Marijane Minaberri hil da, haur eta gazte literaturaren aitzindaria

Poemak eman zituen argitara hasieran, eta haurrentzako antzerki lanak eta ipuinak idazten nabarmendu zen gero; atzo hil zen, 90 urte zituela

gorka erostarbe leunda
2017ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Hainbat aldizkaritarako kolaborazioen bidez hasi zuen idazle ibilbidea, poemak eta ipuinak plazaratuz. 1960. urtean, Gure Herria-n kaleratu zituen bi poema: Amañokantua eta Esku miresgarria. Mari-gorri argitaratu zuen1961ean, eta Itchulingo anderea 1963an. 1965ean, Xoria kantari poesia liburua plazaratu zuen. Lan horiek, adituen iritzian, euskal haur eta gazte literaturaren abiapuntutzat har daitezke. Atzo hil zen Marijane Minaberri idazlea, 90 urte zituela. Nafarroa Behereko Banka herrian sortua zen, 1926ko irailaren 7an. Andereño eta Atalki ezizenez ezagun zen.

Hastapenetan olerkiak idatzi bazituen ere, haurrentzako antzerki lanak eta ipuinak idatzi zituen, batez ere. Euskara batuan zein lapurteraz aurki daitezke, esaterako, Sagutxo jakintsua: Sagü txipi jakintsia (1962, Haize Garbia) eta Mitxiñ'en biurrikeriak: Miñiñi'ren gaixtakeriak (1964; Haize Garbia). Biak ala biak frantsesera itzuli zituen Gregorio Eppherrek. 1983an, antzerki lan batzuk bildu eta argitara eman zituen Haur antzerkia bilduman.

Aitzindarietakoa izan zen euskarazko irratigintzan ere. 1960an Parisko Irrati Nazionalak martxan jarri zuen Radio Côte Basque irratian ibili zen, euskarari tokitxo bat uzten baitzioten. Bertsolari saioa egiten zuen han, eta haurren txokoa eta entzuleen disko eskaintza ere lantzen zituen. Gure Irratian eta Lapurdi Irratian aritu zen geroztik. Euskarazko beste komunikabide batzuetan ere kolaboratu zuen: Herria, Gure Herria, Almanaka eta Panpin aldizkarietan, esaterako.

Minaberriren hainbat kantu eta poema belaunaldi gazteagoengana ere heldu ziren 1999. urtean, Oskorri taldeak argitaratutako Marijan kanta zan diskoari esker. Lan horretan oinarrituriko ikuskizuna herriz herri eman zuten Oskorrik berak eta Kukubiltxo antzerki taldeak.

Hiztegigintza ere landu zuen Minaberrik. Manuel Mitxelenaren eta Piarres Lafitten laguntzaz, bi hiztegi landu zituen: Grammaire basque pour tous eta Dictionnaire basque pour tous.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.