Burbuila literarioa». Ekonomia gidaliburuetatik hartua dirudien kontzeptu horrekin egin du egungo literaturaren diagnosia Ramon Saizarbitoria idazleak (Donostia, 1944). «Idazketaren inguruan industria bat sortu da azken hamarkadetan, baita burbuila bat ere, eta orain burbuila horren krisian gaude». Luzea da gaitzen zerrenda idazlearen ahotan: salmentek gobernatzen dute dena, ikaragarri laburtu da liburuen bizitza epea, mundializatu egin da merkatua, oso handi bilakatu dira handi ziren argitaletxeak, marketinak gidatzen du irakurlearen irizpidea... Gurpil zoro bat da, liburu denda erdian: «Sendagaien industriak gaixotasunak sortzen ditu kasik sendagaiak saltzeko, eta literaturan ere irakurleak sortzen zaizkie liburuei». Eta ordenarako buelta bat proposatu du horregatik. Bilboko Bidebarrieta liburutegian aritu zen herenegun hizlari, Eztabaidak literaturarekin hitzaldi sortako lehen saioan. Ramiro Pinilla idazlea izan zuen ondoan (Bilbo, 1923), etakritikarako aitzakia ematen zuen gaiak: Literaturaren etorkizuna Euskal Herrian. «Espero dut etorkizuna ez dela hain zoroa izango».
Ez zen alarma hots handiegirik izan hitzaldian, halere. Literatur industriaren bekatuak gorabehera, argi azaldu zuten beren iritzia bi idazleek: literatura ez da desagertuko. Saizarbitoriak eman zuen lehen kolpea: «Ez gaude arriskuan. Beti egongo dira idazleak idazteko nahi edo beharrarekin, eta beti izango dira irakurleak irakurtzeko nahi edo beharrarekin. Eta beti aurkituko dute topaguneren bat». Eta ildo beretik jo zuen Pinillak gero. «Literatura salbu izango da idazten dabilen idazle bat dagoen bitartean». Literaturaren minimoak ere zerrendatu zituen bilbotarrak: «Oso gauza gutxi behar dira idazteko. Bokazioa, zuloa, koadernoa, kandela eta arkatza. Ez da gehiago behar. Horrekin salbu da literatura». Eta horregatik idazle gazteentzako aholkua: «Literatura ez da negozio bat. Editorea da salmenten menpe dagoena, ez idazlea. Idazleak ez luke literaturaz bizi behar. Bilatu behar luke beste lan bat. Hala, bere literatura librea izango da».
Idazletzaren marketina aipatu zuen Saizarbitoriak. «Sozialki desiragarria bilakatu da idazle izatea. Historian ia inoiz ez da halakorik gertatu, nik uste. Gazteek idazle izan nahi izan dute, eta idazle gisa bizi nahi izan dute, zineman erakutsitakoaren arabera. Beti bidaiatzen, noizbehinka paper hautsiren bat zakarrontzira botatzen, whiski bat edaten, Toscanan etxe batekin... Idealizatu egin dute idazlearen figura». Bestelakoa zen lehen idazlearen irudia, Saizarbitoriaren hitzetan. «Ramiroren garaian eta nirean oso ezberdina zen. Idazlea ez zen bidaiaria. Kontrakoa. Mahaiari lotuta egoten zen norbait zen guretzat». Esfortzuaren defentsa egin zuen donostiarrak horregatik. Idazlearen esfortzuarena, eta irakurlearena ere bai.
Esfortzuaren defentsa
«Gaur egun erraztasun handiegiz esaten dugu zerbait aspergarri egiten zaigula. Esfortzua egin behar da». Klasikoen alde egin zuen Saizarbitoriak, baita nekearen alde ere. «Niri nobelak gustatzen zaizkit. Astun izatea gustatzen zait, gainera, eta, azkenean, bi idazle baditut, ba bi idazle izango ditut. Baina nirekin izango ditut, eta jasan egingo dutenak. Eta irakurle gisa berdin gertatzen zait. Erabat jartzen naiz irakurtzera. Ez zait axola zenbat ordu beharko ditudan, edo urtean zenbat liburu irakurriko ditudan». Horixe Saizarbitoriak deskribatutako ideala, eta bromazalea bere azalpena. «James Joycek esaten zuenez, berak liburua idazteko zortzi urte behar izan bazituen, irakurleak, gutxienez, hiru har zitzala irakurtzeko!».
Entzuleen galderen aurretik idazle gazteei buruzko iritzia eskatu zien Saizarbitoria eta Pinillari Txani Rodriguez idazle eta moderatzaileak. «Zer pentsatzen duzue haiei buruz?». Euskal literatura oso garai onean dagoela Saizarbitoriak, eta interesgarria dela azken urteetako «feminizazioa». Irakurle kluben lana txalotu zuen, euskal irakurlearen esfortzu maila goraipatu. Labur Pinillaren erantzuna. Pausaz bota zuen hitz bakoitza. «Zer uste dudan idazle gazteei buruz, bada, nik pentsatzen dudana da inbidia ematen didatela». Isiltasuna gero. Begirada Saizarbitoriari. Eta entzuleen barreak.
Marketinez puztutako literatura
Merkantilizazioa da, Ramon Saizarbitoria eta Ramiro Pinilla idazleen ustez, egungo literaturen arazo nagusietariko bat, baina Bilbon eskainitako hitzaldian esperantza azaldu dute: literatura ez da desagertuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu