Literatura

Mario Vargas Llosa idazlea hil da

Idazle perutarra gaztelaniazko literaturaren erreferente garrantzitsuenetakoa izan zen, baita 1960ko hamarkadan Latinoamerikan sortutako egile sortaren ordezkari laudatuenetako bat ere. Azken urteetan neoliberalismoaren defendatzaile sutsua bilakatu zen.

Mario Vargas Llosa, 2023an, Guadalajaran (Mexiko). FRANCISCO GUASCO / EFE
Mario Vargas Llosa, 2023an, Guadalajaran (Mexiko). FRANCISCO GUASCO / EFE
mikel lizarralde
2025eko apirilaren 14a
08:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Mario Vargas Llosa idazlea atzo hil zen, Liman, 89 urte zituela, haren seme-alabek jakinarazi dutenez. 1936an jaioa zen, Arequipan (Peru), eta 1959an argitaratu zuen lehenengo ipuin liburua, Los jefes. Orduz geroztik ez zion inoiz idazteari utzi. Hain zuzen ere, 2023ko urrian argitaratu zuen azken nobela, Le dedico mi silencio, eta horrekin esan zion agur fikziozko lanari. Handik bi hilabetera utzi zion El País egunkarian 1990etik publikatzen zuen zutabea argitaratzeari. Erretiratzera zihoala adierazi zuen orduan, eta urte eta erdi pasatu baino lehen zendu da.

Vargas Llosa izan zen 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izandako loraldiaren ordezkari garrantzitsuenetako bat, besteak beste Gabriel Garcia Marquez, Carlos Fuentes, Augusto Roa Bastos eta Elena Garrorekin batera. Hain zuzen ere, Vargas Llosak Garcia Marquezen lana izan zuen oinarri bere doktore tesia egiteko orduan. 1971n argitaratu zuen lan hura: Gabriel García Márquez: historia de un deicidio izenburupean.

1960ko eta 1970eko hamarkadetan argitaratu zituen Vargas Llosak literatur ospea eman zioten lan inportanteenetakoak: La ciudad y los perros (1962), La casa verde (1966), Conversación en la catedral (1969), Pantaleon eta bisitariak (1973) eta La tía Julia y el escribidor (1977), besteak beste. Hasiera-hasieratik erakutsi zuen hizkuntzarekin eta literaturaren kodeekin jolasteko eta esperimentatzeko nahia. Conversación en la catedral eleberrian, adibidez, hainbat pertsonaiak eleberrian zehar esandakoak tartekatu zituen, eta pertsonaia haien pentsamenduekin nahastu, Gabriel Odria diktadorearen aginte garaia (1948-1956) kontatzeko. Eleberri hura gerora oso ezagun bilakatuko zen esaldi batekin hasten zen: «Noiz izorratu zen Peru?».

Hasiera-hasieratik erakutsi zuen hizkuntzarekin eta literaturaren kodekin jolasteko eta esperimentatzeko nahia

Vargas Llosaren lehenengo liburuek Peruren eta idazlearen beraren iraganari begiratu zioten neurri handi batean. Horixe gertatzen da, esaterako, La ciudad y los perros-en. Idazlearen lehenengo nobela arrakastatsua izan zen hura, eta Latinoamerikako literaturaren boomaren lehenengo adibidetzat ere jotzen dute adituek. Eleberri hartan, ikastetxe militar batean igarotako ikasketa garaiak ekarri zituen gogora idazleak, eta ikasle gazteek jasandako diziplina gogor eta zorrotza kontatu zuen.

2010. urtean Literaturako Nobel saria eman zioten. Hain zuzen ere, Nobel saria irabazi duten idazleen lan bat euskaratzea xede duen Zaitegi saria jasota, Santi Leonek euskaratu zuenPantaleon eta bisitariak, eta Elkar argitaletxeak eman zuen argitara 2011n. Nobela hori besterik ez dauka Vargas Llosak euskaraz. Idazlearen lana aztertu duten kritikarien arabera, Vargas Llosak beste fase bati eman zion hasiera Pantaleon eta bisitariak idatzita, 1973an. Ordura arte politikak eta kezka sozialek hartzen zuten lekua haren obran, eta bai lan harekin, bai La tía Julia y el escribidor liburuarekin (1977), umoreari tarte nabarmenagoa utzi zien.

