Euskarara itzuli dute Mario Vargas Llosa 2010eko Literaturako Nobel saridunaren (1936, Peru) Pantaleon eta bisitariak nobela. Santi Leone historiako doktoreak euskaratu du idazlearen lan ezagunenetakoa, AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Jokin Zaitegi itzulpen saria irabazita. Nobel saridunaren fikziozko seigarren lana izan zen itzulitako nobela, eta arrakasta gehien izan duena, Vargas Llosa beraren esanetan.
Amazonian bakarturik dagoen Peruko armadaren inguruko narrazio umoretsua kontatzen du Vargas Llosak nobelan. Senaren indarrak bultzatuta, armadako kideak inguruko emakumeak bortxatzen hasiko dira, eta, egoera horri aurre egiteko, Pantaleon Pantoja kapitainak bisitariak izeneko prostituta talde bat kontratatuko du. 1973an idatzi zuen nobela Vargas Llosak, eta polemika handia sortu zuen Latinoamerikan. Nobel saridunak bere garaian azaldu zuenez, «hasieran, istorioa modu serioan kontatzen saiatu nintzen, ezinezkoa zela konturatu arte. Esperientzia horrek askatu egin ninduen, eta literaturak umorerako eta jolaserako ematen dituen aukerak aurkitu nituen».
Leonerentzat ez da lan erraza izan Nobel saridunak istorioa kontatzeko duen estiloa eta Peruko hizkera berezia euskaratzea: «Itzulpenerako ez da nobela ona. Vargas Llosak Peruko gaztelera erabiltzen du, bertako hitz asko txertatuz; erne egotera behartzen zaitu nobelak, batez ere estiloari dagokionez».
Nobelaren satira eta burla tonuari eusteak ere lana eman dio Leoneri. «Narrazioaren hariari jarraitzea ez da erraza izan, kontaketak ez baitu narratzailerik; elkarrizketa, dokumentu eta eskutitzekin dago osatua, besteak beste. Horrez gain, Pantaleon liburuko protagonistak erabiltzen duen hizkuntza txepela bere horretan itzultzea bereziki zaila izan da niretzat. Esate baterako, sexuaz ari denean, eufemismoak azken mugaraino erabiltzen ditu, capacidad marital edota acto sodomita bezalako adierak erabiliz».
Peruko oihanean erabiltzen diren hitzak modu ulergarrian itzultzen saiatu da Leone: «Zenbait pasartetan, esaldien sintaxia Amazoniako oihana bezalakoa da, oparoa eta joria. Hasieran, hitzen bat edo esamolde bat ulertzen ez nuenean, beste hizkuntzetako itzulpenak begiratzen nituen, baina konturatu nintzen bakoitzak bere interpretazioa egiten zuela, eta hala egin dut nik ere. Horregatik, timbuche (arrain zopa) edota paiche (arrain mota)bezalako adierak bere horretan utzi ditut».
Zailtasunak zailtasun, gustura itzuli du nobela Leonek: «Bereziki eskerrak eman nahi dizkiot Fernando Rey itzultzaileari, bere laguntzari esker itzulpengintzaren alde onak ikusi ditudalako. Liburuak itzultzea lan erraza dela pentsarazi zidan Reyek, eta, azkenean, erraza edo ez, zoriontsu izan naiz lan hau egiten».
Nobela garaikidea
Vargas Llosak Nobel saria iaz jaso zuen, baina duela 40 urte idatzi zuen Leonek itzulitako nobela. Dena den, itzultzailearen esanetan, orainari eutsi dio liburuak: «Vargas Llosaren lanak armada bezalako erakundeetan dagoen hipokrisia salatzen du umorea eta satira erabilita. Gaur egun aurkitu daitekeen egoera sozial baten kritika egiten du fartsaren bitartez».
Bestalde, Tomas Transtromer Suediako idazle eta aurtengo Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko aukera emango du Jokin Zaitegi sariak. Itxaro Artola AED elkarteko ordezkariaren arabera, literaturaren lan esanguratsuenak euskaratzen jarraitzeko asmoa dute, zailtasun ekonomikoei aurre eginez.
Mario Vargas Llosa Nobel saridunaren 'Pantaleon eta bisitariak' euskaratu dute
Santi Leone historiako doktore eta ikerlariak itzuli du Peruko idazlearen nobelarik arrakastatsuena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu