zuen etnogenesi kontrakulturala; paradoxa badirudi ere, kontra eginezindartu.

Honelako fenomeno kulturalak ikuspegi epidemiologiko batetik ikertzeko proposamena egiten dute hainbat teorialarik, mutazioen bidez indartzen eta birsortzen direlako. Egoera sozial gogor bat egokitu zen 80ko hamarkadaren hasieran, eta orduan musikari punk bilakatzea zegokion, eta punk bilakatu zen. Ez dok Amairuren ondoren, hasieran, kantautoreak, Pako Aristik esan zuen moduan, «txanpinoiak» bezala ugaldu ziren. Baina horrekin batera, folk taldeak ere agertu ziren, eta baita rock sinfonikoa edo rock progresiboa egiten zutenak ere. Egia da talde gehienak —Itoiz izan zen salbuespen nagusia— ibilbide laburrekoak direla, baina oso fenomeno interesgarria dira, oso gutxi ikertua. Instituzionalizazioak ere izan zuen beharbada zerikusirik horrekin. Elena Lopez Agirrek dioenez, 1983an euskal musikako oso disko gutxi argitaratu ziren. Urte haietan Espainiako kultura alternatiboan CTari buruz hitz egiten zen, Trantsizioaren Kulturaz, eta horrek ere izan zuen oihartzunik eta eraginik hemen. Baina gero agertu ziren Hertzainak eta denak jarri zituzten dantzan.

Punk taldeekin batera izan zen besterik ere, pop musika gisa ezagutzen denetik gertuagokoa…

Bai. Hemen egon da musika hori, eta egon da, gainera, mainstream moduko bat, baina zentzu onean. Pop hori beti mantendu zen. Itoiz oso indartsu zegoen urte horietan. Arrakasta betean zela desegin ziren, nahi izan zutenean. Jotakiek ere indarra izan zuen garai hartan, eta Fran Iturbe, Jotakien ibili eta gero, Bide Ertzean taldearekin aritu izan da… Eta Ruper Ordorikak ere hor kokatu du bere ibilbidea neurri batean, batzuetan folkiago, besteetan rockeroago… Eta Hertzainak taldekoek ere popera jo zuten neurri handi batean…

Gizarte aldaketa prozesu horrek guztiak «kemena eta bultzada» galdu ditu azken urteetan, tesiaren sarreran diozunez, eta baita pop musikak harekin zuen harremanak ere.

Bitxia bada ere, egoera ekonomiko anker hori —industria pikutara doa eta lana betiko izateko ustea galtzen da— gainditu zenean, egoera ekonomikoa aldatu eta lana sortzen hasi zenean —pop musika bera ere lanpostuak sortzen hasi zen—, eta azken 20 urteetan bizi izan dugun kontsumismoaren eztandan sartu ginenean, mundu osoko pop musikan eztanda hedonista bat gertatu zen. Egia da hip hopak mantentzen duela bestelako jarrera bat, afroamerikarren artean behintzat, zentzu kontrakultural bat, baina hip hopa ere gangsta-rap bilakatzen da askotan… Oro har, pop musika diskotekako musikarekin, technoarekin eta housearekin nahasten da… Azalean berniz edo margo kapa borroka edo kontrakultural bat baldin badu ere, musika ospatze hedonista bat bilakatzen da. Hitz egiten da krisiari buruz, gizarte gaiei buruz, baina funtsean azpitik dagoena hedonismoa da. Munduan zehar rave kultura zabaldu zenean, hemen txosna kultura zabaldu zen. Badira fenomeno indartsu batzuk, hala nola Bidehuts zigiluarena adibidez, baina oro har hor galtzen da nik irekiera sinbolikoa deitzen dudana. Musikak berriro ere islatzen du, nire ustez, gizartean gertatzen dena. Etnogenesi kulturalaren agente izan den mugimendu sozial zabal eta plural horren egoerak gaur egungo egoera islatzen du.

Gizartearen egoera eta aldaketa sozialak islatzeaz gain, pop musikak batzuetan egoera horretan «performatu» ere egin duela diozu, «aurreikusi,erraztu, bideratu, moldatu…».

Musikak marko estetiko eta kultural bat sortzen du, baina bizitzeko marko bat ere bai, egoteko, izateko eta identitate kolektiboa eratzeko marko bat. Horregatik, batzuetan ez dago argi esaterik pop musikak hemen gertatu diren aldaketa sozial batzuk islatu egin dituen edo performatu.

Jon Juaristiren «Nuestros padres mintieron» esaldia («Gure gurasoek gezurra esan zuten») gezurtatu egiten duzu; zuk diozu; «gure gurasoei harrotu gintzaizkien, horixe da dena», diozu.

Nik uste dut Jon Juaristik dioena gezur biribila dela. Hemen gertatutakoa belaunaldi kontu bat zen, eta gazte jendearen mugimendu bat zenez izan zen izan zen bezalakoa: telurikoa, milenarista, irrazionala ere bai neurri batean… gaztaroaren ezaugarri guztiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.