Marisa Paredes aktore espainiarra gaur goizaldean hil da, Madrilen, haren ingurukoek jakinarazi dutenez. 78 urte zituen, eta haren heriotza bat-batekoa izan da.
Espainiako aktore ezagunenetakoa izan da Paredes, eta herrialde hartako Zinema Akademiako presidentea ere izan zen 2000. eta 2003. urteen artean.
Paredes 1946an jaio zen, Madrilen, eta antzerkian egin zituen lehenengo urratsak interpretazioan. 1960ko hamarkadan, zinemarako eta telebistarako lehenengo lanak egin zituen, eta 1980ko hamarkadan iritsi zitzaion errekonozimendua, besteak beste, Las bicicletas son para el verano (Jaime Chavarri, 1984) eta Entre tinieblas (Pedro Almodovar, 1983) filmetan egindako lanagatik.
Hain zuzen ere, Almodovarrekin egindako filmei esker, oso aktore ezaguna bilakatu zen hurrengo urteetan. Tacones lejanos (1991) eta La flor de mi secreto (1996) lanetako protagonista izan zen, eta zuzendari espainiarraren Todo sobre mi madre (1999), Hable con ella (2002) eta La piel que habito (2011) filmetan ere parte hartu zuen.
Arturo Ripsteinekin (Profundo carmesí, 1996), Roberto Benignirekin (La vita è bella, 1997) eta Guillermo del Tororekin ere (El espinazo del diablo, 2001) lan egin zuen.
Espainiako Zinematografia Sari Nazionala jaso zuen 1996an, eta Ohorezko Goya saria 2018an.