Mario Onaindiaren euskaltzaletasuna «erreibindikatu» du Manu Gojenolak

'Mariorenak' liburua argitaratu du, lehengusuaren bibliotekari azken puntua jarrita

Manu Gojenola, Mariorenak liburuaren egilea, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2013ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
«Marioren euskaltzaletasuna erreibindikatu, idazle, itzultzaile, pentsalari, filologo gisa. Euskara hizkuntza literarioa gisa aukeratu zuen. Politikak ia dena jaten du Euskal Herrian». Manu Gojenolaren hitzak dira, eta Mario Onaindia lehengusuaz ari da, Mariorenak liburua plazaratu berritan. «Ni lehengusua naiz, hurbilekoa. Haren aita eta gure ama, nebarrebak, hurkoenak. Gure ama, haren lehen maistra Lekeitioko eskolan. Nik egin ezean, inork ere ez zukeen egingo, ezta haren egungo alderdiak ere». Politikak, edo irudi politikoak behintzat, «dena jaten» duela uste du Gojenolak, eta Mario Onaindiaren alderik literario, euskalzale eta heterodoxoena azaldu du lan berrian. Hiria argitaletxearekin plazaratu du, eta Mario Onaindia Biblioteka izeneko saila amaitu dute hortaz. Gojenolaren liburuaz gain, Onaindiak idatzitakoliburu guztiak bildu dituzte —berak sortuak ala itzuliak—, 23 orotara, eta 9 argitaragabeak. Haietako 13 euskaraz dira.

Onaindiak euskararako zaletasuna eta ardura etxetik jaso zuela eta beti mantendu zuela kontatzen du liburuan Gojenolak. Burgosko prozesuaren ostean kartzelan egon zen garaian, 1971tik 1973ra bitartean, «euskal klasiko denak» irakurri zituen, Etxeparerengandik hasi eta 1900era bitarterainokoak. «Mariok ez zuen hizkuntza kontuetan iraultzarik proposatzen, XIX. mendearen hondarretan Arana eta Azkueren eraginez Hegoaldean izan zen etendura gainditzea baino. Euskalkiak hurreratzea ez zuen Mariok askotzat jotzen, euskara berri bat sortu behar zen klasikoen sintaxiaren bitartez. Autoreak aztertu behar direla zioen Mariok, Mogel eta Leizarraga elkarrengandik hurbilago baitzeuden haien euskalkiak baino. Arazo nagusia euskara literarioa sortzea zela, eta ez euskalkiak hurbiltzea».

Euskaltzaletasunak «jarrera naturala» izan behar zuela zioen, «eguneroko gauza, eragin metafisikorik bakoa», Gojenolak kontatzen duenez, «ikasteko pizgarriak eman behar zirela uste zuen, baina politizatu gabe; horregatik, garai batean ez zitzaion gustatzen AEK eta HABE bultzatu beharrean batzokietan euskaltegiak zabaltzea». Euskara «borroka politikotik atera» behar zela zioen, eta «arlo zientifikora» eraman. «Mariok esaten zuen, HABE eta AEKren artean eztabaidak puri-purian zeudenean, HABEri dirua eman behar bazitzaion ez zedila izan AEKri kenduta, baizik eta Guggenheim museoari kenduta».

Beste bost ale bilduman

Gojenolak «miresmen hunkituaz» idatzitako Onaindiari buruzko liburuaz gain, Onaindiak berak idatzitako beste bost liburu aurkeztu ditu Hiria argitaletxeak, idazlearen bibliotekaren sailari amaiera emanez. Horietako hiru iaz argitaratu zituzten, eta hirurak dira Onaindiak egindako itzulpen lanak. Judith Kerrek 1971n idatzitako Hitlerek untxe arrosa lapurtu zuenean liburuak Hitler boterera heldu eta familia judu batek Alemanian sufritzen duena kontatzen du. Egileak berak neskatoa zela bizi izandakoa kontatzen du. Hector Hugh Munro Saki-k (1870-1916)idatzitako Bakerako jostailuak ipuin liburua ere euskaratu zuen Onaindiak. Hamahiru ipuin dira, «giro iluna eta tristea» dutenak, Gojenolaren hitzetan. «Ipuin laburren maisutzat jo izan da. Viktorianismoko klase ertainak oso ondo deskribatu zituen, haien tontakeria eta lege sozialekin. Umore garratza eta ironikoa zerabilen. Borgesi asko gustatzen zitzaion haren idazkera». Karl Marxen Louis Bonaparteren brumairearen hamazortzia da Onaindiak itzulitako hirugarren liburu aurkeztu berria. 1973an argitaratu zuen lehen aldiz, Lur argitaletxearekin. «Ez da liburu erraza irakurtzeko, baina ondo ulertzen da Mariok egindako itzulpenari esker», zehaztu du Gojenolak.

Zinema, komikia, historia, filosofia eta medikuntza ere interesatzen zitzaizkion Onaindiari, besteak beste. 1970ean Frantzian argitaraturiko Isilik! Medikuntza lana ere itzuli zuen. «Medikuntza liberalaren aurkako lana zen, eta egun gaurkotasun handia du».

2006an Onaindiaren artikulu batzuen bilduma argitaratu zuen Gojenolak, Saioak izenekoa. Artikulu zenbaitek, Euskaldunon Egunkaria-n eta Argia-n idatzitakoek, «ihes egin» zioten orduan, eta orain Saioak 2 alean bildu ditu: Txabi Etxebarrieta, nazio arazoa eta marxismoa, zinema, sukaldarizta, eta beste dira gaiak. Oraindik ere badira argitaragabeko zenbait artikulu, eta horiek ere plazaratu nahi lituzke Gojenolak,Saioak 3izenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.