Vargas Llosaren literatur lanak oihartzun handia izan zuen hasieratik, eta horren erakusle da haren liburuetan oinarritutako film ugari daudela. Besteak beste, hauek eraman dituzte zinemara: Los cachorros (Jorge Fons, 1973), La ciudad y los perros (Francisco J. Lombardi, 1985), La tía Julia y el escribidor (Tune in Tomorrow, Jon Amiel, 1990), Pantaleón y las visitadoras (Francisco J. Lombardi, 1999) eta La fiesta del Chivo (Luis Llosa, 2005). Idazleak berak zuzendu zuen Pantaleón y las visitadoras eleberrian oinarritutako filma, 1975ean.

Eskuinaren ordezkari

Bere literatur lanagatik ez ezik, bere ideia politikoengatik ere nabarmendu zen bizitza osoan Vargas Llosa. 1960ko urteetan militante komunista izan zen, eta sozialismoa Latinoamerika osora hedatzeko nahia adierazi zuen behin baino gehiagotan. Halaxe esan zuen 1967an: «Hamar, hogei edo 50 urteren buruan, gure herrialde guztietara iritsiko da justizia sozialaren ordua, orain Kubara bezala, eta Latinoamerika osoa askatuko da arpilatzen duen inperioaz, esplotatzen duten kastez, eta gaur egun erreprimitzen duten indarrez. Hori ahalik eta azkarren iristea nahi dut nik».

Gerora, ordea, Kubarekiko oso kritiko agertu zen, eta ezkerreko mugimenduetatik aldendu. 1980ko hamarkadan egin zituen lehen urratsak politikan, eta 1984an Fernando Belaunde Terry Peruko presidentearen gobernuan sartzekotan izan zen, baina azken unean ezezkoa eman zion. 1987an, Alan Garcia presidenteak Peruko banka nazionalizatzeko zituen asmoen aurkako protestak gidatu zituen, eta 1990ean Peruko presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu zen, Libertad (Askatasuna) mugimenduaren buru zela. Faborito argitzat jotzen zuten Vargas Llosa, baina Alberto Fujimorik irabazi zituen hauteskundeak, eta hark eskuratu zuen herrialdeko presidentetza.

Euskal Herriko politikan ere esku hartu zuen, eta bi aldiz izan zen Iruñean, 2015ean eta 2019an, UPN eta Navarra Suma plataformaren aldeko botoa eskatzeko

Orduz geroztik, askatasun indibidualen eta neoliberalismoaren defendatzaile sutsua bihurtu zen Vargas Llosa, eta eskuineko alderdi eta politikarien inguruan mugitu zen. Jose Maria Aznar eta Francisco Flores Espainiako eta El Salvadorko presidente ohien lagun min bilakatu zen, eta UPyD alderdiaren aurkezpenean izan zen 2007an. Rosa Diazek sortutako alderdi horren ohorezko patroi izendatu zuten. Euskal Herriko politikan ere esku hartu zuen, eta bi aldiz izan zen Iruñean, 2015ean eta 2019an, UPN eta Navarra Suma plataformaren aldeko botoa eskatzeko. Era berean, Kataluniaren independentzia prozesuaren kontra azaldu zen, eta maiz jardun zen gazteleraren gailentasuna defendatzen ere. 2020an hala laburbildu zuen bere jarrera El País egunkariko zutabeetako batean. «Espainiera, zeina hizkuntza unibertsala baita, gaur egun murriztuta, isilduta, baztertuta dago gutxiengoek hitz egiten dituzten tokiko hizkuntzak direla eta. Espainieraren aurkako kanpaina oraindik ere martxan da Cervantesen sorterri izan zen lurrean».

2021ean, Frantziako Hizkuntzaren Akademiako kide egin zuten Vargas Llosa, eta hainbat intelektualek kontrako iritzia azaldu zuten. Haien iritziz, Vargas Llosa «eskuin muturreko ultra» zen, eta «instituzioa zikintzen» zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.