Javier Zamora politologoak Brillar para existir liburuan ederki azaltzen du neoliberalismoaren doktrinak, ekonomiaren ulerkera baldintzatzeaz harago, enpresen zeregina eta, azken buruan, norbanakoena ere nola moldatu zuen. Indibiduoa da oinarri eta merkatua gizartearen erregulatzaile nagusi, enpresen egiteko behinena akziodunak asetzea da, eta langileari dagokio giza kapitalean inbertitzea, enplegagarri izatea.
Korapilo berean lotzen ditu sare sozialak eta marka pertsonala ere, eta liburuko une batean personal branding delakoaren guruen gomendioak xehe-xehe aztertzen ditu. Bakoitza norbere bizitzako CEOa den garaiotan, lehiakideen artean gailentzeko gakoak benetakotasuna eta nortasun propio bakan eta berdingabea omen dira. Ezinbestekoa da, hortaz, ezaugarri bereizgarriak identifikatu eta merkatu nitxo baliokide bat topatzea, baita ezagutarazteko erreminta egokienak baliatzea ere. Anbizioa, lehiakortasuna eta pasioa ezinbestekoak dira, noski. Introspekzioa da bidea zeure burua ezagutu —marka zehaztu— eta onena —kalitatezko edukia— emateko. Espiritu ekintzailea behar duzu, egoera aldakorretara egokitzen abila izan, sare sozialak menderatu. Eskaintzeko duzuna ezin da produktu huts izan, esperientzia bakana behar du, erakargarria eta desiragarria. Helburu behinena: kontsumitzaileek marka sustatu eta defendatzea, marka komunitatea delakoa osatzea.
Horiek adituen gomendioak. Zamorak dio marka pertsonalarena ez dela enplegu bat lortzeko bide bat soilik, egonkortasun existentziala ere ematen duela prekaritatea orokortua den garaiotan. Norbere biziaren ardura indibidualizatu den honetan, biziraute estrategia bat dela, kontrola berreskuratzeko modu bat. Kontuok irakurtzen nituelarik, Mitoaroa zetorkidan burura etengabe. Autoezagutza ariketa baten ostean, topatu baititugu gure herriaren elementu bereizgarriak —joaldunak, momotxorroak—, eta sortu dugu ikuskizun paregabea. Tira, lehen pertsonaren pluralean ari naiz, baina Zetak-ek egin du, Pello Reparazek, inork egitekotan. Sortu du marka, baita marka komunitatea ere. Gimnasioz, coach-ez, estetika eta terapia zentroz mukuru den lurralde batentzako narratiba, euskal identitate bat neoliberalismoaren subjektuarentzat.