Nola zabaldu euskal kultura. Nola transmititu belaunaldi batetik bestera, eta nola transmititu gaur egun ere. Sortzailetik publikorako bidea nola egin. Euskal kulturaren transmisioan zerbaitek huts egiten duelako. Aldez edo moldez, ados datoz horrekin Josu Amezaga, Leire Palacios, Estitxu Garai, Lander Garro eta Gaizka Aranguren, Jalgi euskal kulturaren plaza ibiltariak komunikazioaz hitz egiteko atzo elkartutako bost lagunak. Bostak kulturari eta komunikazioari lotutakoak.
«Euskal kulturari ikusten diodan arazorik handiena transmisioa eta zabaltzea da». Josu Amezaga EHUko irakasleak adibide baten bidez ekarri du azkeneko urteotan izandako etena azaltzeko gakoetako bat. 20 urteren bueltan dabiltzan seme-alabek gurasoen bitartez jaso zuten euskal musikaren berri. 14 urtekoak zer entzuten duen, berriz, ez daki. «Lehen agente batzuk zeuden, baina berriak sortu dira, Interneteko bilatzaileak eta kultura digitalari lotutakoak. Espazio handia hartu dute, eta arazo bat sortu da denbora laburrean. Facebook, Youtube... bilakatu dira kultura hedatzeko tresna ikaragarriak. Lehengo agenteak lurraldeari oso lotuak zeuden. Berriak, ez».
Horrek ekarri du erreferentzialtasun falta bat, baina «euskal imajinario propio» baten gabezia bestelako faktoreen menpe ere jarri du Gaizka Aranguren kazetariak: «Gure imajinarioa elikatzeko eta garatzeko ezintasun handia dugu. Eta erreferente komunik ez badugu, kanpora goaz, normala den bezala».
Euskal kulturak, herri edo nazio baten kulturak, erreferente «on edo txarrak» behar ditu, Arangurenen iritziz. «Begira zer gertatzen den Alemanian. Hitler. Erreferente txar bat da, baina, izan, bada. Hartaz hitz egin dezakete, eta hori aski da». Euskal Herrian, eta kulturan zehazki, ordea, erreferente horiek izendatzeko ere zailtasunak daudela iritzi dio. «Pentsa, gure herriari izen bera emateko ere ez gara gai».
Marka bat sortu beharra
Publizitate irakaslea da Estitxu Garai, eta badaki zer den marka bat sortzea. Eta euskal kulturak marka behar duela uste du. «Zertaz ari gara markaz ari garenean? Ez logotipo batez. Suedia kontzeptua entzun edo irakurri, eta ideia batzuk etorriko zaizkigu burura. Eta euskal kultura entzutean? Zertan pentsatuko du gazte batek?». Frankismo ondorengo urteetan euskal kultura alternatiboa izan zitekeen eremu batekin lot zitekeela uste du Garaik, baina euskararen instituzionalizazioarekin eta hezkuntzan egindako garapenarekin hori aldatu egin dela. «Gaur egun, euskara da eskola».
Marka hitzak izan dezakeen konnotazio txarra ikusita, haren alde positiboak nabarmendu ditu Garaik, eta baita «modu horizontalean» eraikiak izan behar dutela gaineratu ere: «Herritik sortu behar dira, eta izan behar dute integralak eta koherenteak».
Oso egoera prekarioan. Horrela ikusten du Garaik komunikazioaren esparrua. Baina sortzailean jarri du fokua: «Mentalitate aldaketa behar da. Neketsua da sormen lana; ahalegin handia jartzen da produktuan, eta gero ez dugu baliabiderik zabaltzeko. Hasieratik pentsatu behar dugu zabalpenean».
Bestelako ikuspegi bat du Lander Garro idazle eta kazetariak, eta, komunikazioari garrantzia emanda ere, uste du euskal kultura «aurrera ezin eginda» dabilela. «Gu gara gure jardunaz aritzen garenak. 50 urte daramatzagu zirkulu amaigabe batean. Sortzaile eta epaile izaten. Ezin aurrera egin batean». Arrazoi politikoei begiratzen die horren azalpena ematean: «Bi estatu ditugu gainean, kultur sistema eraginkor bat sortzeko eskubidea ematen ez digutenak. Eta horrek ekartzen digu fenomeno gaizto eta pozoitsua».
Hori ikusita, kultur sistema indartsu bat sortu ordez euskal kultura sakabanatu egin dela iritzi dio Garrok. «Eta sakabanaketak dakar indar puskatzea, zeinarekin ezin dugu aurrera egin».
Kultur sistemaren beraren prekaritatea nabarmendu du Leire Palacios kazetariak. «Sortzaileek ez dute baldintza egokirik sortzeko, euskal hedabideak diru laguntzekin elikatzen dira… Kultura bat aurrera eramaten ahalegintzen gara, baina gauza askok alde egiten digute; askotan, alde administratibotik». Eta eremu administratibo horretara jo du berriro ere Arangurenek: «Eremu komunikatibo propioa izateko eremu administratibo propioa behar dugu. Eta ez dugu».
Marka eta eredua aurrera egiteko
Euskal kultur sorkuntzaren transmisioak eta komunikazioak oztopo ugari dituztela ondorioztatu dute Jalgi euskal kulturaren plaza ibiltariak Amurrion antolatutako jardunaldi eta mahai inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu